Gatazkak epaiketaz kanpo konpontzeko prozedurak

Gatazkak epaiketaz kanpo konpontzeko gatazka juridikoak konpontzeko prozedurak dira, bide edo prozedura judizial bat martxan jarri gabe abiatzen direnak.

Legeak ezarritakoari jarraituz, gatazka batean jokoan dauden interesen arabera prozedura ezberdinak balia daitezke bide judizialean eta prozedura horiek lege hauen bidez arautzen dira: Prozedura Zibilaren Legea,[1] Lan arloko Prozeduraren Legea,[2] Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko Legea[3] eta Prozedura Kriminalaren Legea.[4]

Arau horiek gatazkak judizioz kanpo ebazteko prozedurak ere aurreikusten dituzte: bitartekaritza, arbitrajea eta adiskidetzea. Hiru prozedura horien helburu nagusia alderdiei autonomia handiagoa aitortzea da, alderdiak gatazkaren konponketan parte hartzea sustatzen baita. Gainera, ebazteko era hauek azkarrak dira eta kostuak baxuagoak dira.

Gatazkak epaiketaz kanpo konpontzeko prozedurak aldatu

Bitartekaritza aldatu

Bitartekaritza eztabaidak konpontzeko bidea da, edozein izendapen ematen zaiola ere, non, bitartekari batek esku hartuta, bi alderdi edo gehiago beren borondatez eta beren kabuz akordioa lortzen saiatzen diren. Definizio hori egozten dio Auzi Zibil eta Merkataritzazkoetako Bitartekaritzari buruzko 5/2012 Legeak, uztailaren 7koak[5].

Lege honen aurretik bitartekaritzaren aldeko mugimenduak zeuden. Europar Batasunak, bitartekaritzaren sistema hau zigor zuzenbidearen arloan sustatu nahi izan duela, 2001/220/JAI zuzentarauaren bitartez. Espainiako Zigor Zuzenbidea aztertuz, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen 5/2000 Lege Organikoan[6] soilik aurki dezakegu bitartekaritza erabiltzeko aukera. 2012an, 2012/29/EB[7] zuzentarauak 2001/29/EB zuzentaraua indargabetu zuen.

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2005. urtetik aurrera bitartekaritza tresna arlo ezberdinetan sustatzea erabaki zuen eta arlo zibilera, sozialera eta administratibora zabalduz joan da. Familia eta zigor arloetan gero eta gehiago erabiltzen da prozedura hau.

Gainera, 5/2012 Legeak Espainiako Zuzenbidean txertatu du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 21eko 2008/52/EE Zuzentaraua, gai zibil eta merkataritzakoetako bitartekaritzaren alderdi jakin batzuei buruzkoa.

5/2012 Legeko 11.artikuluak dioen moduan, eskubide zibil guztiak aitortuta dituzten pertsona naturalak izan ahalko dira bitartekari. Bitartekariak unibertsitate-titulu ofiziala edo goi-mailako lanbide heziketakoa izan behar du, bai eta bitartekaritzan aritzeko berariazko prestakuntza ere. Azken hori lortzeko, behar bezala egiaztatutako erakundeek emandako berariazko ikastaro bat edo batzuk egin beharko dira, lurralde nazionalean bitartekaritza-jarduera egiteko balioko dutenak.

Bitartekariak alderdien arteko elkarrizketa erraztuko du eta elkarren artean beharrezkoa den informazio eta laguntza emateaz arduratuko da. Bitartekariak ezin izango du alderdietako baten kaltetan edo alde aritu.

Bitartekaritza-prozedura akordio baten bidez edota akordiorik gabe amai daiteke. Akordiorik gabe amaituko da alderdi batek edo guztiek jarduerak bukatutzat emateko eskubidea egikaritu dutelako, eta bitartekariari hala jakinarazi diotenean, edota alderdiek prozedura gauzatzeko adostutako gehieneko epea igaro delako; halaber, bitartekaritza prozedura amaituko da bitartekariak justifikatzen duenean alderdien jarrerak bateraezinak direla, edota prozedura amaiarazten duen beste edozein egoera sortzen denean. Kasu horretan arbitraje, adiskidetze edo bide judizialera jotzeko aukera egongo da. Aldiz akordioa lortzen bada akordioak alderdiak lotetsiko ditu eta bere kontra, kontratuak baliogabetzen dituzten kausengatiko deuseztasun-ekintza baino ezingo da gauzatu.

Beste aldetik, EAEn Familia bitartekaritzaren 1/2008 legea[8] dago. Profesional espezializatu, inpartzial eta independentea da familia bitartekaria; gatazka duten aldeek eskatuta arituko da, haien artean komunikazio-bideak ireki daitezen ahalbidetzeko, eta, helburu hori kontuan hartuta, familian bizi dituzten gatazka-egoeretarako konponbide asebetegarriak lortzearren, negoziazio-prozedura eskainiko die aldeei. Lege honetan erabaki da bitartekaritza aplikatzeko eremua zabaltzea, hartara, bikotea, senar-emazteak izan nahiz izatezko bikotea izan, hausten denean sortzen diren gatazkak ez ezik, familia-ingurunean gerta daitezkeen beste gatazka-egoera batzuk ere aintzat hartu ahal izango dira.

