Kontsonante afrikatu
Fonetikan, kontsonante afrikatu bat, bi fasez konposatutako kontsonante bat da. Hasierako fase herskarian, aire emaria ahots-bidean guztiz eragozten da, eta hurrengo fase igurzkarian atxikia den airea irekitze ia hertsi batetik pasatuz askatzen da.
Artikulazioa Aldatu
Hastapeneko fase herskaria eta ondoko askatze fasea ahoskune berean egin behar dira.
Notazioa Aldatu
Afrikatuak maiz bata bestearen osteko bi kontsonante erabiliz irudikatzen dira (hau da, [kx]). Hala ere, bi faseek fonema bakar bat osatzen dutela erakusteko moduren bat baliatzea hobesten da, hara non bi ikurrak gainetik estaltzen dituen kotura kakoa. Esaterako, euskaraz /t͡ʃ/, /t͡s̺/ eta /t͡s̻/ erabil daitezke. Egungo grafia batuan, hurrenez hurren: <tx>, <ts> eta <tz>.
Euskaraz Aldatu
Euskaraz kontsonante afrikatuak hiru ahoskunetan aurki daitezke: /t͡s̺/ hobikari-apikaria (egungo grafia batuan <ts>), /t͡s̻/ hobikari-lepokaria (egungo grafia batuan <tz>) eta /t͡ʃ/ hobiostekoa (egungo grafia batuan <tx>).
Banaketa Aldatu
Hitz hastapenean (/#_) Aldatu
/t͡s̺/ eta /t͡s̻/ oso urriak dira hitz hasieran (tsar, tzakur). /s̺/ eta /s̻/, ordea, maiz erabili ohi dira (sagu, zopa). Bestalde, /ʃ/ eta /t͡ʃ/-ren banaketa desberdina da euskalki batetik bestera (xede, txerri).
Bokal artean (/V_V) Aldatu
Bokal artean /s̻/ eta /t͡s̻/, zein /s̺/ eta /t͡s̺/-ren arteko oposizio tinkoa da eta biak agertzen zaizkigu: azal, izan, atzo, etzi, etzan, esan, osaba, atso, otso...
Herskari baten ondotik (/C_) Aldatu
Maileguetan ekialdean, herskari + txistukari → afrikatu bihurtzen dira (etsenplu, atsolutoki).
Ozen baten ondotik (/n, l, r_) Aldatu
Ozenen ostean gurzkariak afrikatzen dira: antz, pentsa, beltz, eltze, hartz, ertz.
Aldiz, ozen + igurzkari taldearen ostean herskari bat dagoenean, desafrikazioa dugu: beltz > belztu, hortz > horzkari, mendirantz > mendiranzko.
Kontsonante bat aitzin (/_C) Aldatu
Kontsonante aurrean, beraz, igurzkariak baino ez dira agertzen: esne, ahizpa, gaixto, ixtorio.
Konposaketan eta eratorpenean ere desafrikazioa dugu: hotz > hoztu, hitz + tegi > hiztegi, hetsi > hesten, itxi > ixten.
Hitz bukaeran (/_#) Aldatu
Hitz amaieran afrikatuak dira ohikoenak (mahats, latz), baina igurzkariak ere posible dira (maiz, arnas).