MK Ultra proiektua

CIAren legez kanpoko programa, kontrol mentala ikertzekoa
CIAren MK Ultra proiektuaren dokumentu bat, erdi-zentsuratua. Bertan, proiektu bat gauzatzeko beharrezko LSDa eta haren prezioari buruz hitz egiten da.

MK Ultra proiektua —batzuetan CIAren kontrol mentalerako programa bezala aipatua— legez kanpoko sekretupeko programa bati jarri zitzaion gako-hitza izan zen, Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralak (CIA) martxan jarria eta gizakietan esperimentuak egiteko pentsatua. Saiakera hauek substantzia eta prozedura berriak aurkitu eta garatzea zuten xede, galdeketetan eta torturetan erabiltzeko. Substantzia edo prozedura horiek norbanakoa ahultzen zuten eta kontrol mentalaren bidezko tekniken bidez aitormenak egitera behartzen zen.

CIAren Inteligentzia Zientifikoko Banaketak antolatu zuen proiektua, Estatu Batuetako Armadaren Operazio Berezien Zuzendaritzarekin batera.[1] Programa 1950ko hamarkadan abiarazi zen eta 1953an ofizialki zigortua izan zen, hala ere, 1964. urtera arte bere horretan jarraitu zuen programak; urte horretan ekintzak poliki murrizten hasi zen, harik eta 1973. urtean bertan behera utzi arte.[2] Programak legez kanpoko ekintza bat baino gehiago burutu zituen, adibidez, Estatu Batuetako eta Kanadako biztanle batzuk gogoz kontra hartu eta esperimentuak egin zizkien, horrek haren zilegitasuna deuseztatu zuen.[3][4][5][6][7] MK Ultrak hainbat metodologia baliatu zituen subjektuen egoera mentala aldatzeko, hala nola, LSD bezalako drogen bidez haien garun-funtzioak aldatu zituen; gainera, hipnosia, sentimen-gabezia, tortura era ugari eta ahozko zein sexu gehiegikeriak erabili zituen.[8]

MK Ultra oso proiektu zabala izan zen, 80 erakunde baino gehiagotan gauzatu baitzen, horien artean 44 college-ak eta unibertsitateak ziren eta besteak erietxeak, espetxeak eta botika-konpainiak.[9] CIAk erakunde hauek estalki gisa baliatzen zituen, nahiz eta bertako zuzendaritzako edo aginteko kide asko CIA egiten zebilena jakin.[3]

AipamenakAldatu

1985ean Estatu Batuetako Gorte Gorenak honela definitu zuen proiektua:[10]

« «Arma kimiko, biologiko eta erradiologikoen ikerketa eta garapenak eta giza-jokabidearen kontrolerako ezkutuko operazioetan baliatzeko materialek» arduratuta, 149 azpiproiektuk osatu zuten, agentziak hainbat unibertsitate, ikerketetara bideratutako fundazio eta antzeko erakundeak kontratatu zituen. Gutxienez 80 erakundek eta 185 ikerlari pribatuk parte-hartu zuten. CIAk MK Ultra zeharka finantzatu zuenez, parte-hartzen zuten pertsona askok ez zuten agentzia atzean zutela jakin. »

—Estatu Batuetako Gorte Gorena

1975etik aurrera, iritzi publikoan zeresan handia izan zuen MK Ultra proiektuak, izan ere, Church Batzordea inteligentzia agentziak egindako gehiegikeriak ikertzeari ekin zion; Gerald Ford Batzordearekin batera. Alabaina, lan hauek garaiko CIAko zuzendariak oztopatu zituen, Richard Helmsek, zeinak MK Ultra proiektuarekin loturiko dokumentu guztiak suntsitzeko agindua eman zuen. Hortaz, Church eta Rockefeller Batzordeak zinpeko testigantzekin eta geratu ziren dokumentu apurrekin moldatu behar izan ziren.[11]

Beranduago, 1977an (Informazio Askatasunaren Legeari esker proiektuarekin zerikusia zuten 20.000 dokumentu) eta 2001eko uztailean, proiektu honi buruzko beste hainbat dokumentu desklasifikatu ziren, horrek senatuko agerraldiak eragin zituen 1977an.[3]

ErreferentziakAldatu

  1. «Advisory on Human Radiation Experiments» web.archive.org 2015-10-11 . Noiz kontsultatua: 2020-02-27.
  2. Jo Thomas (1977ko irailaren 3). «C.I.A Says It Found More Secret Papers on Behavior Control: Senate Panel Puts Off Hearing to Study Data Dozen Witnesses Said To Have Misled Inquiry C.I.A». Tells Of Finding Secret Data. New York Times.
  3. a b c (Ingelesez) «Project MKULTRA, The CIA´s program of research in behavioral modification» (PDF) New York Times . Noiz kontsultatua: 2020-02-27.
  4. «U.S. Senate Report on CIA MKULTRA Behavioral Modification Program 1977 | Public Intelligence» publicintelligence.net . Noiz kontsultatua: 2020-02-27.
  5. «Office of Health, Safety and Security | Department of Energy» web.archive.org 2013-11-13 . Noiz kontsultatua: 2020-02-27.
  6. «Science, Technology and the CIA» nsarchive2.gwu.edu . Noiz kontsultatua: 2020-02-27.
  7. «Assassination Archive and Research Center» ASSASSINATION ARCHIVES . Noiz kontsultatua: 2020-02-27.
  8. (Ingelesez) Russell, Dick. (2008). On the Trail of the JFK Assassins: A Groundbreaking Look at America's Most Infamous Conspiracy. Skyhorse Pub. ISBN 978-1-60239-322-6 . Noiz kontsultatua: 2020-02-27.
  9. Horrock, Nicholas M. (1977ko abuztuaren 4). «80 Institutions Used in C.I.A. Mind Studies: Admiral Turner Tells Senators of Behavior Control Research Bars Drug Testing Now». New York Times.
  10. CIA v. Sims. Argued December 4, 1984, 159 or. . Noiz kontsultatua: 2020-02-27.
  11. «An Interview with Richard Helms — Central Intelligence Agency» www.cia.gov . Noiz kontsultatua: 2020-02-27.