Nafarroa Garaian ordea, ez dago eremu honetako berariazko legerik.

Arbitrajea aldatu

Arbitrajea gatazkaren alderdiek hirugarren pertsona bati gatazka ebaztea ahalbidetzeko prozedura da. Epailetzaz kanpoko beste prozedura batzuk ez bezala, bertako erabakia bi alderdientzat loteslea da. Alderdiek askatasunez zehaztu dezakete arbitroen kopurua, baina beti bakoitia izan beharko du eta ezinbestekoa da arbitro horiek independenteak eta inpartzialak izatea.

Bi arbitraje mota daude, zuzenbideko arbitrajea eta ekitatezko arbitrajea. Lehenengoaren kasuan, arbitroek gatazka zuzenbide positiboari hertsiki jarraituta ebazten dute eta bigarren kasuan, ekitateari jarraituz ebazten dute; hau da, zuzenbide positiboari hertsiki jarraitu gabe. Alderdiek bi mota hauetako bat aukeratu beharko dute euren gatazka ebazteko baina halakorik akordatu ezean, zuzenbidezko arbitrajea aplikatuko da.

60/2003 Arbitraje Legeko[9] 13.artikuluak dioen moduan, beren eskubide zibilak osorik betetzeko moduan dauden pertsona fisikoak izan daitezke arbitro, baldin eta beren ohiko lanbidea arautzen duen legediak eragozten ez badie. Hala ere, zuzenbideko arbitrajetan arbitro bakar bat egotekotan, arbitro horrek jurista izan behar du, alderdiek kontrakoa adosten dutenean salbu. Arbitrajean hiru arbitro edo gehiago baldin badaude ordea, horietatik batek gutxienez jurista izan behar du. Arbitro horrek izango du soilik alderdiek xedatutako gaiei buruzko ebazpena emateko ahala; beharrezko izatekotan kautela neurriak hartzeko eskumena aitor dakiokeen arren.

Arbitroak gatazka aztertu ondoren bere ebazpena emango du, laudo baten bidez eta gauza epaituaren ondorio berak ekarriko ditu. Ondorioz arbitroen ebazpena laudoa deuseztatzeko akzioaz baino ezin izango da inpugnatu, hartutako laudoan bertan. Honela azaltzen da hau Arbitraje Legeko 22.3 II artikuluan.

Arbitrajea lan arloan asko erabiltzen da bereziki. Arlo penalean ezin da erabili. Langileen Estatutuko 83.artikulua du oinarria prozedura honek.

EAEn kontsumo alorreko Arbitraje eskumenak KontsumoBide[10] erakundearen esku daude. EAEn, bi arbitro batzorde daude kontsumo arloan, bata autonomikoa eta bestea udalerrikoa.

Nafarroan ere honen parekoa den sistema bat dago baino ez dago erakunde autonomo bat horren ardura duena.

Kontuan hartu beharko genuke kontsumo arloko arbitrajeko subjektuak kontsumitzaile bat eta enpresari bat izango direla eta bertako objektua libreki xeda daitezkeen gai bat izango dela. Arbitraje hau administratiboa da, Herri Administrazioaren pean kokatzen baitira Kontsumo Arbitraje Batzordeak eta lau organok osatzen dute: Kontsumo Arbitraje Batzordeak, Kontsumoko Arbitraje Batzordeen Komisioa, Kontsumorako Arbitraje Sistemaren Kontseilu Orokorra eta arbitraje organoak. Kontsumo arbitrajearen eraentza juridikoa ondoren zehatzen diren oinarri juridikoetan sostengatzen da: Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren Testu Bateratua[11] , Kontsumoko Arbitraje Sistema arautzen duen otsailaren 15eko 231/2008 Errege Dekretua[12] eta Kontsumoko Arbitraje Sistema arautzen duen otsailaren 15eko 231/2008 Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 14ko 863/2009 Errege Dekretua [13]

Adiskidetzea aldatu

Adiskidetzea, gatazkako bi alderdiek euren kabuz gatazkaren konponbide bat bilatzeari deritzo, adiskidetzaile deritzon hirugarren baten laguntzarekin. Adiskidetzaile hori, epaile, magistratu edo justizia administrazioaren letraduna (lehen idazkari judizial bezala izendatzen zena) izan daiteke. Adiskidetzaile honen zeregina alderdiak elkartzea da, euren arteko elkarrizketa bultzatuz, eta alderdiak akordio batera iristeko dauden balizko aukerak mahai gainean jarriz. Azken ezaugarri honek bereizten du adiskidetzea bitartekaritzatik.

Bi adiskidetze mota daude, aurretiazko adiskidetzea eta prozesuaren barnean emandako adiskidetzea. Lehenengo aukera prozedura hasi aurretik baliatzen da, boluntarioa da eta Idazkari Judizialaren aurrean egiten da. Bertan lortutako akordioak, epai baten egikaritza bera izango du. Bigarren adiskidetze mota prozesua hasita dagoenean egiten da; kasu horretan, alderdiak akordio batera iristen dira epailearen aurrean, prozesua jarraitzea ekidin nahi delako.

