Isiltasunaren espiral

Isiltasunaren espirala Elisabeth Noelle-Neumann-ek 1974an formulatu zuen teoria soziologiako eta politologikoa da. Iritzi publikoak eta komunikabideek gizabanakoaren aukeraketa prozesuan duten eragina azpimarratzen du.

Elisabeth Noelle-Neumann-en Isiltasunaren espirala

Teoria aldatu

Elisabeth Noelle-Neumann-ek 1974an argitaratu zuen tesia[1], gizabanakoak gizarte-ingurumenaren aurrean duen menpekotasunean oinarritzen da. Gizabanako baten iritziak, masa-komunikabideen bitartez hedatutako iritzi publikoaren kontra badoaz, gizabanakoak bere iritzia ezkutatzeko joera izango du, bere gizarte-ingurumenean isolaturik geratzeko beldurrez.

« [Gizabanakoa] ikuspuntu nagusiarekin ados egon daiteke. Horrek bere buruarekiko konfiantza indartzen du eta aukera ematen dio, isolatua geratzeko arriskurik gabe, bere iritzia ikuspuntu desberdinak sostengatzen dituztenen aurrean beldurrik gabe adierazteko. Aldiz, bere iritziak indarra galtzen duela ikusten badu, orduan segurtasun gutxiago izango du berarengan eta bere iritziak adierazteko joera txikiagoa azalduko du[2]. »

Bere teoria bermatzeko, egileak batez ere Alemaniako Errepublika Federaleko 1972ko hauteskundeak aztertu zituen. Demostratu zuen hedabideetan nagusien agertzen zen iritziaren aldeko aldaketa bat egon zela boto-asmoetan, batez ere emakumeengan, izan ere, "orokorrean politikaren inguruan bere buruarengan segurtasun gutxiago zutela" irizten baitzen[1].

Bestalde, Elisabeth Noelle-Neumann-ek azpimarratzen du gizabanakoak ez duela beste irtenbiderik iritzi giroa ebaluatzeko (sortzen ari den iritzi publikoa) masa-hedbideetara jotzea baino. Azken hauen papera zalantzan jarriko du jakitearren ea iritzi publikoari aurrea hartzen dioten edo haren isla ote diren. Honela erantzuten du berak: "Isiltasunaren espirala deritzogun mekanika psikosozialaren arabera, komenigarria da masa-hedabideak iritzi publikoaren sortzaile bezala ikustea"[1].

Internet eta Isiltasunaren espirala aldatu

Isolamenduaren kontzeptuak baditu hainbat adiera ikertua den egoeraren arabera. Kasu honetan, isolamendua bakardade sozial gisa definitu da, hau da, pertsona batek bere gisakoekin elkarrekintza maiztasun txikiak izatea[3]. Beste ikertzaile batzuk isolamendua taldekideen onarpen maila baxua eta errefusa maila handia bezala ere definitu izan dute[4].

Bestalde, interneten oinarritu diren ikerketak bi dinamika aztertzen dituzte[5]:

  • Internet isolatzaile bezala. Saiatzen dira azaltzen nola sareak pertsonak geroz eta antisozialagoak bihurtzen dituen.
  • Internet sozializatzaile bezala. Pertsona batzuk gizartekoiagoak bihurtzen dira, gizarte-sareetan garatzen dute beren burua eta lagun eta familiartekoekin harreman jarraitua mantentzen dute[oh 1][6].


Tradizionalki, gizarte-isolamenduaren ikuskera modu unidimentsionalean eraikia izan da. Hala, gizarte-isolamendua, talde baten kanpoan dagoen pertsonaren kokapenean eta talde horretatik baztertua izatearen ondorio bezala ikustearen nozioan oinarritzen da. Jendeak, haurrak zein helduak, ondo ulertzen ditu isolamendua eta kide den taldetik kanporatua izatearen arriskuak. Isolamenduari beldur izanik, pertsonak ez dira gai izaten ikuspuntu desberdinak dituztenekin hitz egiteko, eta horrek ideia antzekoak dituzten pertsonekin bakarrik aritzera mugatzea ditu; edo inongo hizketaldirik ez dutenekin[7].

Autore askok internet isiltasunaren espirala hausteko aukera ezin hobea ikusten duten bitartean, beste batzuk, kontrako fenomenoa gertatzen ari dela usten dute gizarte-sareen hazkundearekin. Pascual Serranoren arabera, "hasieran akaso balio zezakeen, internet oraindik masiboa ez zen garaian eta jendeak elkartu eta komunitateak sortzeko erabiltzen zuenean, baina orain ez [...] Gaur egun, jarraitzaileak eta txaloak bilatzen ditu erabiltzaileak eta horrek kalte egiten dio isiltasunaren espiralari”[8].

Oharrak aldatu

  1. Internetek gizabanakoengan duen eraginaren inguruko teoria eta hipotesiak asko eta era askotakoak dira. Ikertzaile batzuk txat talde hazkor hauek, on-line jokoak, edo informatikan oinarrituriko hartu-eman taldeak gizarte-bizitzan parte hartzeko aukera bat bezala ikusten dituzte, batez ere, gehien estigmatizatutako jendearentzat.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Elisabeth Noelle-Neumann, The spiral of silence: a theory of public opinion, Journal of Communication, 24 : 43-54, 1974
  2. Elisabeth Noelle-Neumann, La spirale du silence, Hermès, 4. zbk, CNRS Éditions, Paris, 1989
  3. O'Connor, RD (1969), Modification of social withdrawal through symbolic modeling, Journal of Applied Behavior Analysis 2 (1): 15–22.
  4. Gottman, J; Gonso, J; Rasmussen, B (1975), Social interaction, social competence, and friendship in children, Child Development 46 (3): 709–18.
  5. Kraut, RE (1998). Internet paradox: A social technology that reduces social involvement and psychological well-being?, 1017–32. or.
  6. Rheingold, H (1993), The virtual community. Homesteading on the electronic frontier, Reading.
  7. Witschge, T (2002), Online Deliberation: Possibilities of the Internet for deliberative democracy (paper), Nijmegen
  8. Gehiengoak entzun nahi duena esaten al dugu sare sozialetan? Madalen Aldalur, Argia, 2015-01-07

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu