HTML5 (HyperText Markup Language, 5 bertsioa) World Wide Weben oinarrizko hizkuntza den HTMLren bostgarren berrikuste garrantzitsua da. [2]

HTML5
(HyperText Markup Language)
Fitxategi-luzapena.html
Interneteko MIME-motatext/html
Mota-kodeaTEXT
Uniform Type Identifierpublic.html[1]
GaratzaileaWorld Wide Web Consortium eta WHATWG
Formatu-motaMarkaketa lengoaia
Nondik hedatuaHTMLCodeV5
Nora hedatuaXHTML5
Formatu irekia?bai
Webguneahttp://www.whatwg.org/html
http://www.w3.org/TR/html5

Web nabigatzailea izaten da konputagailuan edo mugikorrean gehien erabiltzen dugun aplikazioa. Webguneak garatzeko, besteak beste, HTML5 eta JavaScript APIak erabiltzen direnez, programatzaile guztientzat ezinbestekoa da teknologia horiek ezagutzea.[2][3][4]

HTML5ekin batera JavaScript API batzuk erabili ohi dira: Canvas, Audioa, Bideoa, WebSocket-ak, Geokokapena...[2]

Webgune profesionalak sortzeko beste tresna garrantzitsuak dira hauek: JSON, Ajax, promesak, objektuetara zuzendutako programazioa, NodeJS, Express edo mongoDB. [2]

HTML5ek HTMLren sintaxiaren bi aldaera ekarri zituen: HTML "klasikoa" den HTML5 (text/html), eta XHTML-n oinarritutako XHTML5, XML moduan ulertuko dena (XHTML) (application/xhtml+xml). Hori izan zen HTML eta XHTML paraleloan garatu ziren lehen aldia.

Markaketa lengoaia honen garapena W3C partzuergoak araututa dago.

HTML5en jatorria aldatu

 
Tim Berners-Lee (2014)

HTML lengoaia hainbat bertsiotatik igaro da. Tim Berners Leek 1991n proposatu zuen HTMLren lehenengo zirriborroa, 18 etiketaz osatutakoa. Horietatik, 11 etiketa oraindik ere aurki daitezke HTML5en. Zirriborro horretan, IETF (Internet Engineering Task Force) erakundeak 1993ko erdialdean HTML zehaztapenak argitaratu zituen. Ondoren, IETFk HTML espezifikazioa hobetzeko eta kudeatzeko HTML Working Group izeneko taldea antolatu zuen. Talde horren lanaren lehenengo emaitza —beste enpresa eta erakunde batzuen ekarpena jaso ondoren, adibidez, Mosaic nabigatzaile aitzindariaren IMG etiketa— 1995ean plazaratu zen, HTML2 estandarra sortuz.

IETFk 1995ean HTML3ren proposamena jaso zuen, baina proposamena 6 hilabete geroago iraungi egin zen, inolako hobekuntzarik gabe. Bitartean, World Wide Web Consortium (W3C) erakundea nabigatzaile propio bat garatzen hasia zen, Arena izenekoa, HTML3k proposatzen zituen berrikuntzak probatzeko asmoz (baita CSS estilo-orriak probatzeko ere). Garai hartan Netscape eta Internet Explorer sortu ziren, sekulako arrakastarekin. Nabigatzaileek eskatzen zituzten berrikuntzen kudeaketak eta HTMLk berak zuen ospeak IETFk zituen baliabideak gainezkatu zituzten. Hori dela eta, hurrengo urtetik hasita (1996), HTMLren espezifikazioa World Wide Web Consortium (W3C) erakundearen esku utzi zen.

W3C, IETFk egin zuen legez, kanpoko enpresen ekarpenak ere aztertu eta estandarra eguneratzen saiatu zen. Horren lehenengo fruitua 1997an izan zen, HTML4 estandarraren argitalpenarekin.

HTML 4.01 1999an argitaratu zen, nahiz eta akatsak zuzentzeko hainbat bertsio gehiago kaleratu behar izan zituzten 2001 arte.

2004an WHATWG (Web Hypertext Application Technology Working Group) lantaldea sortu zen, W3Ck HTMLren espezifikazioarekin zeraman erritmo motelari aurre egiteko. Baita W3C erakundeak HTML bertan behera utzi eta horren ordez XML lengoaian oinarritutako teknologiak sustatzeko hartutako erabakiari aurre egiteko ere.

WHATWG taldearen posta-zerrenda 2004ko ekainaren 4an sortu zen. Bertan Apple, Mozilla eta Opera nabigatzaileen ingeniariak HTML5 garatzen hasi ziren. WHATWGk Microsofteko ingeniari bati ere bertan parte hartzeko gonbita luzatu zion, baina ezezkoa jaso zuen.

