Ireki menu nagusia

Nafarroako Arartekoa (Gaztelaniaz, Defensor del Pueblo de Navarra)

Nafarroako Arartekoa Erakundearen egoitza. Emilio Arrieta, 12, etxabea. 31002 Iruñea

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa nafarren funtsezko eskubideen eta herri libertateen alde lan egiten duen erakundea da Espainian. Nafarroako Parlamentuak hautatzen du Nafarroako Arartekoa.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak araututa dago erakundea, eta ondoren martxoaren 7ko 3/2005 Legearen eta otsailaren 21eko 3/2008 Foru Legearen bidez aldatu zen 4/2000 Foru Legea.

María Jesús Aranda Lasheras izan zen kargua hartu zuen lehenbizikoa, hain zuzen 2001eko martxoaren 1ean, eta karguan jarraitu zuen 2007ko martxoaren 22ra arte.

Gaur egun, Francisco Javier Enériz Olaechea da Nafarroako Arartekoa.

Eduki-taula

Izaera eta eginkizunaAldatu

Nafarroako Arartekoa Nafarroako Parlamentuaren organoa da, eta hari dagokio Konstituzioaren eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren (NFEBHLO) babesa duten eskubideen eta libertateen babes-maila aldezteko eta hobetzeko eginkizuna, Nafarroako Foru Autonomiaren eskumenen eremuaren baitan betiere. Horretarako, Nafarroako administrazio publikoen jarduera ikuska dezake, baina Nafarroako Parlamentuari jakinarazi behar dizkio eginiko jarduketak.

Ordenamendu juridiko publikoak herritarrei botere publikoen eta pribatuen aurrean aintzatesten dizkien eskubide subjektiboen berme instituzionala izateko sortu da, baita jurisdikzio-eremutik kanpoko bermea ere.

Euskaraz Ararteko deritzo, "bitartean diharduena" esan nahi duena, hots, bitartekaria.

Organo publikoa, independentea eta inpartziala da, Nafarroako Parlamentuaren lege batek sortua eta Nafarroako Parlamentuak izendatua, hain zuzen ere herri administrazioa kontrolatzeko lanabes gisa, zertarako-eta herritarren eskubideak, legeak, administrazioaren jokabideen justizia eta erantzun egokia aldezteko. Legean xedaturiko betebeharren gaineko gomendioak, iradokizunak eta gogorarazpenak egiteko eta ikertzeko ahalmena du. Ez da ez epailea ez auzitegia, eta ezin eman dezake agindurik ez aldarazpenik eta ezin ezezta dezake administrazio-egintzarik. Herritarren arazoei konponbidea ematen saiatzen da, ikertzeko, gomendatzeko eta adiskidetzeko prozeduren bidez. Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako herri administrazioei gomendioak eta argibideak ematearen ondoriozko aginpidea eta eragina ditu.

Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeak arautzen ditu Arartekoaren hautaketa, eratxikipenak, araubide juridikoa eta funtzionamendua. Hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitatearen Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak.

Erakundea sortzean, ez zen Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren hasierako bertsioan ezartzeko aurreikuspenik egin. Foru Legearen zioen azalpenean, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1. artikulua eta Konstituzioaren 148.1.1. artikulua aipatzen dira, non autonomia erkidegoek beren autogobernurako erakundeak antolatzeko ahalmena xedatu den.

“Nafarroako Parlamentuko Sozialistak” parlamentu-taldeak aurkezturiko Foru Legearen proposamenaren ondorioz eratu zen Arartekoa erakundea, gobernuan zegoen UPN (Union del Pueblo Navarro) eta oposizioko PSN (Partido Socialista de Navarra) alderdiek aurrekontuari buruz hartutako akordioaren baitan. Lehenago, Eusko Alkartasuna parlamentu-taldea saiatu zen 1989an erakundea sortzen, baina emaitzarik gabe, eta CDN parlamentuko taldea ere bai 1997an. UPN eta PSN alderdiek baztertu zuten azken proposamen hori.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren erreforma urriaren 27ko 7/2010 Lege Organikoaren eskutik etorri zen, besteak beste, legearen testua errealitate juridiko eta politiko berriari egokitzeko. Bestalde, Nafarroako Arartekoa aipatzen zuen berariaz; izan ere, haren lerruna, garrantzia eta eginkizunak direla-eta, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren testuan bildu beharko litzatekeela irizten zaio.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea Nafarroako Foru Komunitatearen Arartekoaren Antolaketa eta Funtzionamendurako Erregelamenduaren bidez garatu da, eta Erregelamendu hori Nafarroako Parlamentuko Mahaiak onetsi zuen 2005eko azaroaren 21ean eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren beraren 2007ko otsailaren 12ko eta 2010eko martxoaren 31ko akordioen bidez aldatu zen.

Nafarroako Arartekoari buruzko Foru Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, "Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa Nafarroako Parlamentuaren goi mandataria da, eta Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak babesturiko eskubide eta libertateak defenditzeko eta hobeki babesteko hautatuko du Nafarroako Parlamentuak".

Halaber, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren erreformari buruzko urriaren 27ko 7/2010 Lege Organiko horren hitzaurrean ezarrita dagoenez, Nafarroako Arartekoa "Nafarroako foru-erakundea" da.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen ondorengo legeetan zabalduz joan dira erakundearen eginkizunak, eta horiek aipatuta, Nafarroako Arartekoak herritarren eskubideak babesteko betetzen dituen eginkizunak. Honelaxe aipatzen dute Nafarroako Arartekoa:

  • Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, arretari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 14.3. artikuluan, hauxe xedatu da: "Arartekoa haurren eta nerabeen eskubideak babesteaz arduratuko da, eta, horretarako, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, honakoak besteak beste: a) Jardutea, bere kabuz edo norbaitek eskubideen urraketari buruzko kexa jarri duelako".  
  • Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian, hauxe xedatu da: "1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren eskumena da foru lege honetan herritarrei aitortutako eskubideen eraginkortasuna zaintzea, eskubide horiek urratzeagatik gertatzen diren kexei erantzutea eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta haren erakunde publikoei iradokizunak eta proposamenak egitea bere lege arau-emailean ezarritako moduan eta ondorioekin. 2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren Bulegoko titularrak edo honek eskuordetutako pertsonak, bulegoaren menpekoak, modu koordinatuan jardunen du Estatuak edo autonomia erkidegoek administrazio elektronikoaren edo administrazio prozedura elektronikoen arloan legez sortutako erakunde parekoekin."
  • Hauxe dakar gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeko 68.1. artikuluak: “Foru lege honen III. tituluan informazioa eskuratzeko aitortzen den eskubidea herritarrek erabiltzea osorik edo partez galarazi edo mugatzen duten Administrazio Publikoaren organoen berariazko edo ustezko ebazpenen aurka jar daitezkeen errekurtso administratiboak deusetan galarazi gabe, informazio publikoaren eskatzaileak kexa bat bidaltzen ahalko dio Nafarroako Arartekoari, betiere informazio hori eskuratzeko eskubidea galarazi edo mugatu baldin bazaio, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz” 2. Nafarroako Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu etenen bidezko diren errekurtso administratiboak edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoak jartzeko epeak, Arartekoari buruzko Foru Legean ezarri bezala”.
  • 8/2017 Foru Legeak, ekainaren 19koak, LGTBI+ Pertsonen Gizarte Berdintasunari buruzkoak, honako hau xedatzen du bere 6.1 artikuluan: "Foru Erkidegoko Herri Administrazioek eta Nafarroako Arartekoak diskriminatua ez izateko eskubidea babestuko dute, pertsona jakin baten edo haren familia-taldearen sexu-orientazioa, genero-adierazpena edo sexu-identitatea dena dela ere. Administrazio horiek eta aipatutako erakunde publikoak ofizioz jardun ahal izango dute, salaketarik edo kexarik jasotzeko beharrik izan gabe”. 64.2 artikuluak, bere aldetik, ahalmena ematen dio “Nafarroako Arartekoari organo eskumendunari eskatzeko ezar ditzala dagozkion zehapenak edo has ditzala dagozkion espedienteak herri-administrazioen ekintzaren edo omisioren batek foru-lege honen ez-betetzea dakarrenean”. 37. artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuak urtero helarazi beharko diola Nafarroako Arartekoari sexu-orientazioaren, genero-adierazpenaren eta sexu- edo genero-nortasunaren aniztasunaren aurkako tratamenduei buruzko informazioei buruz egiten duen jarraipen-txostena.

Erakundea abiaraztea, titularrak eta berrespenaAldatu

Erakundea uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen ondorioz eratu zen 2000ko uztailean, baina ez zen 2001eko martxora arte abiarazi.

Nafarroako lehen Arartekoa María Jesús Aranda Lasheras izan zen, Zuzenbideko lizentziatua eta lehenago talde sozialistako foru parlamentaria. Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak hura 2001eko otsailaren 22an izendatu ondoren, 2001eko martxoaren 2an jabetu zen karguaz.

Bigarren titularra Francisco Javier Enériz Olaechea izan zen, Zuzenbideko doktorea eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko funtzionarioa. Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak 2007ko martxoaren 15ean hura izendatu ondoren, 2007ko martxoaren 22an jabetu zen karguaz. Agintaldia bukatutakoan, bitarteko eginkizunetan dago postua.

Nafarroako herri administrazioen jardueraren ikuskapenaAldatu

Hauexek biltzen ditu Nafarroako Arartekoak Nafarroako herri administrazioen jarduera ikuskatzeko betetzen dituen eginkizunak:

  • Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa, horren erakunde autonomoak, sozietate publikoak eta haren menpeko gainerako erakunde publikoak.
  • Nafarroako tokiko erakundeak (udalerriak, kontzejuak, mankomunitateak, partzuergoak), horien erakunde autonomoak, sozietate publikoak eta haren menpeko gainerako erakunde publikoak.
  • Parlamentuko administrazioa eta Nafarroako Parlamentuak sortutako erakundeen administrazio-jarduera.
  • Pertsona fisikoek edo juridikoek administrazio-emakiden bidez kudeaturiko zerbitzuak.
  • Zerbitzu publikoan diharduen edozein erakunde, pertsona juridiko edo fisiko, betiere administrazio kontrol edo babes motaren baten menpe egonik Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko arloak ukitzen dituzten gai guztietan.

Honelaxe gauzatzen da Nafarroako herri administrazioen jarduera ikuskatzeko aipaturiko lan hori:

  • Herri administrazioek edo haien ikuskapenaren menpeko erakundeek izan dituzten eta pertsona bati edo pertsona-talde bati eragiten dioten jokabideak edo egintzak argitzeko ikerketa abiaraztea eta burutzea.
  • Gomendioak egitea edo lege-betebeharrak gogoraraztea erakunde eskudunei eta herri administrazioen zerbitzuko pertsonalari, legez kontrako edo bidegabeko egintzak zuzentzen saiatzeko.
  • Proposamenak egitea erakunde eskudunei administrazioaren zerbitzuak hobetzea lortzeko.
  • Legeriaren gaineko hutsuneak adieraztea gomendioak eginez, zertarako-eta beharrezko objektibotasuna eta bermea emateko administrazioaren jardunari eta zerbitzu publikoek administratuen eskubideak bermatzeari dagokionez. Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako herri administrazioei zuzendu dakizkieke gomendioak.
  • Txostenak egitea, haien eskumeneko arloan, Nafarroako Parlamentuak edo haren ikuskapenaren menpeko administrazioek edo erakundeek eskatuta.
  • Ikuskapenak egitea haren ikuskapenaren menpeko erakundeen edozein zerbitzutan edo bulegotan, dokumentuak aztertuz edo eskatuz, herri administrazioen zerbitzuko pertsonalari eta erakundeei entzunez eta egoki iritzitako argibideak eskatuz.
  • Pertsonen interes legitimoan aldeztean irtenbiderik egokiak bilatzen saiatzea erakunde eta zerbitzu eskudunekin batera.
  • Administrazioko erakundeak objektibotasun, eraginkortasun, hierarkia, deszentralizazio, deskontzentrazio, koordinazio eta Legea Zuzenbidea erabat betetzearen printzipioetara egokitzen saiatzea.
  • Administrazioak herritarren eskaerak eta errekurtsoak berariaz eta behar den denboran eta moduan ebazten dituela zaintzea.
  • Administrazioaren zerbitzuko pertsonala den eta ikertu beharreko gaiarekin zerikusia duen informazioa izan lezakeen edozein pertsona agertzeko eskatzea zitazioaren bidez.
  • Bere lanaren nondik norakoak, ikerketak eta urteko txostena ezagutaraztea eskura dituen baliabide guztiak erabiliz eta, bereziki, komunikazio publikoko hedabideak baliatuz. Horretarako, Foru Komunitatearen titularitateko hedabideek tokia utzi behar diote Nafarroako Arartekoari azken horrek egoki irizten dionean, bere eginkizunak hobeto betetzeko eta bere jarduera jendaurrean erakusteko.
  • Ofiziozko erantzukizuna abiaraztea edo erakunde eskudunarengana jotzea, hala denean dagokion erantzukizunak galda dezan baldin eta Nafarroako Arartekoak uste badu bidezkoa dela erantzukizuna galdatzea herri administrazioen zerbitzuko edozein agintariri, agenteri edo pertsonalari.

