Itzulpen teoria feministak

Itzulpen teoria feministek Quebecen dute abiapuntua 1970eko eta 1980ko hamarkadetan. Bi ildo nagusitan garatu dira itzulpen teoria feministak: batetik, itzulpenetan erabiltzen den hizkera matxista eta patriarkala iraultzen saiatzen diren itzultzaile feministak, eta, bestetik, itzulpenen bitartez emakumearen goraipamena egiten duten itzultzaile feministak.

Itzulpen praktika hizkera feminista jorratzeko aldatu

1980ko hamarkadan, Kanadako zenbait itzultzaile feminista anglofonok Quebecen aurreko hamarkadan idazle feministek idatzitako literaturan arreta jarri eta testu horiek itzultzeko hautua egin zuten. Itzultzaile kanadar horien artean aipatzekoak dira Louise Von Flotow, Susanne de Lobtinière-Harwood eta Barbara Godard, besteak beste. Itzultzaile feminista hauek hizkera eta itzulpen konbentzionalak aldatu eta itzulpen feminista bat sortu nahi dute, horretarako teknika batzuk baliatuz.

Konpentsazioa aldatu

Jatorrizko testua itzulpenaren bitartez osatzea edo garatzea da. Luise von Flotow itzultzaile feministak Walter Benjaminengandik hartzen du ideia hau, baina ñabardura batekin: Benjaminek dio osatzea berez gertatzen dela itzulpen orotan; von Flotowek aldarrikatzen du osatzea hautu kontziente eta politikoa dela, edo hala erabili nahi dutela itzultzaile feministek, “bitartekari gisa betetzen duten egiteko politikoaren jakitun” (1991). Von Flotowek, adibide gisa, Howard Scottek Louky Bersianik idazle quebectarraren L'Euguélionne liburuaren itzulpena aipatzen du. Jatorrizko frantseseko liburuan esaldi batean abortu kontuetan erruduntzat emakumea jotzen dela zehazten da: "Le ou la coupable doit être punie." “Puni” hitzaren azkeneko “e” letrak emakumearen generoa azpimarratzen du eta beraz emakumea erruduna dela zehazten du. Scott itzultzaile feministak, horrela itzuli zuen esaldia ingelesera: "The guilty one must be punished, whether she is a man or a woman”. Ingelesak adjektiboetan genero gramatikala markatua ez duenez (puni, punie frantsesez, baina guilty ingelesez), beste leku batean osatzen edo konpentsatzen du itzultzaileak gabezia hori: she izenordina erabiliz.

Hitzaurreen eta oin-oharren erabilera aldatu

Bigarren teknika honek ez ditu itzulpenean aldaketak egiten, itzulpenean egindako egokitzapenak azaldu eta testuinguru baten barruan sartzen ditu, betiere ikuspuntu feminista batekin. Esate baterako, aurreko teknikarekin lotutako egokitzapenaren azalpena egin dezakete itzultzaile feministek, haiek egindako aldaketa azaldu eta justifikatzeko, edota testuan ageri ez diren beste idazle edo emakume esanguratsuak aipatzen dituzte oin-oharren bidez edo hitzaurrean. Azken finean, ikuspuntu feministaren bidez sorburu-testutik xede-testura egindako aldaketak azaldu egiten dituzte.

Hijacking aldatu

Testuaren “bahiketa” da. Itzultzaile feministak sorburu-testua bahitzen du nolabait eta emakumea testuan sartzen du, hau da, jatorrizko testuan emakumearen arrastorik agertzen ez bada ere emakumearen presentzia seinalatzen du itzultzaileak. Adibideek teknika hau ulertzen laguntzen dute. Esate baterako, sorburu-testuan "la victoire de l'homme" agertzen bada, itzultzaileak "our victory" itzuliko du. Bestalde, emakumea beti jarriko du lehen: “women and men” eta “her or his”. Beraz, itzultzaileak jatorrizko testua “bahitu” egiten du, bere egiten du, bere asmo politikora (asmo feministara) egokitzeko.

Teknika honek kritikak jaso izan ditu. Homelek, adibidez, Susanne de Lotbinière-Harwood itzultzaileak Lise Gauvinen liburu batez egin zuen itzulpena ahotan hartuta, esan izan zuen teknika honek jatorrizko testuaren autorearen lana bahitzen duela eta gehiegizko eragina duela itzultzaileak xede-testuan.

Emakumearen irudikapena itzulpen teorietan aldatu

Ildo edo korronte honetan, historian zehar itzulpen teoriaz aritzean erabili izan den hizkeraren sexismoa salatzen dute teorialari feministek. Salaketa horren arabera, historian zehar lotura argia egin da itzulpenaren eta femeninoaren artean, batetik, eta jatorrizko testuaren eta maskulinoaren artean, bestetik. Itzulpenak eta genero femeninoak, bigarren plano batean egon behar du eta fidela izan behar du. Aldiz, jatorrizko testuak eta genero maskulinoak agindu behar du eta protagonista nagusia izan behar da.

Azterketa ildo honen aitzindari nagusia Sherry Simon, Quebeceko itzultzaile feminista da. Simonek, beste zenbait adibideren artean, XVII. mendeko “Les belles infidèles” terminoa aztertzen eta kritikatzen du. Etiketa horren arabera, itzulpenak, emakumeak bezala, edo fidelak edo ederrak izango dira, baina inoiz ez fidelak eta ederrak aldi berean.Simonen ustez, emakumeekiko eta itzulpenekiko ikuspuntua berdina izan da historian zehar, eta gaur eguneko modernizazioarekin bat, ikuspuntu honekin bukatzeko ordua heldu da.

Bibliografia aldatu

  • Bassnett, S. (1993) Comparative literature: a critical introduction. Blackwell Publishers. Oxford.
  • Munday, J. (2012) Introducing translation studies. Theories and Applications. Routledge. Abrington, New York.
  • Simon, S. (1996) Gender in Translation. Routledge. Londres eta New York.
  • Von Flotow, L. (1991) «Feminist Translation: Contexts, Practices and Theories» TTR 42 (1991): 69–84.

Kanpo estekak aldatu