Non bis in idem zuzenbidearen printzipio orokor bat da. Zehazki, zigor zuzenbideko printzipio informatzailea da; Espainiako Konstituzioak, besteak beste, oinarrizko eskubideen artean jasotzen du. Hitzez hitz, "ez birritan gauza bererako" esan nahi du latinez. Funtsean, printzipio honek debekatu egiten du akusatua delitu beragatik birritan auzipetua izatea. Bestalde, xedatzen du ezin daitekeela egitate bera bi aldiz baloratu delitu baten tipikotasuna kalifikatzeko[1].

Non bis in idem prozesala vs. Non bis in idem materiala aldatu

Non bis in idem-ek esanahi bikoitza du: alde batetik, beraren aplikazioak pertsona bat egitate beragatik birritan zigortua izatea debekatzen duelako, subjektua, egitatea eta oinarria berberak diren kasuetan; eta, bestetik, printzipio prozesala ere badelako. Printzipio honen arabera ezin daiteke egitate bera bi prozesu desberdinen objektu izan. Horrela, prozesuen dualtasuna (administrazio eta zigor zuzenbidea) ekiditen da. Esanahi horietako bakoitza printzipioaren aplikazio eta eragin eremu desberdinetan oinarritzen da. Gauzak horrela, non bis in idem materiala eta prozesala bereiz daitezke.

Printzipio hau prozesu bakarraren barruan ere aplikagarri da, horretan subjektu, egitate eta oinarri berberek hartzen badute parte. Hala, delitu beragatik pertsona batek zigor nagusi bikoitza edo plurala jaso dezan debekatzen da, horrek proportzionaltasun printzipioa urratuko lukeelako.

Adiera materialari dagokionez, epaitutako gauzaren errespetu hertsia dago oinarrian. Horrek, era berean, bi ondorio eragiten ditu: zigor zuzenbidearen nagusitasuna edo lehentasuna administrazio zuzenbidearen aurrean; eta administrazioaren nahitaezko esku hartzea egitateen zehaztapenean.

Esanahi prozesalari dagokionez, honako hauek dira eragin aipagarrienak egitate bera zigor zuzenbideko delitu eta administrazio zuzenbideko arau hauste gisa tipifikatu denean, betiere subjektua eta oinarria ere berberak badira:

  • Dualtasun hori agertzen denean, hau da, prozesu bietan epaitua eta zigortua izateko debekua, horrek, adiera materiala ere urratuko luke; hots, zigor bikoitza ezartzea.
  • Zigor zuzenbidearen nagusitasuna administrazio zuzenbidearen aurrean: prozesu bi abiatu direnean, administrazioak egitateen berri eman beharko dio jurisdikzio penaleko epaitegi eskudunari, eta bertan behera utziko du administrazio bideko auzia.
  • Gauzak horrela, zigor arloko nagusitasunaren ondorioz, zigorraren existentziak administrazio bideko santzioak berrestea blokeatuko du, betiere, egitateak zigor zuzenbideko prozesu baten barruan tipifikatuak izan badira.
  • Zigorrik ez badago ere, administrazioak arlo penaleko epaian ebatzitakoa errespetatuko du, eta administrazio bideko zehapena ebazpen horri lotuta egongo da.
  • Era berean, zigor zuzenbideko epaitegi eskudunak egitateak “ez-frogatutzat" jo baditu, debekatuta egongo da administrazio bideko santzioak ezartzea. Bestela esanda, epaia finkoa bada, bertan ebatzitakoa loteslea izango da, ez soilik arlo penaleko epaitegientzat, baizik eta administrazio zuzenbideko epaitegientzat ere.

Horrela, adiera materialaren eta prozesalaren arteko harremanak bataren lehentasuna dakar bestearen aurrean.

