Sagarrondoa - (Zuhaitza)

ZUHAITZA: Europa eta Asia Mendebaldeko zuhaitza da sagarrondoa; haren zuragatik baino fruituarengatik ezagunago dena eta gaur mundu guztian zehar landatzen da. Neurri txikikoa da, gehienez ere 8 edo 10 m.ko garaiera duena eta enborra oker izan ohi du. Alde gutxi egon ohi da landaturikoaren eta basokoaren zuran. ZURA: Sagarrondoak zur argi edo nabar larroxaska izaten du, textura oso leunekoa, baina ez makatzondoak lakoa. Enborra bihurrituta duten zuhaitzek, bikorra sarri askotan kiribildua izaten dute. Zur astuna da ohiz, ia pagoarena beste. PROPIETATE TEKNIKOAK: Astiro lehortzen da sagarrondo zura eta lehortze bitartean pitzatu eta deformatu egiten da; behin lehor, egonkorra da. Zur gogor eta trinkoa da, haren zailtasunarengatik ezaguna eta nekez pitza daitekeena. Zerratzeko erraza da eta akabera onekoa, nahiz eta lantzeko gaitzagoa den. Bikorra irregularra bada, arretaz ibili behar da urradurak sahiesteko. Tindatu zein leundu egin daiteke. Usteltze baldintzetan galkorra da. ERABILERA: Kopuruz mugatua izateagatik eta neurri txikiko zatietan soilik dagoenez eskuragarri, egokiagoa da artisautza lanetarako lan industrialetarako baino. Oso ongi lantzen da tornuan eta, haren teztura leuna dela-eta, xehetasun ugarirekin taila daiteke. Horzdun gurpiletarako, egurrezko torlojuetarako, jaurtigailuetan, golf makilen buruetarako eta zurginen lanabesterako erabilia izan da, hala nola, eskuila, kurbi, zurmailu eta zerren heldulekuetarako. Oso zur apaingarria da, inkustrazio lanetarako egokia oso.