Haurren berezko jokabideak


Definizioa aldatu

Barandiaranek, Larreak eta Lopez de Aranak Umearen Ongizatea I liburuan[1] dioten bezala: “pertsona orok jaiotzetik dauzkagun berezko jokabideak, psikologia kondusktistatik haratago doaz (Paulov  eta Skinner psikologia konduktistaren ikertzaile nagusiak), ikasitako jokabideak ez ezik badira berezko jokabideak deritzenak ere”. Bestetik, Barandiaranek et al. baieztatzen dute ikasitako jokabideak hezkuntzaren bidez irakasgarriak direla. Berezkoak, berriz, ezin direla irakatsi; horiek garatuko direla irakasleak antolatzen duen testuinguruaren arabera. 

Berezko jokabideak, beraz, oinarria izango dira proposamen pedagogikoa garatzerakoan, hauek ez baitira aldatuko ikaslearen jatorriagatik. Komunak izango dira haur guzti-guztientzat.

Haurraren berezko jokabideak sei dira. Horiek bereizteko bi faktore hartuko dira kontuan. Betiere, Barandiaran, Larrea eta Lopez de Arana egileen Haurraren ongizatea I: Oinarri psikopedagogikoak [1] liburuaren arabera:

-    Behaketarako seinaleak: Bidelagunak haurraren berezko jokabideen behaketa behar dituenean, horiei lotuta dauden seinaleak edo keinuak behatuko ditu. Haurren berezko jokabideen seinaleak izendatuko dira emozio-dimentsioa kontuan hartuta.

-    Bidelagunaren esku-hartzea: Haurren berezko jokabideak aktibatzeko edo desaktibatzeko bidelagunak egin beharko lukeena.

Atxikimendu jokabidea: aldatu

Behaketarako seinaleak poza, alaitasuna eta bozkarioa harreman osasuntsuei lotutakoak dira. Aldiz, harremanak haustean amorrua, sumindura eta samina agertzen dira.

Haurrari atxikimendu jokabidea aktibatzen bazaio  eta hori desaktibatu nahi bada, bidelagunak hau egin dezake: haurra besoetan hartu, haurraren aurpegia goxokiro ferekatu, haurrari hitz goxoak adierazi, haurrarengana goxokiro hurbildu, eta abar.

Esplorazio jokabidea: aldatu

Esplorazio jokabidearen behaketa seinalea jakin-mina da. Asperturik egotea, berriz, esplorazio jokabidea aktibatu ez izanaren seinalea.

Horren aurrean, haurraren esplorazio jokabidea aktibatzeko bidelagunak hau egin dezake: haurren interesak behatu eta horiek aseko dituen jarduerak eskaini.

Beldurra: aldatu

Zerbaiti ihes egin edota hura saihesteko gogoari loturik ageri zaigun emozioa da.

Haurraren beldur jokabidea desaktibatzeko, hau egin dezake bidelagunak: haurraren premiei adi egon, haurra aditu (haurraren emozioak adierazteko bideak irekiaraziz eta ez zentsuratuz), eta haurrarekiko gertutasuna adierazi. Azken finean, atxikimendu jokabidea desaktibatzeko balio duten horiek ere erabilgarriak dira beldurra uxatzeko.

Oldartze edo eraso jokabidea: aldatu

Haurrak antzematen badu bere burua arriskuan jarri dezakeen kanpoko edozein eragile edo egoera, horri aurre egiteko haurrari jokabide bat abiaraziko zaio: oldartze edo eraso jokabidea. Sumina edo haserrea dira jokabidearen emozio-dimentsioak.

Bidelagunak jokabide hori desaktibatzeko, hau egin dezake: haurra seguru egon daitekeen testuinguru bat sorrarazi, haurrari afektibitatea adierazi azken finean, atxikimendu jokabidea eta beldur jokabideak desaktibatzeko adierazi diren estrategiak erabili ditzake.

Parekoen arteko kidetasun-jokabidea aldatu

Jokabide hori agertzen da haurrak adierazten duenean beste umeekin lotura sortzeko gogoa. Adiskidetasuna adierazteko emozioak dira jokabide horren emozio-dimentsioak: atsegina izatea, maitagarria izatea, irribarrea egitea, eta abar .

Aldiz, adiskidetasuna adierazteko emozioaren kontrakoa, haustura edo eraso emozioa izango litzateke.

Bidelagunak parekoen arteko kidetasun-jokabide hori aktibatzeko edo aktibatzen laguntzeko, testuingurua edota giroa sortu beharko du. Horrek lagunduko du haurrak elkarren artean sozializatzen.

Bestalde, haurrak umeekiko haustura emozioak baldin baditu, horren aurrean, bidelagunak eraso jokabidea desaktibatzeko estrategiak erabiliko ditu.

Sexu jokabidea aldatu

Jokabide horren bidez, atxikimenduzko eta elkar zaintzazko harremanak eratzen dira. Maitemina, samurtasuna eta babesa dira sexu jokabidearen emozio osagarriak.

Bidelagunak sexu heziketa bermatu beharko luke, besteekin harremanak era edo modu osasuntsuan izateko. Baita arrisku jardunak saihesteko bidea ere. Horrez gain, bidelagunak sexualitatea beldurrez edota gaitzespenez hartu beharrean, modu positiboan hartzeko giroa sortu beharko luke.


Bibliografia:

  1. a b Barandiaran, A; López de Arana, E; Larrea, I  (2011). Haurraren ongizatea I: Oinarri Psikopedagogikoak. Eskoriatza: HUHEZI. Mondragon Unibertsitatea.