Non bis in idem printzipioaren 3 elementuak aldatu

Arau orokor bezala, ezin  izango dira ez zigor penalak ez administrazio bideko santzioak ezarri jada zigortuak izan diren egitate batzuengatik. Baina non bis in idem printzipioa aplikatu dadin, ezinbestekoa da honako elementu hauen presentzia:

  • Izaera subjektiboa: Honen arabera, ukitutako subjektua bera izan behar da, edozein delarik ere prozesua ebatzi duen organoa, eta kontuan izan gabe bakarka edo beste batzuekin auzipetua izan den.
  • Izaera faktikoa: Auzipetutako egitateek berberak izan behar dute, eta non bis in idem printzipioaren eremutik baztertzen dira egitate bera izan beharrean, bestelako hainbat egitate batzen dituzten arau hausteak. Konstituzio Auzitegiko 1990eko azaroaren 10eko epaiak xedatzen duenari jarraituz: “es indudable que el principio non bis in idem no resulta vulnerado cuando las penas se aplican por acciones típicas diversas. La punibilidad acumulativa que se fundamenta en un concurso real de delitos no determina vulneración alguna de este principio precisamente por la diversidad de acciones sancionadas”.
  • Oinarriaren izaera: Santzio edo zigorrek ezin ditzakete izaera berbereko oinarriak izan. Hortaz, egitate berak ukitutako zuzenbidearen oinarriak desberdinak badira, ez da non bis in idem printzipioaren urraketarik sortuko; eta, beraz, oinarri aniztasuna dagoela ondorioztatuko litzateke. Hori horrela bada, zilegi izango da zigor bikoitza ezartzea.

Espainiako ordenamendu juridikoko eraentza. Non bis in idem printzipioaren oinarria. aldatu

Konstituzio Auzitegiak hainbat epaitan adierazi duen bezala, non bis in idem printzipioa ez da Espainiako Konstituzioan espresuki aipatzen, baina gabezia edo aipamen falta horrek ez du esan nahi Espainiako ordenamendu juridikoan jasota ez dagoenik. Izan ere, aztergai dugun printzipioak harreman estua Espainiako Konstituzioan jasotako printzipio askorekin. Besteak beste: 25. artikuluan araututako  legezkotasun- printzipio eta arau-hausteen tipifikazio derrigortasunarekin, baita arrazoizkotasun printzipioarekin eta botere publikoen arbitrariotasuneko debekuarekin (Espainiako Konstituzioko 9.3 artikulua)[2].

Ondorioz, doktrinaren aburuz, non bis in idem printzipioa Espainiako ordenamendu juridikoan bi modutan dago jasota, hau da, bi zutabe dira printzipioaren oinarri nagusiak.

Hasteko, Espainiako Konstituzioko 25. artikulua. Arestian azaldu bezala, inplizituki bada ere, bai doktrinak bai jurisprudentziak xedapen horren barruan kokatu izan dute non bis in idem kontzeptua. Izan ere, artikulu horretan arautzen da legezkotasun printzipioa, baita oinarrizko eskubideak murriztu ditzaketen arauen eta lege zehatzaileen zehaztasuna.

Funtsean, segurtasun juridikoa aintzat hartuta herritar orok du aurretiaz legeek ezarritako arau hausteak eta zehapenak zeintzuk diren jakiteko eskubidea. Hots, guztiok daukagu eskubide subjektiboa, alde batetik delitu gisa tipifikatutako portaerak zeintzuk diren jakiteko edo identifikatzeko eta, bestetik,  ordenamendu juridikoak zein santzio aurreikusten duen aipatutako ekintzaren bat egitekotan.

Ondorioz, segurtasun juridikoaren printzipioaren xedea (non bis in idem kontzeptuarekin bat eginez) da herritarrei bermatzea behin zigortutako egitateengatik ez direla berriro aztertu edo epaituak izango. Muñoz Lorentek[3] honako hau dio: “Se trata de salvaguardar  la confianza del ciudadano en que lo ya sancionado -administrativa o penalmente- no va a volver a serlo cuando concurre la triple identidad de sujeto, hecho y fundamento” 

Hala, non bis in idem herritarron defentsa eskubide gisa eta Estatuarekiko berme gisa ulertuta, Konstituzio Auzitegiak 177/1999[4] sententzian honakoa adierazi zuen:  “El principio de ne bis in idem se configura como un derecho fundamental del ciudadano frente a la decisión de un poder público de castigarlo por unos hechos que ya fueron objeto de sanción, como consecuencia del anterior ejercicio del ius puniendi del Estado”.

Non bis in idem printzipioaren bigarren oinarria proportzionaltasun printzipioan legoke.  Legegileak, portaera jakin bat delitu gisa edo arau-hauste administratibo gisa tipifikatu behar duenean, besteak beste, ekintza horien larritasunaren arabera erabakiko du zuzenbidearen zein eremutan kokatu eta, irizpide horri jarraiki, dagokion zigorra egotziko dio aipatutako portaerari. Horrela, jokaera bati santzio bikoitza ezarriz gero, zigorren proportzionaltasun printzipioa urratuko litzateke.

Ildo honi jarraiki honako hau adierazi izan du Konstituzio Auzitegiak, besteak beste, 154/1990[5] sententzian: “Esa adecuación lleva al legislador a calificar el delito en un determinado nivel de gravedad fijando unas sanciones proporcionales a tal calificación, dentro de los que habrán de actuar los criterios de graduación, pero aplicada una determinada sanción a una específica infracción, la reacción punitiva ha quedado agotada. Dicha reacción ha tenido que estar en armonía o consonancia con la acción delictiva, y la correspondiente condena ha de considerarse como “autosuficiente” desde una perspectiva punitiva, por lo que aplicar otra sanción en el mismo orden punitivo representaría la ruptura de esa proporcionalidad, una reacción excesiva del ordenamiento jurídico al infligirse al condenado una sanción desproporcionada respecto a la infracción que ha cometido”

Ondorioak eta efektuak aldatu

Aspektu prozesalari erreparatuta, non bis in idem printzipioak gauza epaitu materialean (cosa juzgada material) du oinarria, eta, azken hori, irmoak diren sententziei dagokie, errekurtsorik jarri ezin dakiekeen sententziei, alegia.

Horregatik, ezinezkoa da egitate eta subjektu berak auzigai dituen prozedura bat hastea. Hauek baitira (subjektua eta objektua) printzipio honen funtsezko bi zutabe.  Posible izango litzateke, aldiz, subjektu beraren kontrako beste epaiketa bat hastea egitate desberdinengatik bada, edota, alderantziz, hau da, egitate berdinak oinarri hartuta,  beste pertsona baten kontrako auzia abian jartzea.

Nahiz eta azaldutakoa izan arau orokorra, legeak salbuespen bakarra aurreikusten du. Izan ere, gerta daiteke subjektu eta objektu bera duen prozedura abiaraztea, legeak aurreikusitako berraztertze errekurtsoa  (recurso de revisión) (Prozedura Kriminaleko Legean 954. artikuluan eta hurrengoetan arautua) jarriz gero. Hala ere, helegite hori guztiz ezohikoa da, eta, soilik aurkez daiteke legeak aurreikusitako kasuetan (numerus clausus).

Horrenbestez, laburbilduz, honakoak dira non bis in idem printzipioak sortzen dituen efektu edota ondorioak:[6]

  1. Subjektu bera egitate berdinengatik birritan auziperatzeko ezintasuna. Izan ere, hori non bis in idem printzipioaren aspektu materialaren kontra joango litzateke.
  2. Delitu gisa tipifikatuta dagoen portaera baten berri izanez gero, administrazioaren betebeharra eta obligazioa da ohiko jurisdikzioari jakinaraztea. Honek, hala badagokio, prozedura penala abiaraz dezan.
  3. Jurisdikzio penalak lehentasuna izango du ordena administratiboaren aldean.
  4. Prozesu penal batean, sententziak absoluzioaren alde egiten badu, debekatuta dago administrazioak egitate horietan oinarrituta administratiboki zigortu edo zehatzea.

Salbuespenak aldatu

Espainiako ordenamendu prozesalean ez da epaitutako gauzaren (cosa juzgada) salbuespen partzialik aurreikusten, hots, elementu prozesal hori arrazoitzen duten muga subjektibo eta objektiboen aurrean egonez gero, efektuak prozesu osoaren gain  izango ditu.

Horrez gain, aurretiaz aipatu bezala, badago berraztertze errekurtsoa[7] (recurso de revisión) aurkezteko aukera. Horrek irmoa den sententzia bat baliogabetzea ahalbidetzen du, betiere legean jasotako kasuren bat argudiatu eta egiaztatuz gero. Ondorioz, errekurtso hori izango litzateke non bis in idem printzipioaren salbuespen bat, posible baita irmoa den sententzia bat efektu gabe uztea, eta, hala, prozesu osoa berriro hasieratik abiatzea.

Kausak Prozedura Kriminaleko Legearen[8] (PKL) 954-961 artikuluetan aurreikusten dira, eta hauek besterik ezin daitezke izan:

  • Pertsona bat baino gehiago zigortu denean, pertsona bakar batek egin behar izan duen delitu bategatik.
  • Subjektua hilketa delitu bat dela eta zigorra betetzen dagoen kasuetan, baina biktima oraindik bizirik dagoenean.
  • Subjektua zigortzen duen epaia, epai finko batek faltsutzat jo dituen dokumentu zein testigantzetan oinarrituta dagoenean; edo baita auzipetuaren deklarazioa indarkeriaz lortu den kasuetan ere.
  • Epai finko eman eta gero egitate zein froga berriak agertzen diren kasuetan, baldin eta horiek auzipetuaren errugabetasuna frogatzen badute.

Azkenik, deuseztapen helegitea ere non bis in idem printzipioaren salbuespentzat har dezakegu. Hau auzi-ihesean emandako epaien kasuetarako aurreikusten da; hau da, auzipetuari epaitegian aurkezteko jakinarazi zaionean baina ez agertzea erabaki duenean. Helegite hau epai finkoen aurka jartzen da.

Nazioz gaindiko non bis in idem aldatu

Kontzeptua aldatu

Espainiako barne ordenamendu juridikoak non bis in idem printzipioa jasotzen ez badu ere, Auzitegi Konstituzionalak burututako interpretazioaren bidez integratua izan da. Espainiak, nazioarteko tratatuetan atxikia izan denez, barne ordenamenduan integratzen ditu nazioarte mailan aitortutako printzipioak. Eskubide Politiko eta Zibilen Nazioarteko Hitzarmenaren 14.7. artikuluak arautu egiten du non bis in idem printzipioa[9][10].

Nazioarte mailan, non bis in idem printzipioari dagokionez jurisdikzio gatazka sortzen denean bi estaturen artean, lehentasunez, Eskubide Politiko eta Zibilen Nazioarteko Hitzarmena eta barne mailako jurisdikzio gatazken arauak aplikatuko dira. Zentzu horretan, non bis in idem-aren debekuagatik (subjektu bera egitate berberengatik bi aldiz epaitua eta zigortua ez izateko printzipioa) bi estaturen arteko gatazka sortzen denean, arau orokorrak aplikatuko dira. Lehenik, lurraldetasun printzipioari jarraituz, Espainiak ezagutuko ditu bere lurralde eremuan gertatutako delituak subjektuaren naziokotasuna kontuan izan gabe. Bigarrenik, non bis in idem printzipioari dagokionez, bi aldiz epaitua ez izateko debekuari erreferentzia eginez, efektuak izango ditu gauza epaitu materialaren gain. Hau da, epaia (kondenazkoa edo absoluziozkoa) irmoa denean, kontuan izan gabe zein estatuk eman duen. Betiere, subjektu eta egitateen identifikazioan oinarritua egotea, prozesu bat aurrera eraman izana (Espainian zein beste estatu batean) eta epai irmo batekin ebatzia izatea (gauza epaituaren efektuekin).

Ondorioz, nazioz gaindiko mailan non bis in idem-ari aplikagarri zaizkion irizpideek nazio barnekoekin bat egiten dute. Espainian, non bis in idem-aren erregulazio zuzenik ez egoteak ez du sortzen nazioarteko mailan horren ezagutza eza.

Non bis in idem printzipioaren hedadura eta aplikazioa aldatu

Egitatearen identitatea
Tipo penal batean sartu behar den egitate zigorgarria zehaztea. Nazioarte mailako estatuetan ez dira egitate zigorgarriak berdin izendatuak egon behar edo arau penalak ez dira guztiz berdinak izan behar. Estatu bakoitzeko jurisdikzio arrunta arduratuko da egitateen identitatea aztertzeaz. Beharrezkoa izango da bi estatuetan egitateak zigorgarriak izatea.
Subjektuaren identitatea. Estatu bakoitzak lurraldetasun printzipiori jarraituz bere estatuan gertatzen diren delituak ezagutuko ditu (estatu barneko pertsona batzuk salbuetsiak egongo dira legez)
Epai irmoa izatea
gauza epaituaren efektuekin. Nazioarteko estatu batek delitu bat epaitu eta horren gaineko erabaki bat eman duenean, epai irmo bidez, non bis in idem printzipioaren debekuarentzat oinarri izango da. Atzerriko epaitegiek emandako epai irmoek eragina izango dute non bis in idem printzipioaren aplikazioan, beste estatuetan.

Ondorioak aldatu

Ondorio nagusia, Espainiako auzitegiak auzia ezagutzeaz baztertzea izango litzateke. Hau da, behin nazioarte mailako estatu batek epai irmo bat ematen badu Espainiako Auzitegiek ezingo dute auzi hori berriro epaitu, baztertuta geratuko dira.

Beste estatuetan auzipetutako egitatea ez ezagutzeko lehen irizpidea epaiaren irmotasuna izango litzateke. Hortik abiatuta, preskripzioari dagokionez, arazoa sortzen da bi estatuk delituarentzat preskripzio epe berdina aurreikusten ez dutenean. Espainiak eskumena baldin badu delitu bat ezagutzeko eta hau preskribatua izan ez bada, bere ahalmen zigortzailea zabaldu ahal izango du.

Estatu bateko epaitegiek, auzi hori ebatzi dutenean (berdin da ebazpena kondena, absoluzioa edota indultuaren aldekoa den) beste estatuentzat blokeoa sortuko da. Espainiak ezagutu ahal izango ditu nazioz gaindiko lurraldean burutu diren delituak, betiere ez badira beste estatu batean epai irmoz epaituak izan.

Nazioarteko kooperazioa aldatu

Estatu bakoitzak duen estradizioaren arauketa kontuan hartu beharko da. Estradizio pasiboa Espainiako ordenamenduan barneratuta dago. Horrela, non bis in idem-aren printzipioaren bidez estradizio pasiboaren oinarria xedatzen da. Espainiak, ukatu ahal izango du estradizioa, beste estatu batek eskatzen duenean eta egitate zigorgarri horiengatik jada pertsona bat Espainian epaitua izan denean edo epaitzen ari direnean.

Erreferentziak aldatu

  1. «Principio non bis in idem» guiasjuridicas.wolterskluwer.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-26).
  2. Díaz Pita, María del Mar. España, informe sobre el principio non bis in idem y la concurrenciade jurisdicciones entre los tribunales penales españoles y los tribunales penales internacionales. .
  3. Muñoz Lorente, La nueva configuración... cit., 51 y ss.
  4. «Sistema HJ - Resolución: SENTENCIA 177/1999» hj.tribunalconstitucional.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-26).
  5. «Sistema HJ - Resolución: SENTENCIA 154/1990» hj.tribunalconstitucional.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-26).
  6. (Gaztelaniaz) «'Non bis in idem'» www.iberley.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-26).[Betiko hautsitako esteka]
  7. (Gaztelaniaz) «Recurso extraordinario de revisión en el orden social» www.iberley.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-26).[Betiko hautsitako esteka]
  8. Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundea, IVAP. «Prozedura Kriminalaren Legea» IVAP.[Betiko hautsitako esteka]
  9. (Gaztelaniaz) [|Díaz Pita, María del Mar]. España, informe sobre el principio non bis in idem y la concurrenciade jurisdicciones entre los tribunales penales españoles y los tribunales penales internacionales. (Noiz kontsultatua: 2002).
  10. «Principio non bis in idem» guiasjuridicas.wolterskluwer.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-26).

Kanpo estekak aldatu