Ikuskapen-lan horrek bere baitan biltzen ditu egintzak eta ebazpenak eta horiek ez egitea, hots, herri administrazioen eta horien agenteen eginkizunari dagokion jardueran nahiz pasibotasunean du eragina.

Dagoeneko esana dugunez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa dela bide Nafarroako Foru Komunitateak eratxikita dituen eskumenei dagokien edozein arlotan islatzen da Nafarroako Arartekoak betetzen duen ikuskapen-lana. Hala eta guztiz ere, haren eginkizuna Justizia Administraziora ere heda daiteke, baldintzekin eta zeharka, baita administrazioaren babespeko pribatuen arteko jardueretara edo Estatuko Administrazioaren arauen edo betearazpenaren gaineko jarduerara ere.

Hala, justiziaren arloan, Nafarroako Arartekoak Foru Komunitateko Justizia Administrazioaren funtzionamenduari buruzko kexak jasotzen dituenean, Ministerio Fiskalari edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari helarazi behar dizkio, eta kexa horiek berariaz aipatuko ditu Nafarroako Parlamentuari urtero azaltzen dion txosten orokorrean. Nolanahi ere, hori baino lehen, eraginpeko organo judizialari, Audientzia Probintzialari edo Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenari helarazi diezazkieke kexak. Praktikan, Nafarroako Arartekoak Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren presidenteari helarazten dio kexok, eta azken horrek kexak izapidetzeko ardura izanen du eta, hala denean, informazioa emanen dio Nafarroako Arartekoari. Hain zuzen ere Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko presidentea da Botere Judizialak Nafarroako Foru Komunitatean duen ordezkaria, Nafarroako Parlamentuan Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren urteko memoria aurkez dezakeena.

Baldin eta partikularrek gaikuntza ematen duen administrazio-egintza dela bide emandako zerbitzuetan egin badira jarduketak, Nafarroako Arartekoak administrazioko agintari eskudunengana jo dezakete eta ikuskapenak egiteko eta zehapenak ezartzeko duen ahalmena erabil dezala eskatu.

Okerreko funtzionamendua Estatuko Administrazioaren edo Gorte Nagusien arauen gaineko jardueraren edo betearazpen-jardueraren ondoriozkoa denean, Nafarroako Arartekoak, ofizioz edo alde batek eskatuta, Espainiako Herriaren Defendatzailearengana jo dezake horretarako zioak emanda, honako hau eskatzeko: egoki irizten badio, Herriaren Defendatzaileak konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa edo babes eskeko errekurtsoa aurkeztu edo balia dezala, edo gomendioak edo iradokizunak egin diezazkiola Estatuaren Administrazioari baldin eta Estatuaren administrazioaren funtzionamendu txarraren edo estatu mailako eskumeneko arauen ondorioz gertatzen badira Nafarroako herri administrazioaren funtzionamenduko hutsegiteak, egoki irizten badio.

Hautapena, izendapena eta karguaz jabetzeaAldatu

Nafarroako Parlamentuak hautatzen du Nafarroako Arartekoa sei urterako.

Bere eskubide zibilak eta politikoak erabat baliatzeko moduan dagoen edozein pertsona hauta daiteke Nafarroako Ararteko, betiere nafarra bada. Hortaz, espainiarra izan behar du, Nafarroako udalerri bateko administrazioko auzokidetasunaren jabe izan behar du eta ez da ezgaituta edo ezinduta egon behar.

Arartekoa aukeratzeko, Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordeak, bere kideen hiru bostenen aldeko botoaren bidez, Nafarroako Arartekoaren kargurako hautagaia proposatu behar du. Hautagaia proposatu ondoren, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, hamabost eguneko epea utzita gutxienez, Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurarako deialdia egin behar du hautaketa egiteko. Nafarroako Ararteko izendatu ahal izateko, Nafarroako Parlamentuko kideen hiru bostenen aldeko botoa behar da (berrogeita hamar foru parlamentarietatik hogeita hamar hain zuzen). Gehiengo hori lortu ezean, Foru Araubideko Batzordeak hilabeteko epea du biltzeko, proposamen berria egite aldera.

Hiru bostenen gehiengoa lortutakoan, Nafarroako Ararteko izendatuko da hautagaia.

Nafarroako Arartekoa hautatzeko beharrezkoa den gehiengoa izan da erakundea arautzeko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean eztabaida eta aldaketa gehien piztu dituen gaia. Uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 2. artikuluaren jatorrizko bertsioan ezarri zenez, Nafarroako Arartekoa hautatzeko Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurako kideen hiru bostenen aldeko botoa behar zen (Nafarroako Parlamentuko 50 parlamentarietatik 30ena hain zuzen).

Ondoren, martxoaren 7ko 3/2005 Foru Legean beste bertsio bat eman eta parlamentarien kopurua jaitsi egin zen, hots, osoko bilkurako kideen gehiengo osoa baizik ez zen behar (50 kideetatik 26) lehen bozketan; ezein hautagaik ez bazuen lortzen gehiengo hori, beste bozketa bat egin beharra zegoen, non lehenago boto kopururik handiena lortu zuten bi hautagaiak izango ziren. Azkenik, boto gehien lortzen zuena izanen zen hautagaia (hautagai bakarra bazegoen, gehiengo sinplearekin ebatziko zen bigarren bozketan).

Otsailaren 21eko 3/2008 Foru Legeak 2. artikuluaren beste bertsio bat xedatu zuen, jatorrizko bertsioa berrezartzeko eta, horren bidez, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurako kideen hiru bostenen aldeko botoa behar zen hautagaia aukeratzeko (50 foru parlamentarietatik 30).

Nafarroako Parlamentuko presidenteak Nafarroako Arartekoaren izendapena egiaztatzen du agiria sinatuta, eta erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da.

Nafarroako Arartekoak Parlamentuko Mahaiaren aurrean jabetu behar du karguaz, Nafarroako foru araubidea errespetatuko duela zin eginez, Espainiako Konstituzioa eta legeak ontzat hartu eta bere eginkizuna leialtasunez bete behar du.

Autonomia, abantailak eta bateraezintasunakAldatu

Nafarroako Arartekoa parlamentuko organoa da, baina hori ez da eragozpen autonomiaz jardun dezan, objektibotasunez eta inpartzialtasunez, herritarren eskubideak babesteko eta aldezteko bere eginkizunean.

Erakundea arautzen duen Legearen arabera, Nafarroako Arartekoa ez dago ezein aginduren menpe, ez du ezein agintariren jarraibiderik jasotzen eta autonomiaz eta bere irizpidearen arabera betetzen du bere eginkizuna. Bere autonomia funtzionala eta irizpide-askatasuna autonomia organikoaren bidez ere ziurtatzen dira, zeren eta bere konfiantzazko aholkulariak izendatzen baititu eta Ararteko-ondokoa proposatzen baitu. Gainera, autonomia du aurrekontuaren aldetik, aurrekontuen aurreproiektua egiten duelako, eta Nafarroako Parlamentuak onespena eman diezaion aurkeztu du aurrekontua.

Bortxaezintasun eta immunitate bermeen sistema du eta, oro har, indarreko legerian Herriaren Defendatzailearen erakunde autonomikoetarako ezarritako forupeko sistema dauka, zehazki, Nafarroako Parlamentuko kideei dagokiena, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoarekin bat etorriz.

Hala, aginteari utzi ondoren ere, bortxaezintasuna du bere karguan dagoenean adierazitako iritziengatik eta emandako ebazpenengatik. Ezin atxiki daiteke ez atxilotu bere agintaldiak iraun bitartean Nafarroako lurralde-eremuan emandako delituzko ekintzengatik, ageriko delitua ez bada (immunitatea).

Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenari (forupeko sistema) dagokio, nolanahi ere, Nafarroako Arartekoa erruztatu, espetxean sartu, auziperatu eta epaitzeko erabakia. Nafarroako lurralde eremutik at, erantzukizun penala galdagarria da, termino beretan, Auzitegi Gorenaren Sala egokian.

Edozein pertsonaren eta Nafarroako Arartekoaren edo Ararteko-ondokoaren edo aholkularien edo kolaboratzaileen arteko edozein korrespondentzia eta komunikazio ezin kontrolatu, entzun, zentsuratu edo interferitu daiteke. Kasu horretan, pertsonak atxilotu, zaintzapean eduki edo kartzelaratzeko edozein tokitatik igorritako komunikazioak sartzen dira.

BateraezintasunakAldatu

Bere mendekotasunik eza eta objektibotasuna ziurtatzeko, bateraezina izango da Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa izatea honako hauekin:

  1. Herriak hautaturiko eta herria ordezkatzeko edozein agintaldi.
  2. Izendapen askeko edozein kargu politiko.
  3. Edozein alderdi politikotan, sindikatutan edo ugazaben erakundetan afiliatuta egotea.
  4. Elkarte edo fundazio batean zuzendaritza-lana egitea.
  5. Edozein herri administrazioren zerbitzuan izatea.
  6. Karrera judizialean edo fiskalean aritzea.
  7. Lanbide, merkataritza edo laneko edozein jardueratan edo jarduera liberaletan aritzea.

Ezin egin daiteke propaganda politikorako ezein jarduerarik ere eta, beraz, neutrala izan behar du bere adierazpen politikoetan.

Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordeari dagokio Nafarroako Arartekoari eragin diezaioketen bateraezintasunen gaineko edozein zalantzari edo eztabaidari buruzko irizpena ematea, kideen hiru bostenen gehiagoarekin betiere. Haren irizpena Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran aztertuko da azken horrek erabakia har dezan.

Kargua uzteaAldatu

Nafarroako Arartekoak kargua utz dezake honako arrazoi hauetako batengatik:

  1. Berariazko uko egiteagatik; Nafarroako Parlamentuko Mahaiari eman behar dio horren berri.
  2. Izendatu zeneko epea bukatzeagatik.
  3. Heriotzagatik edo bat-bateko ezintasunagatik.
  4. Nafarroako Parlamentuak kargutik kentzeagatik, bere kargua betetzean ageriko zabarkeriaz jokatzearen ondorioz.
  5. Doluzko delituaren zioz epai irmoaren bidez zigortua izateagatik.
  6. Bat-bateko bateraezintasunagatik.
  7. Nafarroako izaera politikoa edo eskubide zibilak edo politikoak erabat baliatzeko aukera galtzeagatik.

Nafarroako Parlamentuko presidenteak adieraziko du kargua hutsik dagoela Arartekoaren heriotzagatik, uko egiteagatik eta agintaldia bukatzeagatik. Gainerakoetan, parlamentarien hiru bostenen gehiengoaren bidez erabaki behar da, betiere aldez aurretik eztabaida eta interesatuari entzunaldia emanda.

Kargua hutsik adierazi ondoren, Nafarroako Ararteko berria izendatzeko prozedura abiarazi beharra dago hilabeteko epearen barruan.

Nafarroako Arartekoa kargutik kentzen denean edo ezintasuna duenean eta Nafarroako Parlamentuak, hala denean, beste izendapen bat eman artean, Nafarroako Ararteko-ondoak hartuko du bitarteko eginkizuna bere gain.  

Ararteko-ondokorik ez balego, baina bai Nafarroako Arartekoa, horrek beteko ditu bitarteko eginkizunak beste izendapen bat gauzatu arte.

Ararteko-ondokoaAldatu

Ararteko-ondokoaren laguntza izan dezake Nafarroako Arartekoak; izan ere, hari eskuordetu diezazkioke bere eginkizunak eta hura ordeztuko du eginkizunok betetzean Arartekoaren aldi bateko ezintasuna gertatzen denean edo karguari uzten dionean. Inola ere ezin eskuordetu daiteke soilik administraziokoak diren Nafarroako Parlamentuaren, Nafarroako Gobernuaren edo kontseilarien jardueretan jardutea edo haiekin harremanak izatea.

Ararteko-ondokoa izendatzeko eta kargutik kentzeko, aldez aurretik Nafarroako Parlamentuaren Foru Araubideko Batzordeko kideen hiru bostenen adostasuna behar da nahitaez.

Arartekoaren izendapena eta kargutik kentzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira. Nafarroako Arartekoak ahalmenaren, bateraezintasunaren eta kargutik kentzearen gainean dituen arau berak eta bortxaezintasunari eta immunitateari buruzko berme berdinak aplikatu behar zaizkio. Ararteko-ondokoa kargutik kenduko da Nafarroako Parlamentuak izendaturiko Nafarroako Ararteko berria karguaz jabetzearekin batera.

Nafarroako Arartekoaren eginkizunak bitarteko izaeraz betetzen duen Ararteko-ondokoak Nafarroako Arartekoaren bulegoko aholkulariak atxiki behar ditu haien eginkizunetan. Alabaina, aholkulariok kargutik ken ditzake Nafarroako Arartekoak baldin eta, aldez aurretik, Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordearen onespena lortzen badu.

Nafarroako lehenbiziko arartekoa hautatu zenetik gaur egunera arte, ez da ararteko-ondokorik izendatu.

Nafarroako Parlamentuarekiko harremanak. Urteko txostena eta txosten bereziakAldatu

Nafarroako Arartekoa, bere lana betetzean, Nafarroako Parlamentuari zuzentzen zaio, herritarren eskubideak babesteko goi mailako agintaria baita Nafarroako Parlamentua, betiere Nafarroako presidentearen bitartez.

Alabaina, Nafarroako Parlamentuaren Foru Araubideko Batzordeak du Nafarroako Arartekoarekin harremanetan izateko eta osoko bilkura jakinaren gainean jartzeko ardura, beharrezkotzat jotzen dituen bilkura guztietan. Nafarroako Arartekoaren jarduera ez da eteten Nafarroako Parlamentua bilduta ez dagoenean edo agintaldia iraungi denean. Halakoetan, Parlamentuko Batzorde Iraunkorrari zuzendu behar zaio Nafarroako Arartekoa. Salbuespen egoera adierazteak ere ez du etengo Nafarroako Arartekoaren jarduna, ezta herritarrek Arartekoarengana jotzeko duten eskubidea ere. Irizpide-autonomia izanik ere, bere kudeaketaren berri eman behar dio nahitaez Nafarroako Arartekoak Nafarroako Parlamentuari, bilkuren ohiko epealdian aurkeztu behar duen txosten baten bidez.

Urteko txosten horretan, aurkezturiko kexen kopurua eta mota jakinarazten ditu Nafarroako Arartekoak, baita bazterturiko kexak, baztertzeko kausak eta haren ikerketaren edo gomendioen xede izan direnak ere, betiere administrazioak onartutako ohartarazpenak, iradokizunak, gogorarazpenak edo gomendioak zehaztuta. Txostenean ezin agerraraz daitezke interesatuak ikerkuntza-prozeduran jendaurrean identifikatzea ahalbidetzen duten datu pertsonalak, baina kolaboratzaileak ez diren agintariak edo funtzionarioak aipatzeari kalterik egin gabe. Urteko txostenak, era berean, eranskin bat bildu behar du, eta hartzailea Parlamentua izango da; erakundearen aurrekontuaren likidazioa utzi behar da jasota bertan. Nafarroako Arartekoak ahoz azalduko du txostenaren laburpena, lehenbizi Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordearen aurrean eta ondoren Parlamentuko osoko bilkuran. Kasu biotan, parlamentu-taldeek hitz egin dezakete beren irizpena adierazteko.

Gertaeren larritasuna, garrantzia edo premiazkotasuna direla-eta hala egitea komeni denean, Nafarroako Arartekoak ezohiko txostena edo monografikoa aurkez dezake. Txosten bereziak deritze. Txosten horiek Foru Araubideko Batzordeari aurkezten zaizkio Nafarroako Parlamentua bilduta dagoenean, edo Batzorde Iraunkorrera jo beharra dago Nafarroako Parlamentua bilduta ez dagoenean.

Urteko txostenak eta txosten bereziak, ezohikoak edo monografikoak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira.

Hauexen ingurukoak izan dira erakundeak eginiko zenbait txosten berezi:

Ikerketak

Nafarroako Arartekoaren eginkizun nagusietako bat da Nafarroako herri administrazioen, horien agintarien, funtzionarioen eta, oro har, Nafarroako herri administrazioaren zerbitzura diharduen edozein pertsonaren egintzak, ez-egiteak edo ebazpenak argitzeko ikerketak egitea, betiere ikerketak eskubide eta askatasun konstituzionalak behar bezala errespetatzearekin badu zerikusia.

Ofizioz edo alde batek eskatuta egin daitezke ikerketak eta, horregatik, Nafarroako Arartekoak ekimenerako ahalmen handia du Nafarroako administrazio-jardueraren zenbait alderdi aztertzeko, egoki irizten badie, edo herritarren proposaturiko alderdiak jorratzeko.

Ikerketa egiteko eskaera aurkez dezakete foru parlamentariek ere, banaka, edo Foru Araubideko Batzordeak edo Nafarroako Parlamentuek sortutako ikerketa batzordeek. Zioak emanda dituen idazkiaren bidez egin behar da eskaera, eta zehaztasunez definitu behar da xedea, Nafarroako edozein herri administraziotan izan diren eta pertsona bati edo pertsona-talde bati eragiten dioten egintzak, ez-egiteak eta jokabide zehatzak argitu nahi direla egiaztatzeko.

Baldin eta Nafarroako Arartekoak bere karguari datxezkion eginkizunak betetzean ustezko delituzko jokabideen edo egintzen berri badu, berehala jakinarazi behar dizkio nahitaez Ministerio Fiskalari. Nafarroako Fiskal Nagusiak berak eskatuta hasitako jarduketen izapideen berri eman diezaioke Nafarroako Arartekoari, azken horrek hala eskatzen dionean.

Horiek ikerketa guztiak egiteko eta, oro har, Nafarroako Arartekoaren ahalmenak eta eskumenak betetzeko, bitarteko informalak eta arinak erabiliko dira, baina ezin izango da formalitate edo aitzakia burokratikorik alegatu ikerketa galarazteko edo ziorik izan gabe atzeratzeko.

Kexak

Herritarrek Nafarroako herri administrazioen egintzen edo ez-egiteen aurrean aurkezten dituzten kexak jasotzearen, aztertzearen eta ebaztearen ondoriozkoa da Nafarroako Arartekoaren jarduera kopururik handiena.

Interes legitimoa argudiatzen duen edozein pertsona fisikok edo juridikok Nafarroako Arartekoarengana jo dezake, inolako murrizpenik gabe, eta kexa aurkeztu. Interes legitimoaren kontzeptua oso zabala da, zeren eta, kexa onartua izan dadin, nahikoa baita, egiazki, interes pertsonala izatea eta interes hori legez kontrakoa ez izatea, edo fede txarrean oinarriturikoa ez egotea.

Nafarroako Arartekoarengana jotzeko ez da eragozpen nazionalitatea, bizilekua, auzotasun zibila edo administratiboa, sexua, arraza, adingabetasuna, subjektuaren lege-ahalmena, espetxean egotea edo, oro har, administrazioaren edo herri botearen gaineko mendekotasunezko edozein harreman berezi.

Nafarroako Arartekoari kexarik ezin aurkez diezaioketen pertsona bakarrak, jakina, administrazioko agintariak dira beren eskumeneko gaietan, zeren eta haiei baitagokie arazoa konpontzeko eskumena. Horregatik, agintariek kexak aurkez ditzakete haien eskumeneko gaiak ez baizik eta beste herri administrazio batzuenak direnean.

