Nabigazio hondakinak nabigazio jardueraren ondorioz sortutako ontzi-hondar mota konkretuak dira, flotsam, jetsam, lagan eta derelict kontzeptuetan bereiziak, bakoitza esanahi nautiko zehatzarekin itsas zuzenbidean eta salbamendu legeetan. Ontzi-hondarra naufragio baten ondorioz gelditzen den hondakina da, kontzeptu horrek hondoratuta zein flotean gelditzen diren materialak biltzen dituelarik. [1]

Haurrak nabigazio hondakinak biltzen, XIX. mendeko margolar daniar batean.

Ikuspegi orokorra

aldatu
 
Michel Falmouth arraste ontziaren ontzi-hondarra Saturraranen (Mutriku), 2006 urtean.[2]

Ontzi-hondarra itxuraz jaberik ez duen ondasun gisa sailkatzen da, hondoratua zein flotean egon daitekeena. Itsasora nahita botatakoa izan daiteke, edo istripu baten ondorioz. "Ontzi-hondar" terminoaren baitan itsasontziaren kroskoa eta bere aparatuak biltzen dira, baita ontzian dauden beste edozein objektu mota ere, hala nola zama eta biltegiak, eskifaiaren eta bidaiarien efektu pertsonalak barne.[3]

Ontzi-hondarrek prozesu fisiko eta kulturalen eragina jasan dezakete. Lehenengoak faktore naturalak dira (gazitasunak eta ozeano korronteek eragindako korrosioa, bertako eta kanpoko itsas organismoen hazkundea...). Bigarrenak, berriz, gizakien arteko elkarrekintzak: material gehiketa edo kenketa, jarduera arkeologikoa...

Itsas zuzenbideari dagokionez, hondakin mota bakoitzari esanahi desberdina egozten zaio, jurisdikzioan eta testuinguruan oinarrituta (adibidez, lehorrera ailegatzen diren eta itsasoan gelditzen diren gaien artean bereiziz).

Salbamendu legea

aldatu

Ontzi-hondarren jabetza oso gai eztabaidagarria da, ez baitago definizio garbirik; eta jabetza hori bide oso desberdinetatik har daiteke, oinordekotzatik hasita konfiskazioraino. Ontzia bera eta ontziak daraman zama ere bereizten dira; izan ere, ez da arraroa izaten kroskoa bertan behera uztea eta zama errekuperatzea (larrialdi egoeran, edo enbarkazioari pisua kendu behar izanez gero).

Parametro horietan, bidaiariek itsasontzia bertan behera uztea jabetza galtzea da, baina propietatearen erreklamazioa bertan behera uzteko, beharrezkoa da erreklamazioari apropos uko egitea; honek "abandonatutzat" jotzen diren ontzi-hondarrak zehazten du. Orokorrean, itsasontzia "abandonatutzat" jotzen da berreskuratzeko itxaropenik ez dagoenean (legez sine spe recuperandi izenarekin ezagutzen dena).

Flotsam, jetsam, lagan eta derelict

aldatu

Ingelesezko izen tekniko hauek beste hizkuntzetan ere oso erabiliak dira,[4] nabigazio, salbamendu zein zuzenbide arloetan.[5] Euskaraz troba esan izan zaiona flotsam eta jetsam bezala sailkatutako hondakinekin bat letorke.

Flotsam

aldatu
 
Flotsam Terschellingeko hondartzan, Wadden itsasoan

Flotsam edo flotsan itsasoaren azalean flotean dagoen nabigazio hondakina da, izan naufragio baten ondorioz, zein kareletik apropos botatakoa,[6] gai likidoak eta erregaia barne.[7]

Jabetza definitzeko modu argirik ez dagoenez,itsas zuzenbidearen ikuspegitik flotsam aurkitzen duenak hura erreklamatzeko eskubidea du, baldin eta beste inork jabetza aldarrikatzen ez badu. [8] Kasu batzutan, iturria ezagututa ere aurkitutako ondasunak flotsam bezala har daitezke; horrela gertatu zen 2019ko urtarrilean MSC Zoek itsas zakarraren eraginez Alemaniako Borkum uhartearen ondoan galdutako 270 zama edukiontziekin.[9]

Jetsam

aldatu

Jetsam ontzi batetik nahita botatako zama izendatzeko erabiltzen da (ez derrigorrez naufragio baten ondorioz). Jetsama ere flotean egon daiteke, nahiz eta hitzak baldintza hori ez zehaztu[10] (jettisoning kontzeptuak gauzak kareletik botatzeari egiten dio erreferentzia, ontzia arriskuan denean zama arintzeko).[6]

Itsas zuzenbidearen arabera, gai hauek aurkitzen dituenak ere ez dizkie jabeari zertan itzuli behar, hauek legezko erreklamazioa egiten ez duten artean. [8]

 
Buia nahikoa da erantsitako artefaktu baten gaineko erreklamazioa mantentzeko

Lagan edo ligan (frantses zaharreko lagand hitzetik, "etzana"[11]) kareletik botatako eta hondoratutako gaiak, dira, itsas hondoan markatzaile mugikor bati lotuta geratzen direnak (buia edo kortxoa oro har), berriro aurkitzeko moduan. Hondoratutako ontzian harrapatuta dauden objektu handiak ere lagan izan daitezke. [6]

Itsas zuzenbidearen arabera, buia edo beste objektu flotatzaile bat ezartzea nahikoa izaten da objektu bat erreklamatu ahal izateko, eta beraz, lagana dagokion jabeari itzuli behar zaio. [8]

Derelict

aldatu

Derelict ("ruina") kontzeptuak itsas hondoan dauden hondakinei egiten die erreferentzia, jabeak gogoz edo indarrez jabetzari uko egin dienean, bertan behera utzita inork berreskuratzeko esperantzarik gabe.[6]

Erreferentziak

aldatu
  1. Cambridge English Dictionary. "Shipwreck definition.": http://dictionary.cambridge.org/us/dictionary/english/shipwreck
  2. (Gaztelaniaz) «Concluye la obra de achatarramiento del barco 'Michel' en Saturrarán» El Diario Vasco 2007-02-22 (Noiz kontsultatua: 2021-06-06).
  3.  doi:10.1016/S1057-2414(99)80024-7..
  4. (Gaztelaniaz) Favela, Jovita. (2018-02-26). «Ruina» Plataforma Digital de Economía, Derecho y otras Ciencias Sociales y Humanas (Noiz kontsultatua: 2021-06-06).
  5. (Gaztelaniaz) » EL SALVAMENTO. (Noiz kontsultatua: 2021-06-06).
  6. a b c d Norris, Martin J. "The Law of Salvage". Baker, Voorhis (1958)
  7. Fernández, Ramón Fernández-Guerra. (2010). «Caso de Derecho marítimo: Naufragio y remoción del buque "Castillo de Salas"» e-Legal History Review (9): 5. ISSN 1699-5317. (Noiz kontsultatua: 2021-06-06).
  8. a b c Columbia Electronic Encyclopedia, 6th Edition. "Flotsam, jetsam, and ligan". (2016) https://www.infoplease.com/encyclopedia/social-science/law/international/flotsam-jetsam-and-ligan
  9. «Flat-screen TVs, Car Parts Wash Ashore As Cargo Ship Containers Break» NDTV.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-06).
  10. (Ingelesez) «JETSAM | Definition of JETSAM by Oxford Dictionary on Lexico.com also meaning of JETSAM» Lexico Dictionaries | English (Noiz kontsultatua: 2021-06-06).
  11. (Ingelesez) «lagan» Oxford Reference  doi:10.1093/oi/authority.20110803100047781. (Noiz kontsultatua: 2021-06-06).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu