Kereila da partikular batek akzio penala egikaritu eta prozesu penalaren parte bilakatzeko modua. Kereilaren eta salaketaren arteko desberdintasuna nabaria da: salaketaren bidez autoritateari delitu baten gauzatzeaz jakinarazten zaio, baina salaketak -kereilak ez bezala- ez du salatzailea ikerketa eta judizio prozesuaren parte egiten. Herrialde bakoitzeko prozedura penalaren kode eta legeetan arautzen da kereila.

Kereilaren eta salaketaren subjektuak aldatu

Orokorrean, salaketa beharra dela esan ohi da, eta kereila, berriz, eskubidea.

  • Salaketaren bidez, estatuak, eskuarki, herritarrengan betebehar bat ezartzen du. Horrela, Estatuak herritarren laguntza galdatzen du delituaren kontrako borrokan.
  • Kereila, ordea, eskubidetzat jotzen da arau orokor gisa. Horrela, delitu publikoei dagokienez, edozein herritarrek, delitua jasan duen ala ez kontuan hartu gabe, kereilatzeko eskubidea izango du herri-akzioa egikarituz. Atzerritarrek ere kereilatzeko aukera dute, baina bakarrik beren pertsona edo ondasunen, edo beren ordezkatuen pertsona edo ondasunen kontra egindako delituak badira.

Herritar espainiarrei dagokienez, herri-akzioa legeak dioen modu eta kasuetan egikaritu ahal izango dela xedatzen du Botere Judizialaren Lege Organikoak. Haatik, delitu pribatuei dagokienez (alderdien eskariz esetsi daitezkeenak), legeak onetsitako pertsonek soilik dute kereilatzeko aukera, hala dagokienean, prozesuan akusatzaile pribatu gisa parte hartzeko.

Kereilaren forma aldatu

Kereilaren formazko baldintzak hauek dira:

1 Prokuradorearen ahalordeaz eta abokatuaren izenpean aurkeztuko da beti.

2 Ezinbestean izan behar duen edukia:

  • Kereila zein epaile edo auzitegiren aurrean aurkeztu da.
  • Auzi-jartzailearen izen-abizenak eta auzotasuna
  • Auzitara eraman nahi den pertsonaren izen-abizenak eta auzotasuna. Argibide horiek ezezagunak baldin badira, pertsona horren datu pertsonalak hobekien definitzen dituzten aztarnei jarraituz zehaztuko dira.
  • Egitatearen inguruko informazio guztia, egoera ahalik eta hobekien deskribatuz. Horretarako, egitatea gertatu zen lekua, urtea, hilabetea, eguna eta ordua adierazi beharko dira, beti ere, ezagunak baldin badira.
  • Egitatea egiaztatzeko egin beharreko zuzemenak.
  • Kereila onartua izan dadin, eskatutako zuzemenak eginak izan daitezen, ustezko errudunaren atxiloketa eta espetxeratzea edo bermepeko behin-behineko askatasuna deklaratuak izan daitezen eta, hala dagokionean eta beharrezkoa den neurrian, pertsona horren ondasunen gaineko enbargoa egin dadin eskatu beharko da.
  • Auzi-jartzailearen sinadura (edo haren eskariz, beste pertsona batena, betiere, sinatzen ez badaki edo sinatu ezin badu, eta prokuradoreak kereila aurkezteko ahalorde berezirik ez duenean, abokatuarena eta prokuradorearena).

Kereila onartua izan dadin bete beharreko baldintza aldatu

Auzi-jartzaileak organo jurisdikzionalak erabakitako fidantza aurkeztu beharko du, eta organoak berak zehaztuko ditu bai fidantza mota bai horren kantitatea zein den. Aipatutako fidantza, prozesuak eragindako kostuei aurre egiteko eskatzen zaio auzi-jartzaileari, beti ere, kostu horiek beraren erantzukizuna direnean soilik ordaindu beharko dituela azalduz.

Hala ere, hurrengo hauek fidantza aurkezteko betebeharretik salbuetsita egongo dira:

1 Laidoztua eta haren oinordekoak edo legezko ordezkariak.

2 Gizahilketa delituen kasuan, alarguna, lehenagoko eta ondorengo odolkideak, zeharkako odolkideak, biktimaren oinordekoak eta ezkontzaz kanpoko guraso eta amaren parteko seme-alabak, eta aitaren partekoak aitortutako semeak direnean.

Atzerritarrak ez daude fidantza emateko beharretik salbuetsita, beti ere, nazioarteko hitzarmenek edo elkarrekikotasun printzipioak hala aintzatesten ez badute.

Bestalde, delitu pribatu jakin batzuez ari garenean (alderdien eskariz esetsi daitezkeenak), kereilaren onarpena aurretiazko betebehar hauek baldintzatuko dute:

  • Kereilaren objektua alderdiaren eskariz soilik esetsi daitekeen delitu bati dagokion kasuetan, kereilarekin batera, egiaztatu beharko da auzi-jartzailearen eta auzitara eramaten den pertsonaren arteko adiskidetzea egin dela edo egiteko saiakera egin dela.
  • Epaiketan bertan egindako kalumnia edo irain delituei dagozkien kereilen kasuan, aipatutako egiaztapenaz gain, epaiketa hori ebatzi duen epailearen lizentzia aurkeztu beharko da kereilarekin batera.

Auzi-jartzailea prozesuaren parte bihurtzea aldatu

Kereila borondatearen adierazpen bat da eta haren bitartez auzi-jartzaileak ustez delitu den egitate jakin bat edo gehiago epailearen ezagutzapean jartzen ditu. Horretaz gain, salaketak ez bezala, kereilak akzio penala egikaritzeko borondatea adierazten du, auzi-jartzailea prozesuaren parte bihurtzen baita kereila aurkezten duen unetik.

Salaketaren eta kereilaren efektuak aldatu

Behin organo jurisdikzional eskudunak kereila onartuta (onartzea beharrezkoa balitz), kereilan bertan zehazten diren zuzemenak praktikatuak izan daitezela aginduko du, beti ere, legez kontrakoak, derrigorrezkoak edo kereilaren objektuarekiko kaltegarriak ez badira. Azken kasu horietako batean, organo jurisdikzionalak zuzemenei ezezkoa emango die arrazoitutako ebazpenaren bidez. Era berean, kereila ezetsiko du, oinarri dituen egitateak delitu ez direnean, edo sumarioaren instrukzioa ezagutzeko eskumena ez duela uste duenean.

Bestalde, salaketaren kasuan, ezin izango da amore eman; izan ere, behin salaketa aurkeztuta, salatzaileak ez du inolako ekintza prozesalik aurrera eramanteko gaitasunik izango, ez baita prozesuaren parte.

Haatik, auzi-jartzaileak geroko ekintzak egiteko beharra izan dezake, eskuduntza duen organo jurisdikzionalak hala eskatzen baldin badio. Hala, betebehar hori ez betetzeak amore ematea eragingo luke, zeina berariazkoa edo isilbidezkoa izan baitaiteke. Isilbidezkoa dela ondorioztatuko da delitu pribatuen kasuan. Horrenbestez:

  • Kereilaren objektua alderdiaren eskariz soilik esetsi daitekeen delitua denean, auzi-jartzaileak kereila bertan behera utzi duela ondorioztatuko da, epaile edo auzitegi eskudunak akordio hori barneratzen duen autoaren jakinarazpena helarazten dionetik 10 egunera.
  • Kereila bertan behera utziko da, halaber, auzi-jartzailearen heriotza edo akzioa egikaritzeko ezgaitasuna deklaratuta, haren oinordeko edo legezko ordezkarietako bat bera ere aurkezten ez denean kereilak aurrera egin dezan. Aurkezteko aukera horren berri emateaz gain, epaile edo auzitegi eskudunak kereilaren nondik-norakoez informatuko die eta, zitazioa egiten zaienetik 30 eguneko epea izango dute kereilak aurrera egin dezan eskatzeko.

Fidantza aurkeztetik salbuetsita geratzen direnak aldatu

Laidoztua eta haren oinordeko edo legezko ordezkariak:

1 Erailketa edo gizahilketa delituetan, hildakoaren ezkontidea edo hildakoarekin era bereko afektibitate harremana duena, lehenagokoak eta ondorengoak eta zeharkako ahaideak (bigarren gradukoak barne), biktimaren oinordekoak eta kriminalaren guraso eta seme-alabak.

2 Biktimen elkarteak eta biktimen eskubideak babesteko legezko legitimazioa duten pertsona juridikoak, betiere, akzio penalaren egikaritza biktimak espresuki onartzen baldin badie.

Atzerritarrak ez daude fidantza emateko beharretik salbuetsita, betiere, nazioarteko hitzarmenek edo elkarrekikotasun printzipioak hala aintzatesten ez badute.

Kanpo estekak aldatu