Ireki menu nagusia
Koazerbatuak

Koazerbatuak disoluzio koloidal batean agertzen diren tanta esferiko txikiak dira, disolbatzailean disolbatzen ez diren molekula organikoz osatuak. Tanta horiek molekula hidrofoboz osatutako mintzak dituzte.

Aleksandr Oparin zientzialari sobietarrak koazerbatuek biziaren sorreran izan zuten garrantzia azpimarratu zuen bere Lur Gaineko Biziaren Jatorria liburuan (1922an). Oparinen ustez, koazerbatuak egitura aurre-biologikoak ziren, molekula organikoen eta zelularen arteko erdiko bidean zeudenak.

Oparinen ustez koazerbatu horiek ozeanoen salda primitiboan agertu ziren eta hazteko gaitasuna zuten, beste polimero edo molekula ez-disolbagarriak harrapatzen zituztenean [1]

1960ko hamarkadan Sidney Fox ikerlari estatubatuarrak polipeptidoak lortu zituen aminoazidoen soluzioak berotuz.[2]. Polipeptido horiek koazerbatuen antzeko egiturak eratzen zituzten disoluzioan jartzerakoan. Foxek “mikro-esferak” deitu zizkien, eta zelula prokarioto baten neurria (2 mikra) zutela ikusi zuen. Protozelula horiek hazi eta ugaldu zitezkeen, ur-disoluziotik polinukleotidoak eta beste molekula organiko batzuk harrapatuz. Oparinen koazerbatuen antzekoak ziren, desberdintasun bakar batekin: polipeptidoz bakarrik osatuta zeuden.[3]

Orokorrean, barnean molekula organiko ugariz eta substantzia hidrofoboz (lipidoen antzekoak) osatutako mintza dituen tanta batek koazerbatu bat osatuko du. Adibidez, koazerbatuak sor daitezke gelatina bezalako proteina batek Arabiako gomarekin erreakzionatzen duenean.

Koazerbatuen mintza, disoluzioan haren molekulek hartzen duten orientazio espazialaren ondorioa da. Koazerbatuak osatzen dituzten molekulek (proteinek, lipidoek…) talde hidrofoboak eta talde hidrofiloak dituzte. Disoluzioan talde hidrofiloak disolbatzailerantz orientatzen dira, talde hidrofoboak koazerbatuaren barnean geratzen diren bitartean.Gaur egungo zelula prokarioto eta eukariotoen mintzek orientazio molekularraren printzipio berdina dute.

Koazerbatuen ezaugarri bitxi bat, laborategian egiaztatua, haien zatiketa ahalmena da: ingurumenetik molekulak hartzen dituenean, tanta koloidala hazi egiten da, neurri bateraino; neurri hori gaindituta tantatxoa bitan zatitzen da, prozesu fisiko huts batez. Sortutako tanta “kume” bakoitzak jatorrizko tantatik eramaten ditu molekula batzuk. Prozesu honek antza handia du bakterioen erdibiditze prozesuarekin.

ErreferentziakAldatu

  1. Stephen J. Dick, “The Biological Universe”, 1999, 340 orr.
  2. (Gaztelaniaz) Carlos Alvarez: Origen de la vida. Teorías científicas a través del pensamiento científico, 2005.
  3. (Ingelesez) Walsh, J. Bruce (1995) «Part 4: Experimental studies of the origins of life», Origins of life (Lecture notes). Tucson, AZ: University of Arizona.