Pizarrerías Sarasola

XIX. mendearen bigarren erdian eta XX.aren lehenengoan arbela izan zen Gipuzkoako Itsasondo herrian eragile ekonomiko nagusia, Pizarrerías Sarasola (1873-1971) enpresari eta beste batzuei esker. Gipuzkoako eredu industrializatzailearen adibide garbia izan zen Pizarrerías Sarasola, eta garai hartan probintziako merkataritza-sozietate garrantzitsuenetako bat, seguruenik.

Ia mende batez, Itsasondoko biztanle gehienak arbelaren ustiapenean aritu ziren. Jarduera horrek, biztanleen bizimodua bideratzeaz gain, eragina izan zuen herriaren fisionomian. Pizarrerías Sarasolaren industria-lanak Malkorra eta Izarreko paisaia moldatu zuen, meatzaritzaren bidez, eta, gainera, forma eman zion egungo hiriguneari, bertan diren eraikinetako asko eraikita.[1]

1856. eta 1864. urteen artean, Iparraldeko Trenbidea eraiki zenean jaso zen Itsasondoko arbelaren berri. Tunelalde eta Azubia inguruetan meategiak aurkitu zituzten eta Itsasondoko ohiko nekazaritza-jarduerari arbelaren erauzketa eta eraldaketa gehitu zitzaizkion.[2]

Testuinguru horretan, Juan Martin Sarasolak meagintza-industria garatu zuen, hamarkadaz hamarkada etengabe hazten joan zena eta herriaren historia eta ibilbidea markatu zituena. Oria ibaiaren ezkerraldean Sarasolatarrek hiru enpresa ere izan zituzten, 148 langile ingururekin.

Aipagarria da Pizarrerías Sarasola izan zela argindarra Itsasondora ekartzearen bultzatzaileetako bat. 1925etik sozietatearen esku egon zen Ribera eta Goierri auzoetako energia elektrikoaren hornikuntza. Horretarako, bere fabrikak hornitzeko ur-jauzian soberan gelditzen zen energia erabiltzen zuen, gerora meategietara ere bideratuko zuena.[3]

Pizarrerías Sarasolan produkzio-prozesu osoa egiten zuten: arbela erauztetik hasi eta eraldatzera artekoa, meatzaritza-lanetatik hasi eta azken produktua ekoiztu artekoa. Azken produktua ere enpresak berak banatu eta merkaturatzen zuen.[4]

Baina Itsasondoren orografia zela-eta ezinezkoa zen bertan industria-gune handia sortzea. Horregatik, prozesuaren faseak zenbait tokitan egiten ziren, meategietan eta lantegietan, eta horien arteko lotura arraste-bideak, aireko kableak edo errepideak ziren. Lotura horiek guztiek benetako lan-sarea osatu zuten, eta gaur egun ere herriaren paisaia egituratzen dute, neurri handi batean.[5]

Izan ere, oraindik nabaria da arbela erauzi eta lantzeko industria-jarduerak Itsasondon utzi duen aztarna. Arbelak herrian izan duen garrantzia azpimarratze aldera, Itsasondoko Udalak zenbait proiektu jarri ditu abian 2017tik aurrera, mendiaren barrualdean, arbel-meazuloetan, den historia ezagutzera emateko asmoz.

Erreferentziak aldatu

  1. Ainara Martínez Matía (2017); Pizarrerías Sarasola 1873-1971 Itsasondo (Gipuzkoa), 20. or.
  2. Ainara Martínez Matía (2017); Pizarrerías Sarasola 1873-1971 Itsasondo (Gipuzkoa), 21. eta 22. or.
  3. Ainara Martínez Matía (2017); Pizarrerías Sarasola 1873-1971 Itsasondo (Gipuzkoa), 32. or.
  4. Ainara Martínez Matía (2017); Pizarrerías Sarasola 1873-1971 Itsasondo (Gipuzkoa), 49. or.
  5. Ainara Martínez Matía (2017); Pizarrerías Sarasola 1873-1971 Itsasondo (Gipuzkoa), 50. or.

Kanpo estekak aldatu