Kessler sindromea (edo Kessler efektua) Donald J. Kessler NASAko zientzialariak 1978. urtean proposatu zuen egoera hipotetiko bat da, lurraren inguruan orbitan den tresna eta hondakin kopuruari buruzkoa.

Zabor espaziala Lurraren behe orbitan (NASAk 1989an eginiko irudia).

Kesslerrek honako hipotesia egin zuen[1]: etorkizunean, gerta liteke lurraren orbita baxuko (LOB edo LEO ingelesez) zabor espazialen dentsitatea nahiko altua izatea, gune horietara gizakiak igo duen makinaria ugariaren ondorioz. Egoera horretan, orbitan diren objektuen arteko talkak hauek zatikatu eta zabor gehiago egotea lekarke, orbitan den objektu txiki kopurua biderkatuz, kontrolik gabe. Adibidez, orbitan den galdutako pieza batek, espazioko zabortzat jo daitekeenak, satelite bat jo eta zati lezake, orbitan biraka den zabor kopuru handia sortuz. Zabor kopurua handitzean, beste objektu handi bat zatikatzeko probabilitatea handitzen da.

Gainera, orbitako makineria eta zabor kopurua maila kritiko batetik gora balego, erreakzio kate bat gerta liteke. Talka bakoitzak, aurri edo hondakin zatiak sortzen dituzte, talka bakoitzaren ondoren talka berriak egoteko probabilitateak handitzen dituztenak. Hori gertatuko balitz orbita zaborrez beteko litzateke oso denbora gutxian. Horrek ondorio kaltegarriak ekarriko lituzke, ezinezkoa bailitzateke egoera horretan satelite berriak martxan mantentzea, eta lurreko komunikazio sistema eta espazioaren esplorazioa biziki zailduko luke belaunaldi askotan zehar.

Aurrien sorketa eta suntsiketa

aldatu
 
Zabor espazialen kastrografia orbita geosinkronotik haraindira.

Satelite bakoitza, zunda espazialak eta gizakien misioak, aurri espazialak sortzeko ahalmena dute. Orbitan dagoen satelite artifizial kopurua handitzen doanez eta sateliteak pixkanaka zahartzen doazenez, zabor orbitala sortzeko probabilitateak gero eta azkarrago doaz gora.

Zorionez, gehien erabilitako lurraren orbita baxuak, hondar-aireak sorturiko erresistentziak gunea garbi mantentzen laguntzen du, zaborrak erosionatu eta orbitaren degradazioagatik lurrazalera eroraraziz. Hala ere, altitude handiagoetan, erresistentzia atmosferiko esanguratsurik ez denean, orbitaren degradazioa egiteko denbora asko behar da.

Azken urteetan asko handitu da lurraren inguruan dabilen satelite kopurua, eta datozen urteetan gora egingo duela espero da, gainera. Horrek orbitan den hondakin kopurua asko handituko dela esan nahi du.

Aurri kopuru handien ondorioak

aldatu

Kesslerren sindromea batez ere kaltegarria da "domino efektua" eta berrelikatzea direla medio. Funtsean, hondakinak esponentzialki handituko liratekeela aurreikusten da, azkenean kalte konponezinak eraginez.

Maila apalean, bi masaren edozein talkak ezpalak eta metraila sortuko lituzke, hondakin zati txikiak, alegia. Zatiek, txikiak izanagatik ere, ahalmen handi dute arazo larri bat sortzeko, hondakin espazial gehiago sortuz. Gainera, zati txikiak ugariak dira, eta identifikatu eta kokatzeko zailak. Ia ezinezkoa da, beraz, hauek bildu edo saihestea.

Hondakin txikiek orbitan diren gorputz handiak guztiz desegin ezin badituzte ere, haiengan ondorio kaltegarriak errazki eragin ditzakete. Sateliteen komunikazioak matxuratu, energia sistema kaltetu edo norabidea aldatzea oztopatu dezakete, talka handi bat gertatzeko aukerak sortuz.

Talka handi bat gertatuko balitz (adibidez, estazio espazial eta satelite baten artean), sortuko litzatekeen hondakin kopurua ikaragarria litzateke. Hondakinek talka berriak sortuko lituzkete, eta epe laburrean beste talka handiak eragin. Nahikoa, denbora laburrean lurraren orbita baxua iraganezin bihurtzeko.

Aurre hartzea eta murrizketa

aldatu

Hondakin eta beste objektuek sor litzaketen kalteak gutxitzeko, misio berriak diseinatzean tresneriak erraz desegin daitezkeen piezak dituela ziurtatzen da. Hau da, piezen erabilgarritasuna amaitzean urte luzez orbitan biraka ez egotea ziurtatu nahi da[2].

Orbitak "garbitzeko" teknologia berri bat ere garapen bidean da, erratz-laserra deritzona. Gailu honek lagun dezake 1 cm-tik 10 cm-rainoko elementuak desagerrarazten. Laserraren argiak objektu batekin talka egiten duenean, laserraren energiak objektuaren alde bat berotu eta lurrunarazten du, objektuan bultzada bat sortuz eta orbita egonkorretik egotziz. Horrela, objetua orbitatik ken daiteke eta gainerako objektuen eszentrikotasuna ere alda daiteke, potentzialki zabor gehiago orbitatik atmosferara bidaliz[3].

Erreferentziak

aldatu
  1. Kessler, Donald J.. (1991-01-01). «Collisional cascading: The limits of population growth in low earth orbit» Advances in Space Research 11 (12): 63–66.  doi:10.1016/0273-1177(91)90543-S. ISSN 0273-1177. (Noiz kontsultatua: 2019-10-04).
  2. «Space News June 28, 2004» web.archive.org 2008-05-06 (Noiz kontsultatua: 2019-10-04).
  3. «NASA Hopes Laser Broom Will Help Clean Up Space Debris» www.spacedaily.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-04).

Kanpo estekak

aldatu