2007an, WHATWGk bere HTML5en espezifikazioa W3Cren HTML garatzeko zuen lantaldeari eskaini zion, hortik abiatzeko haien lana. Izan ere, bertan adostu zuten HTML5 izena emango ziotela lantalde horien entregagaiari. Urte horretan bertan W3Ck eskaintza onartu zuen eta bi taldeen artean hainbat urtetan zehar lan egin ondoren, 2014ko urriaren 28an HTML5en lehenengo bertsio estandarra amaitu zuten.[5]

Etiketa berriak aldatu

HTML5 bertsioak web dokumentuak eta aplikazioak sortzeko lengoaiaren bertsio zaharra hobetzen du, etiketa eta API (Application Programming Interfaces) berriak eskainiz.

Zehazki, osagai grafiko berriak (<canvas>, SVG —Scalable Vector Graphics, grafiko bektorial-eskalagarriak—) eta multimedia (<audio>, <video>) eskaintzen ditu, plugin edo API osagarririk erabili gabe.[6]

Horretaz aparte, web dokumentuen edukiaren semantika hobetzeko elementuak gehitzen ditu: <section>, <article>, <header> eta <nav>, besteak beste.

HTML5en sorkuntzan hasiera-hasieratik dago errotuta gailu mugikorretarako web aplikazioak garatzeko lengoaia aproposa izan behar zuela, smartphone eta tablet-en ezaugarriak aprobetxatuz.

Etiketa semantiko berriak aldatu

Etiketa berriak (<header>, <footer>, <nav>, <article>, <section>, <aside>) edo HTML4 bertsioarekiko eguneratuak (<doctype>, <meta>) landuko ditugu hemen.

DOCTYPE hitzaurrea aldatu

<!DOCTYPE html> hitzaurrearekin hasi behar dute HTML5en idatzitako web orriek. Horrekin, nabigatzaileak jakin ahalko du estandar berrienei jarraituz eraiki behar duela orria. DOCTYPE ingelesezko Document Type Declaration (Dokumentu Motaren Erazagupena) hitzen akronimoa da.

Web orri baten HTML5 egitura zuzena dela egiaztatzeko online balidatzaileak erabil ditzakegu. Balidatzaile horiek egiten duten lehenengo gauza dokumentuaren sarrerari begiratzea da, jakin ahal izateko zer arauren kontra balioztatu behar duten uneko dokumentua. HTML5 lengoaian garatutako dokumentu zuzenek <!DOCTYPE html> sarrerarekin hasi behar dute.

META etiketak aldatu

META etiketak bilatzaileek erabiltzen dituzte batez ere jakin ahal izateko, automatikoki, zeintzuk diren dokumentuaren gako-hitzak (keywords), hizkuntza, dokumentu mota edo erabilitako karaktere-jokoa. HTML5 sortu arte, hau zen maiz erabilitako META etiketa bat:

<meta http-equiv="content-type" content="text/html; charset=UTF-8">

Bertan, dokumentua HTMLz osatutako dokumentua zela zehazten zen. Baita UTF-8 karaktere-jokoa erabiltzen zela ere. Berriro, maiz erabilitako etiketa izateko, oso luzea, ezta? Orain, horrela laburbil daiteke, guztiz zuzena izanik:

<meta charset="utf-8">

Gauza bera gertatzen da estilo-orriak zehazteko garaian. Lehen honela idazten zena:

<link type="text/css" rel="stylesheet" href="estiloak.css">

HTML5en beste era honetara idazten da:

<link rel="stylesheet" href="estiloak.css">

Edo JavaScript-en egindako skriptak estekatzean lehen honela egiten zena:

<script type="text/javascript" src="kodigoa.js"></script>

orain honela laburbildu da:

<script src="kodigoa.js"></script>

Gauza bera orriaren hizkuntza adierazteko. Lehen:

<html xmlns="http://www.w3.org/1999/xhtml" lang="en" xml:lang="en">

orain:

<html lang="en">

Erreferentziak aldatu

  1. Apple. (2009-11-17). Mac Developer Library: System-Declared Uniform Type Identifiers. .
  2. a b c d Pereira Varela, Juanan. (2022). «HTML5 lengoaia eta JavaScript APIak :: denda :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2022-03-01).
  3. «Tresna libreen bidezko urruneko administrazio segururako tekniken azterketa, GNU/Linux eta Android erabiliz — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  4. «IEB13 ' Telefonoak eta Informatika' — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  5. KZKG^Gaara), Alejandro (a k a. (2011-11-14). «Adobe Flash-ek HTML5ean amore ematen du eta gailu mugikorrak ezabatzen ditu» Desde Linux (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  6. «CKEditor webguneetarako testu-editore librea, bere plugin ekosistema eta HTML5 audio pluginaren kasuaren azterketa. — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu