Lankide:EgoitzXabi/Proba orria

MARTXOAREN IRAULTZA:

Urtarrila zen 1917ko Zurichen eta 47 urteko Leninek idatzi zuen: «Guk zaharrok, ez dugu gure bizitzetan berriz ere inoiz iraultza bat ikusiko».

Petrogrado hiri burges bat zen. Baina hiri hura ez zen burgesena soilik. Kanpoaldean, Neva ibaiaren iparraldean, Vyborg barrutia zegoen: 400.000 langile bizi ziren han.

Martxoaren 8an, bost gradu egiten zituen zero azpitik. Osteguna zen, eta Emakume Langileen Nazioarteko Eguna ospatzen zen. Lantegietako emakumeak manifestazioan batu ziren. Milaka ziren iparraldeko auzotik Nevara zihoazenak. Alexander II.aren zubia gurutzatu zuten Nevski perspektibara bidean. Ez zen nolanahiko ibilbidea 6 kilometroko hura. Zorionez poliziek eta kosakoek ez zieten aurre egin zubia gurutzatutakoan: «Soldaduen familientzako errazioak handitu» irakur zitekeen zeramaten pankartetako batean.

Nevski etorbidean, lantegietako emakumeek sufragisten manifestazio batekin egin zuten topo. Emakumeentzako bozka eskubidea aldarrikatzen zuten sufragistek. Eguerditik zeuden Nevskin burgesak. Bi manifestazioek bat egin zuten. Festa egun bat zirudien. Inork ez zuen hainbeste jende espero. Manifestarientzat opari bat izan zen. Gainera, hurrengo egunean gehiago izateko aukera zuten. Estatuarentzat ere argi zegoen: halakoak ezin ziren errepikatu.

Iraultzaren bigarren egunean, martxoaren 9an, lantegietako gizonek masiboki bozkatu zuten grebaren alde emakumeekin bat egiteko. Honakoan polizia zuten zain Alexander II.aren zubi gainean. Baina Neva izoztuta zegoen eta manifestariek gurutzatu eta hegoko ertzean segitu zuten. 150.000 gizon-emakume ziren Petrogradoko bihotzean Marseillesa errusieraz abesten. Jada ez zuten soilik ogia eskatzen, erregimena eraistea baizik.

Baina 1917ko martxoan abian jarri zena ez zen izan «gertakizunen kate logiko bat» urrian burutuko zena. Ala Horkheimerrek esan zuen bezala «Historiak ez dauka arrazoirik... historiari panteismoz autonomia ematea (...) metafisika dogmatikoa» baino ez delako. Ezustea da iraultzen elementu funtsezko bat.

Sobietarren eraginik gabe ezingo litzateke XX. mendea ulertu, ezta gaur egun mundu zabalean gertatzen diren gatazka politiko eta beste egoera sozial ugari ere. Josep Fontana historialariak (Bartzelona, 1931) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan 2016ko urrian emandako hitzaldia itzuli dugu LARRUN honetarako, ederki azaltzen baitu zergatik komeni zaigun Errusiar Iraultza ikastea: orain ditugun arazo askoren aurrean hausnartzeko balio digu 1917ko iraultzaren mendeurrena gogoratzeak. Aldi berean, ezinezkoa litzateke Errusian duela ehun urte gertaturikoa ulertzea aurreko hamarkadetan herrialde erraldoi hartan bizi izandako giro iraultzailea aztertu gabe, askotan uste dena baino anitzago eta erabakiorragoa. Hurbilketa hori egiten saiatu gara hurrengo orrietan.

Historiak historia eta mitoak mito, 1917ko iraultzaren iruditeria oso bat heldu zaigu XXI. mendekooi. Iruditeria horretan gizonezko iraultzaile intelektual talde batek gidatuta Errusiako sozialdemokrata minoritario baina gogorrek, boltxebikeek, boterea hartzen dute urrian Neguko Jauregia asaltatuz. Ondoren datoz 1918ko urtarrilean Konstituzio Batzarra desegitea eta "proletargoaren diktadura" ezartzeko programa. Nolabait, historiak eta mitoak esan digute iraultza arraro bat izan zela hura, determinismo marxistak iragartzen zuenaren kontrara, langile klasea ondu gabeko jendarte batean egina –horrek ondorio tragikoak utzi ei zituelarik–. Europako beste herrialde industrializatuetako langileen laguntzarik gabe ezinezkoa zen iraultza, baina posible zen etorkizuneko baldintzak eraikitzea: eredu burokratiko batekin estatuak kapitalaren pilaketa areagotzea, estaturik gabeko antolaketa komunista bateranzko trantsizioa eginez.

Sobietar sozialismo erreala porrota izan zela azaldu digu Mendebaldeko kontakizunak. Errusiako Gobernuak berak erreparo handiak ditu mendeurrena gogoratzeko, azaroaren 7rako –urriko iraultzaren data klabea hori izan zen, egutegi juliotarrean– hainbat ekitaldi antolatu ditu Kremlinak, baina historia komisio baten eremu akademikora mugatu du gaia, "berradiskidetzea" helburu. Putinen Errusian Romanov dinastiaren aldeko monumentuak jasotzen dira nola nostalgia sobietarra duten desfileak berreskuratu. Anbiguotasun kalkulatu bat barne batasuna indartzeko.