Ahalik eta formalismorik txikienak bete behar dira kexa aurkezteko. Kexa idatziz aurkeztu baizik ez da egin behar, interesatuak sinatuta eta haren izen-abizenak, helbidea eta nortasun agiri nazionala edo identifikazio-karta adierazita. Jaso izanaren adierazpena egingo da kexa ororekin.

Nafarroako Arartekoaren jarduketa guztiak doakoak dira interesatuarentzat, eta ez da aginduzkoa ezein abokaturen edo prokuradoreren laguntza.

Urtebeteko epearen barruan aurkeztu behar da kexa, kexaren xedeko gertaeren berri izaten denetik zenbatzen hasita.

Nafarroako Arartekoak kexak baztertu beharko ditu nahitaez kasu hauetan: a-) anonimoak direnean, b-) interesatuak gertaeren berri izan duenetik urtebete igarotzen denean, c-) gertaeren gaineko epai irmoa dagoenean edo d-) gertaerei buruzko ebazpen judiziala emateke dagoenean. Halaber, kexaren izapidetzea eten egin beharko du baldin eta, jarduketa abiarazitakoan, interesatuak salaketa, kereila, demanda edo errekurtsoa aurkezten badu auzitegietan, edo autoak hasten badira. Kexa kausa judizialagatik ez onartzeak ez du eragozten, ordea, aurkezturiko kexan planteaturiko arazo orokorren gaineko ikerkuntza.

Nafarroako Arartekoak kexak baztertu egin ditzake honako hauek ikusten dituenean: fede txarra, oinarririk eza edo asmorik eza edo kexa izapidetuta kaltea eragitea hirugarren baten eskubide legitimoari. Herritarra aurretik administrazioari zuzendu ez zaionean ere baztertu ditzake kexak.

Ezin jar daiteke errekurtsorik kexa ez onartzeko erabakien aurka. Nolanahi ere, isilean gorde behar da baztertua izan den kexa aurkeztu duenaren izena.

Kexa onartutakoan, Nafarroako Araratekoak ikerketa sustatuko du kexan azaldutakoak argitzeko. Ikerketa sumarioa eta informala da.

Horregatik, erakunde edo administrazioko bulego egokiari jakinarazi behar dio eskaeraren funtsa, erakunde horretako buruak txosten idatzia, adierazpena edo agiria igor diezaion gehienez hamabost egun balioduneko epean. Aipaturiko epe hori luzatu egin dezake Nafarroako Arartekoak hala egitea komeni izateko inguruabarrak gertatzen direnean.

Herritarren proposamenak

2008. urtetik hona, herritarrek zerbitzu publikoen hobekuntzan parte hartzea sustatzen du erakundeak, eta zerbitzuok hobetzeko proposamenak aurkeztera bultzatzen ditu. Izan ere, zenbait kasutan, araudia aldatzeko proposamen bilakatzen dira.

Hala, hobetzeko proposamenak aurkeztu dira arlo hauetan: ogasuna, hezkuntza, etxebizitza, enplegu publikoa eskuratzea, ingurumena, politika sozialak, osasuna, justizia, kontsumoa, espetxeetako administrazioa, komunikazioa, zerbitzu publikoak, eta abar.

Erakundeak herri administrazio eskudunari edo Espainiako Herriaren Defendatzaileari helaraziko dizkio proposamenak, Estatuaren eskumenekoak badira, eta arrazoizkoak direla irizten bazaie, beste erakunde horietan aldezten ditu proposamenok.

Ebazpenak

Dela herritarren kexengatik, dela bere ofiziozko jarduketen edo txostenen emaitzen ondorioz, Nafarroako herri administrazioen jarduerari buruzko irizpena eman dezake Nafarroako Arartekoak, non gomendioak, iradokizunak edo lege-betebeharren gogorarazpenak egiten zaizkien.

Herritarren eskubideen balizko urraketa antzematen denean erabili ohi dira gomendioak, eta jarrera aldatzeko eta pertsonari edo pertsona-taldeari eragindako kaltea konpontzeko proposamena egiten du.

Iradokizunak, berriz, kasu honetan erabiltzen dira: eskubideen urraketa antzeman ondoren, administrazioak orain artean izandako jokabidea aldatu nahi denean, hain zuzen ere herritarren eskubideen erabilera hobetu ahal izateko, baita herritarren eskubideen kontrako arauak edo eskubide konstituzionalak erabiltzeko testuen beste bertsio bat onartzen duten arauak aldatzeko proposamenak egiteko ere. Berebiziko garrantzia dute araudien gaineko iradokizunek, zeren eta legeak ahalmena ematen baitio Nafarroako Arartekoari legeak eta beste arau batzuk alda ditzala proposatzeko Nafarroako Parlamentuari edo administrazio eskudunari, baldin eta Arartekoaren ikerketen ondorioz honako uste sendo honetara iristen bada: arau horiek zorrozki betetzeak herritarrentzako bidegabeko egoerak edo egoera kaltegarriak eragin ditzakeela.

Lege-betebeharren gogorarazpenak erabiltzen dira legeek administrazioari edo bere pertsonalari ezarritako aginduen balizko ez-betetzeak antzematen direnean.

Nafarroako Arartekoak ez du, inola ere, administrazioaren egintzak eta ebazpenak aldatzeko edo ezeztatzeko eskumenik. Ez da boterea (potestas), agintaritza (auctoritas) baizik: administrazioak xedapenak, egintzak eta betearazpenak ematean erabilitako irizpideak aldatzea proposatzen du Nafarroako Arartekoak.

Haren jardunak ezin eten ditzake ordenamenduan egintzak eta xedapenak aurkaratzeko ezarritako epeak edo preskribatze- edo iraungitze-epeak.

Administrazioak ez ditu nahitaez bete behar gomendioak, iradokizunak edo gogorarazpenak. Baldin eta horiek egin ondoren administrazio-agintaritzak ez badu ematen ebazpenaren araberako neurri egokia bi hilabeteko epearen barruan, horretarako zioak emanda betiere, edo agintaritza horrek ez badio ematen Nafarroako Arartekoari neurriak hartzeko egoki iritzitako arrazoien berri, kasua bere urteko txostenean edo txosten berezian sartu behar du, eta berariaz aipatuko ditu bere proposamenen aldeko jokabidea izan ez duten herri administrazioetako agintarien edo horien zerbitzurako pertsonalaren izenak, Nafarroako Arartekoak konponbide positiboa izan daitekeela iritzita horrelakorik lortu ez deneko kasuetan.

Hain zuzen Nafarroako Arartekoaren ebazpenak lotesleak ez direla-eta, ez agintariek ez partikularrek ezin aurkez dezakete haren ebazpenen kontrako errekurtsorik.

Bere ikerketen eta kudeaketaren berri emango dio Nafarroako Arartekoak interesatuari, eta administrazioak edo haren zerbitzuko kasuan kasuko pertsonalak emandako erantzuna jakinarazi behar dio.

Foru parlamentari batek edo Nafarroako Parlamentuak eskatuta abiarazi bada jarduketa, lorturiko emaitzen berri eman beharko die Nafarroako Arartekoak bere ikerketak bukatutakoan. Era berean, eskurik ez hartzea erabakitzen duenean, ez onartzeari buruzko zioak eman beharko ditu.

Nolanahi ere, bere ikerketen emaitza positiboaren edo negatiboaren berri eman beharko dio Nafarroako Arartekoak agintariari, funtzionarioari edo jarduketa eragin duen arloko enplegatuari edo administrazio-atalari.

Herri administrazioek eta agintariek Nafarroako Arartekoari nahitaez lagundu beharra

Foru Autonomiako herri botere eta erakunde guztiek nahitaez lagundu behar diote Nafarroako Arartekoari bere ikerketetan eta ikuskapenetan, lehentasunez eta premiaz betiere.

Baldin eta eskaturiko hasierako txostena edo agiria igortzeari edo agiriak eskuratzeari uko egiten badiote edo zabarkeriaz jokatzen badute herri administrazioetako zerbitzura dauden agintariek edo pertsonalak, beren eginkizunen kontrako edo eginkizunok eragozteko jokabidea dagoela erabaki dezake Nafarroako Arartekoak. Hartara, berehala argitaratuko du aipaturiko jarrera hori eta hala dela nabarmenduko dio Nafarroako Parlamentuari bere urteko txostenean edo, hala denean, txosten berezian. Era berean jardungo da Nafarroako Arartekoaren jarduera eragozten edo zailtzen duen edozein jokabiderekin.

Ezin uka dakieke Nafarroako Arartekoari, bere ondokoari eta horiek eskuordeturiko pertsonari zentro publikoetan edo zerbitzu publikoekin, administrazio-agiriekin edo administrazio-espedienteekin edo ikerketaren xedeko beste batzuekin loturiko zentroetan sartzea ere (fisikoki nahiz administrazioaren bitartez), hain zuzen beharrezko datu guztiak egiaztatzeko, banakako elkarrizketak egiteko edo beharrezko espedienteak eta agiriak aztertzeko.

Baldin eta hierarkiako nagusiak edo erakundeak galarazi egiten badio haren aginduetara edo zerbitzura dagoen funtzionarioari edo enplegatuari Nafarroako Arartekoaren errekerimenduari erantzutea edo harekin elkarrizketatzea, idatziz adierazi beharko die, zioak emanda betiere, funtzionarioari eta Nafarroako Arartekoari berari. Nafarroako Arartekoak, hortik aitzina, beharrezko ikerketa guztiak helaraziko dizkio hierarkiako nagusiari edo erakundeko zuzendariari.

Indarreko legeriaren arabera agiri edo argibide bat sekretu ofizialtzat hartzeak ere ez du galaraziko honako posibilitate hau: Nafarroako Arartekoak agiri edo argibide horiek ezagutzea, legean unean-unean ezarritakoarekin bat etorriz. Alabaina, Nafarroako Gobernuak ukatu egin diezaioke Nafarroako Arartekoari agiria edo argibideak eskuratzea, zioak bilduko dituen erabakiaren bidez betiere. Nafarroako Arartekoak, argibidea edo agiria ikerketaren xederako funtsezkoa dela iritzita, horren berri eman diezaioke Nafarroako Parlamentuari edo gobernuaren erabakia hartzeko erakundeari. Halakoetan, Nafarroako Arartekoak edo haren menpeko pertsonalak eginiko ikerketak erreserbarik zorrotzenarekin gauzatu beharko dira, baina Nafarroako Arartekoak, legeen eremuaren baitan, egoki iritzitakoak ezar ditzake Nafarroako Parlamentuari igorritako txostenetan.

Baldin eta Nafarroako Arartekoaren ikerketen kontra egiteko edo eragozteko jarrerak irauten badu edozein erakunderen aldetik edo herri administrazioen zerbitzura dagoen edozein pertsonaren aldetik, txosten berezia egin ahal izango du, eta gainera, halako jarrera dagoela nabarmenduko du urteko txosteneko atal egokian.  Are gehiago, bere ebazpenak betetzeari uko egiteari edo bere eginkizunak eragozteari eusten dioten pertsonak identifikatu ahal izango ditu Nafarroako Arartekoak, baina aurretik horren berri emango dio agintari arduradun nagusiari.

Zigor Kodearen 502.2. artikuluan, zehapena ezartzen du, hain zuzen obeditze-delitupekoa eta Estatuko erakundeen eta botere-banaketaren kontrako delituaren egilea den aldetik, Nafarroako Arartekoaren ikerketa oztopatzen duen funtzionarioa edo agintaria, baldin eta eskaturiko txostenak bidaltzeari uko egiten badio edo berandu ematen badu edota ikerketarako beharrezkoak diren espedienteak edo agiriak eskuratzea zailtzen badu.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaren bidez, Erakundeari laguntzen ez dioten administrazioen eta erakundeen erregistroa sortu zen. Ebazpena Nafarroako Parlamentuaren 2007ko azaroaren 30eko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Erregistro horren bidez, argitara ematen dira Arartekoak burutzen dituen ikerketetan eta ikuskapenetan eskaturiko argibideak igortzen ez dituzten administrazioak eta erakundeak, hark egiten dituen gomendioei, lege-betebeharren gogorarazpenei eta iradokizunei erantzuten ez dietenak eta erakundearen ebazpena ohartzen ez dutenak eta horretarako arrazoiak egokiro zuritzen ez dituztenak.

Arartekoarekiko harremanak

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa Nafarroako Parlamentuaren goi mandataria da, eta Konstituzioak eta Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoak babesturiko eskubide eta libertateak defenditzea eta hobeki babestea du eginkizun, Nafarroako Foru Autonomiaren eskumenen baitan, eta Nafarroako herri administrazioak eta bere agenteak ikuskatzen ditu.

Nafarroako Arartekoa Gorte Nagusien goi mandataria da herritarren eskubide konstituzionalak defenditzeko, eta Nafarroako herri administrazioak eta bere agenteak ikuskatu egin ditzake.

Bere eginkizunak betetzean, Nafarroako Arartekoa independentea eta autonomoa da Herriaren Defendatzailearekiko. Ez du haren jarraibiderik jasotzen eta ez dihardu haren irizpideen arabera. Foru lege arautzaileak agindutako eginkizunak betetzen ditu autonomiaz, baina hori ez da eragozpen bere eginkizunak koordinatzeko Gorte Nagusiek izendaturiko Herriaren Defendatzailearekin legeria orokorraren baitan. Izan ere, lagundu egiten dio laguntzeko eskatzen dionean eta beharrezkoa denean, eta laguntza jasotzen du harengandik ondorio berdinetarako.

