Kristoren arima (latinez: Anima Christi) Eliza Katolikoaren Erdi Aroko otoitz tradizionala da. Haren esaldi-segidak Eukaristiarekin (Kristoren Gorputza eta Odola), bataioarekin (ura) eta Kristoren Nekaldiarekin (zauriak) lotutako kontzeptu katolikoekin erlazio aberatsak ditu[1].

Hitzak aldatu

Latinezko hitzak Euskarazko hitzak[2] Euskarazko hitzak (beste bertsio bat)[3]
Anima Christi, sanctifica me.
Corpus Christi, salva me.
Sanguis Christi, inebria me.
Aqua lateris Christi, lava me.
Passio Christi, conforta me.
O bone Iesu, exaudi me.
Intra tua vulnera absconde me.
Ne permittas me separari a te.
Ab hoste maligno defende me.
In hora mortis meae voca me.
Et iube me venire ad te,
ut cum Sanctis tuis laudem te,
in saecula saeculorum. Amen
Kristoren arima, santutu nazazu.
Kristoren gorputza, salba nazazu.
Kristoren odola, horditu nazazu.
Kristoren saihetseko ura, garbi nazazu.
Kristoren nekaldia, indartu nazazu.
O Jesus ona, entzun iezadazu.
Zure zaurien barruan, ezkutatu nazazu.
Zugandik alde egiten, ez niri utzi.
Etsai gaiztoengandik, gorde nazazu.
Nire heriotz-orduan, deitu nazazu.
Eta Zugana joateko, agindu iezadazu.
Zure santuekin batean, Zu gora zaitzadan.
Gizaldiz gizaldi, beti sekuletan. Amen
Kristoren arima, saindu nezazu.
Kristoren gorputza, salba nezazu.
Kristoren odola, bero nezazu.
Kristoren sahetseko ura, garbi nezazu.
Kristoren pasionea, azkar nezazu.
Oi ene Jesus ona, entzun nezazu.
Zure zaurietan, gorde nezazu.
Zure ganik urruntzera, utz ez nezazu.
Etsai gaixtotik, begira nezazu,
zure sainduekin batean gorets zaitzadan
menderen mendetan

Joakin Lizarragaren liburuan honako bertsio honetan agerten da:

« O Kristoren arima, sandu benaza, sandu benaza ni. Kristoren gorputza, salba benaza. Kristoren odola, amoros benaza. Kristoren bularreko ura, garbi benaza. Kristoren pasioa, bizkor benaza. O Jesus ona, adi benaza, bere llagen barnean altxa benaza. Ez nazala utzi apartatzera bereganik. Eriotzeko orduan dei benaza bere sandueki berorrengana, lauda dezaten bere sandueki beti. Amen. »

[4]


Jatorria aldatu

Otoitz honen jatorria ezezaguna da, baina XIV. mendean konposatu zitekeela suposatzen da. Mende horretako hogei eskuizkribu daude gutxi gorabehera otoitz hori dutenak. Britainiar Museoan dagoen 1340 inguruko eskuizkribuak beste bertsio batean dauka. Mende horretan jada alemanera, frantsesera eta italierara itzulita ageri zen. San Tomas Akinokoari, Joan XXII.a Aita Santuari, Bernardino Feltreko dohatsuari eta San Ignazio Loiolakoari egotzi zitzaion.

Gogo-jardunak aldatu

Kristoren arima otoitzak hedapen berritua lortu zuen San Inazio Loiolakoari esker bere Gogo-jardunak bildumako meditazio batzuetan agindu izanagatik. Bildumaren inprimatutako edizioetan otoitzaren hitzak gehitzen ziren, eta hark otoitza konposatu zuela uste zen[5].

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «Anima Christi» Our Catholic prayers.
  2. «Kristoren arima» Loiola santutegia.
  3. Etchehandy, Marcel. (2007). «Saindu nezazu» Gure otoitza gaur. Biblia elkartea, 48 or..
  4. Lizarraga, Joakin. (2004). Sermoiak. Zenbait predicu ta platica euscaras. Eusko Jaurlaritza, 636-637 or..
  5. (Ingelesez) Frisbee, Samuel. (1907). «The Catholic Encyclopedia» New Advent (New York: Robert Appleton Company) 1.

Kanpo estekak aldatu