Opritxnina Ivan IV,a tsarrak, Ivan Izugarriak, zuzenean kontrolatutako lurralde errusiarraren zati bat izan zen 16. mendean.

Opritxininako lurraldeak 16. mendeko Errusian,

Lurraldea opritxnik izeneko indar armatu gupidagabe batek zuzentzen zuen, eta indar hori etsai politiko zenbait kontra erabili zuen Ivan tsarrak. Harrezkero opritxnikak polizia politikoen aurrekaritzat hartu izan dira Errusian, eta Opritxinina botere despotiko oso eta ankerraren sinonimo[1].

Historia aldatu

1565ean Ivan Tsarrak bi zonaldetan banatu zuen Errusia: Zemstxina (=Lurraldea), eta Opritxnina (= Apartekoa). Zemstxina ohiko erakunde aristokratikoen kontrolpean geratu zen, bereziki boiardoen Duma edo asanbladaren mendean. Opritxnina berriz aginpide zuzeneko lurtzat hartu zuen Ivanek, eta bere gortea ere Moskutik eskualde berriko Vologda hirira eraman zuen[2].

Opritxninako opritxnik indarrak erabili zituen Ivanek boiardoen kontrako bere politiketan, eta baita Novgorod hirian bere kontrako konspirazioa izan zela jakin zuenean, hiri hartan sarraskia eragiteko.

Opritxnina kontrolpean izateak zentzu ekonomikoa ere bazuen, ipar-ekialderantz Siberiarekin lotzen zuten bideak kontrolatzen zituelako, eta hori funtsezkoa zen garaiko negozio handiarentzat: larruen inportazio eta esportazioa. Era berean, esportaziorako Itsaso Zuriko Arkhangelsk iparraldeko kaia ere Opritxninan zegoen, eta hori zen bidea larruak Europara ontziz bidaltzeko. Era berean Opritxnina iparraldekoak esklabe edo barrendegi bat zeukan ekialderago, Kazandik Siberiara bidean, Stroganov lurraldeak; eta hori ere Siberiako merkataritzaren kontrolerako zen[2].

Dena dela, sistemak urte gutxi iraun zuen, eta Krimeako khanerri tatariarren inbasio baten ondoren, Opritxnina ezabatu zuen Ivanek 1572an.

Erreferentziak aldatu

  1. Walter Leitsch. "Russo-Polish Confrontation" in Taras Hunczak, ed. "Russian Imperialism". Rutgers University Press. 1974, p.140.
  2. a b kamilkazani. (2022-02-25). «How did Russia get so big?» Why is Russia so big? (Noiz kontsultatua: 2022-02-27).

Kanpo estekak aldatu