Hitchensen printzipioa
Hitchensen labana, Hitchensen printzipioa edo Hitchensen hatsarrea, epistemologiaren printzipio gisa formulatutako baieztapen bat da. Printzipio horrek zera dio: baieztapenen frogak baieztapenen aldekoek aurkeztu beharko dituzte.
Hitchensek bere printzipioa honela formulatu zuen (ingelesetik itzulia): "Frogarik gabe baiezta daitekeena, frogarik gabe ere ezezta daiteke. "
Mundu akademikoan baino gehiago kazetaritzan nabarmendu zen Christopher Eric Hitchensek hauspotu zuen printzipio hori, bere polemikak batzuetan joko handia ematen ziolako. Baina printzipio epistemologiko klasiko baten oihartzuna besterik ez dela esan liteke; batzuen ustez Occamen labanaren nolabaiteko birformulazio bat.
Hitchensen printzipioak dio baieztapenaren egiazkotasunari buruzko frogatzeko lana baieztapena egiten duenari dagokiola, eta lan hori egiten ez bada, orduan baieztapena oinarri gabea da, eta aurkakoek ere, berdin-berdin, ezezko jarrera har dezaketela, inolako frogaren beharrik gabe; ez dute gehiago eztabaidatu behar hori baztertzeko.