Hortaz, Nafarroako Arartekoak, bere eginkizunak betetzean, Gorte Nagusiek izendaturiko Herriaren Defendatzailearengana jo dezake –eta beste autonomi erkidego batzuetako Herriaren Defendatzaileengana edo antzeko erakundeetara- Nafarroako lurralde-eremutik haragoko jarduketak koordinatzeko.

Are gehiago, Nafarroako Arartekoak akordioak ezar ditzake Gorte Nagusiek izendaturiko Herriaren Defendatzailearekin batera jarduteko irizpideak finkatzeko, bi erakundeen arteko koordinazioa, lankidetza eta laguntza gauzatze aldera. Lorturiko akordio orokorrak Nafarroako Parlamentuari jakinarazi behar zaizkio, jakinaren gainean egoteko eta onespena emateko. Akordioak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira.

Nafarroako Arartekoak, ofizioz edo alde batek eskatuta, Herriaren Defendatzailearengana jo dezake horretarako zioak emanda, honako eskaera hau egiteko: herritarren interesak aldezteko eta, egoki irizten badio, Herriaren Defendatzaileak konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa edo babes eskeko errekurtsoa aurkeztu edo baliatu dezala, edo gomendioak edo iradokizunak egin diezazkiola Estatuaren Administrazioari baldin eta Estatuaren administrazioaren funtzionamendu txarraren edo estatu mailako eskumeneko arauen ondorioz gertatzen badira Nafarroako herri administrazioaren funtzionamenduko hutsegiteak.

Giza baliabideak eta baliabide materialak

Nafarroako Arartekoak bere eginkizuna betetzeko beharrezko konfiantzako pertsonala eta aholkulariak izendatu eta kargutik kendu ditzake libreki, betiere onetsitako aurrekontuko mugen barnean. Nafarroako Parlamentuaren zerbitzurako behin-behineko pertsonalaren araubide juridikoa aplikatzen zaie. Nafarroako Ararteko berria karguaz jabetzean kenduko da bere kargutik aipaturiko pertsonal hori.

Nafarroako Arartekoaren gainerako pertsonala Nafarroako Parlamentuko plantillako pertsonala da, eta Arartekoari dagokio haren destinoa esleitzea eta diziplina-ahalmena erabiltzea, zerbitzutik kentzea izan ezik, baita laneko egoeraren edo funtzionario izatearen gaineko egintza guztiak ere.

Nafarroako Arartekoak bere aurrekontuaren aurreproiektua egiten du, Nafarroako Parlamentuaren Aurrekontuaren proiektuari buruzko arauekin bat etorriz izapidetzen dena. Nafarroako Arartekoaren diru-baliakizuna Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuko partida bat da.

Nafarroako Arartekoa Nafarroako Parlamentuaren araubide beraren menpe dago kontabilitaterako, kontu-hartzailetzarako gastuak egiteko, ondasunak eta eskubideak kontratatzeko eta eskuratzeko araubideen ondorioetarako.

Herritarrentzako Arreta Bulegoa

Nafarroako Arartekoa erakundearen baitan, “Herritarrentzako Arreta Bulegoa” izenekoa dago. Ez da erakundearen egituraren barneko unitate organikoa, sail funtzionala baizik, eta lehenbizi herritarrentzako arretaren ardura du, eta bereziki, argibideak eta orientazioa emateko eta, hala denean, haien eskubideak hobeto eta eraginkorrago erabiltzeko moduari buruzko aholkuak.

Herritarrentzako Arreta Bulegoak herritarren kontsultak eta bisitak jasotzen ditu, eta era askotako arazoak azaltzen dituzte horietan. Bulegoak ematen duen informazioari esker, Nafarroan bizi diren herritarrentzat kezkagarrienak diren arazoak jakiteko modua dago; izan ere, nagusiki arazo sozialak eta ekonomikoak dira. 

Bibliografia

  • Hainbat egile, El Defensor del Pueblo de Navarra (Alberto Pérez Calvok zuzendutako talde-lana), Pro libertate bilduma, 20 zk., Nafarroako Gobernua, Iruñea, 2009.
  • Enériz Olaechea, F J., “El Defensor del Pueblo de la Comunidad Foral de Navarra”, Nafarroako aldizkari juridikoa, 42 zk., 2006ko uztaila-abendua, 11-54 orr.
  • Enériz Olaechea, F J, “Derechos y deberes de los ciudadanos navarros. el Defensor del Pueblo de la Comunidad Foral de Navarra”, Nuevas perspectivas y retos en el XXV aniversario del Amejoramiento del Fuero, J A Razquin Lizarragak zuzendutako talde-lana, Nafarroako Gobernua, Iruñea, 2007, 355-423 orr.
  • Enériz Olaechea, FJ, Beltrán Aguirre, JL, Sarasíbar Marco, C., eta Álvarez Asiáin, P, La institución del Defensor del Pueblo de Navarra, 1. edizioa, Nafarroako Arartekoa erakundeak argitaraturiko lana, Iruñea, 2008.
  • Enériz Olaechea, FJ, Beltrán Aguirre, JL, Sarasíbar Marco, C., eta Álvarez Asiáin, P, La institución del Defensor del Pueblo de Navarra, 2. edizio berrikusia, Nafarroako Arartekoa erakundeak argitaraturiko lana, Iruñea (Nafarroako Arartekoa erakundearen web orrian baizik ez da agertzen).
  • Galán Lorda, M, De la Iglesia Chamorro, A, eta Salvador Armendáriz, M. A., El Defensor del Pueblo de la Comunidad Foral de Navarra (Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen analisia: Erakundearen aurrekari historikoak eta araubide juridikoa), Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa erakundea, Nafarroako Unibertsitatearen laguntza, Iruñea, 2004.
  • Mateo Sanz, E, “Aproximación a la figura del Defensor del Pueblo de la Comunidad Foral de Navarra”, Administración y Derechos, Nafarroako Arartekoa erakundea, Iruñea, 2001.
  • Moscoso del Prado Muñoz, J, “El Defensor del Pueblo de Navarra”, Administración y Derechos, Nafarroako Arartekoa erakundea, Iruñea, 2001.Pérez Calvo, A, eta Razquin Lizarraga, M M, Manual de Derecho Público de Navarra, Pro Libertate bilduma, 2 zk., 3. edizioa, Nafarroako Gobernua, Iruñea, 2007, 211-221. orr.

ErreferentziakAldatu