Murriztapen gramatika

Murriztapen gramatika (ingelesez Constraint Grammar, CG) desanbiguazio lexikoa eta esaldien azaleko azterketa sintaktikoa egiteko erabiltzen den erregela bidezko gramatika mota bat da (orokorrean, mila erregela baino gehiago izaten dituzte halako gramatikek). Kontzeptua Fred Karlssonek sortu zuen, 1990ean, eta egun hainbat inplementazio ditu hizkuntza askotan. Murriztapen gramatikaren printzipio nagusiak hauek dira[1]:

  • CG formalismoa hizkuntzarekiko independentea da, analisi morfologikoan oinarritzen da eta helburua edozein testu analizatzea du.
  • Erregelen bidez, analisi morfologikoaren eta funtzio sintaktikoen desanbiguazioa aurrera eramaten ditu CGk. Erregela horiek, testuinguru jakin batean zuzenak/egokiak ez diren ahalik eta interpretazio gehienak kentzen dituzte. Horregatik esaten da murriztailea dela.

Formalismo horren zeregin nagusia, beraz, desanbiguazioa da, morfologikoa zein sintaktikoa. Desanbiguazio-erregela horiekin batera, islapen-erregela edo mapaketa-erregela deriztenek ere osatzen dute gramatika, eta haien zeregina da etiketatze morfologikoan nahiz sintaktikoan emandako hutsuneak osatzea, testuingurua kontuan hartzeko aukera ematen baitute.

Erreferentziak aldatu

  1. Euskara Institutua, EHU, "Murriztapen Gramatika", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.es/seg, ISBN: 978-84-693-9891-3

Bibliografia aldatu

  • Karlsson, Fred, Atro Voutilainen, Juha Heikkilä, eta Arto Anttila, editoreak. 1995. "Constraint Grammar: A Language-Independent System for Parsing Unrestricted Text (Natural Language Processing, No 4)" Mouton de Gruyter, Berlin and New York. ISBN 3-11-014179-5

Kanpo estekak aldatu