Ireki menu nagusia
Likido interstiziala (goian, eskuinean) eta kapilarraren arteko harremana erakusten duen irudia

Likido interstiziala zelulen arteko tartean dagoen likidoa da. Likido honek zelulak elikagaiez hornitzen ditu eta haien hondakinak jaso eta kanporatzen ditu.

Odol-plasmaren exudatua da, hodi kapilarretatik datorrena. Izan ere, odol-plasma eta likido interstizialaren arteko ur eta gai solutuen trukea mintz kapilarraren alde baterako zein besterako difusioz gertatzen da. Difusioaren intentsitatea berdintsua ohi da mintzaren alde bietan, eta horrela bi espazioetako isurkari bolumenak aldagabe irauten du. Difusio horretan presio hidrostatikoak eta presio osmotikoak funtsezko zeregina burutzen dute.

Gizabanako heldu baten likido interstizialaren bolumena 11 litro ingurukoa da.

Bere konposizioari dagokionez odol-plasmaren antzekoa da, baina proteina gutxiago ditu, hauek ez baitute erraz lortzen hodi kapilarrak zeharkatu.

Edema likido interstizialaren gehiegizko pilaketa da ehun batean. Hodi kapilarren presio hidrostatikoa handia (edo presio osmotiko txikia) dagoenean gertatzen da, kapilarretatik likido asko zelulen arteko tartera pasatzen baita (ikus irudia).

Linfak likido interstizialean dauden substantziak jaso eta linfa kapilarretara pasatzen ditu, hasiera batean, eta gero odol-hodietara eta zainetara.