Hain zuzen ere, demandatzaileak idatzi bat aurkeztuko du demandatuaren eta bere datuak barneratuz, eskatzen duena zehaztuko du. Eskaera hori onartzean, alderdiak egun eta ordu zehatz batean aurkezteko deituko dira. Egun horretan, alderdiek euren posizioak azalduko dituzte eta akordio batera iritsi diren azalduko dute. Azkenean, epaileak akordioa egotekotan hura egikarituko du. Ondorioz, adiskidetze-prozesua alderdien akordioarekin edo akordiorik lortu gabe buka daiteke. Bitartekaritzaren metodoan bezala, adiskidetze-prozesua arrakastatsua izan ez bada, horren ondoren arbitrajera edo bide judizialera jotzeko aukera dago.

Adiskidetzea lan arloan asko erabiltzen da. Izan ere, prozesua izapidetzeko, beharrezkoa da aurrez adiskidetze-ahalegina egitea, dela dagokion administrazio-zerbitzuaren aurrean, dela Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 83. artikuluan aipatzen diren lanbide-arteko akordioen edo hitzarmen kolektiboen bitartez eginkizun horiek bere gain hartzeko era daitekeen organoaren aurrean. Hau honela dio Lan Arloko Jurisdikzio Legeko 63.artikuluak.

Lan prozesua izapidetzeko betebehar bezala finkatzen da aurretiazko adiskidetze ahalegina egitea. Hau honela zehazten da Lan Arloko Jurisdikzio Legeko 63.artikuluan. Baina azpimarratu beharko litzateke betebeharra ahalegin hori egitea dela, baina ez, ezinbestean akordioa lortzea. Lan Arloko Jurisdikzio Legeko 68.artikulua jarraituz, adiskidetzean hitzartutakoak exekuzio-indarra izango du parte hartzen duten alderdientzat, epaile edo auzitegi aurrean berretsi beharrik gabe ere, eta epaiak exekutatzeko izapidearen bidez gauzatu daiteke.

Bibliografia aldatu

  • (Gaztelaniaz) ORMAZABAL SÁNCHEZ, G., Introducción al Derecho Procesal, Marcial Pons, Madrid, 2013, ISBN: 978-84-15664-91-8.
  • (Gaztelaniaz) GIMERNO SENDRA, V., Derecho Procesal Civil II. Los Procesos Especiales. Colex. 2007. Madrid. ISBN: 978-84-8342-093-5.
  • (Gaztelaniaz) ORTELLS RAMOS, M., Derecho Procesal Civil, Aranzadi, Nafarroa, 2010, ISBN: 978-84-9903-558-1.
  • Bitartekaritzari buruzko xehetasun gehiago: http://www.poderjudicial.es/cgpj/eu/Gaiak/Bitartekotza/Aurkezpena/

Erreferentziak aldatu

  1. Prozedura Zibilaren Legea: https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2000-323 eta euskarazko bertsioa: https://web.archive.org/web/20161220103237/http://www.justizia.net/servlet/Satellite?blobcol=urldata&blobheader=application%2Fpdf&blobheadername1=Content-Disposition&blobheadervalue1=filename%3DBlobServer3.1_2.pdf&blobkey=id&blobtable=MungoBlobs&blobwhere=1290509623096&ssbinary=true&miVar=1480356763611
  2. Lan Arloko prozedura Legea: https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2011-15936 eta euskarazko bertsioa: https://www.ehu.eus/documents/2660428/2799934/Legeak02.pdf
  3. Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko Legea: https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-1998-16718 eta euskarazko bertsioa: https://www.ehu.eus/documents/2660428/2799934/Legeak03.pdf
  4. Prozedura Kriminalaren Legea: https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-1882-6036 eta euskarazko bertsioa: http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/legedia_euskaraz/eu_3818/adjuntos/Prozedura-zuzenbidea/Prozedura_Kriminalaren_Legea.pdf[Betiko hautsitako esteka]
  5. 5/2012 Legea, uztailaren 6koa, auzi zibil eta merkataritzazkoetako bitartekaritzari buruzkoa: https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2012/07/07/pdfs/BOE-A-2012-9112-E.pdf
  6. 5/2000 lege organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautu duena.
  7. Biktimak eskubide, laguntza eta babesari buruzko gutxieneko arauen 2012/29/EB Zuzentaraua.
  8. 1/2008 Legea, otsailaren 8koa, Familia Bitartekaritzakoa.
  9. 60/2003 Legea, abenduaren 23koa, Arbitrajekoa.
  10. KontsumoBide[Betiko hautsitako esteka].
  11. 3/2014 Legea, martxoaren 27koa, https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2014/03/28/pdfs/BOE-A-2014-3329-E.pdf
  12. 231/2008 Errege Dekretua, otsailaren 15ekoa, Kontsumoko Arbitraje Sistema arautzen duena. https://web.archive.org/web/20161121043717/http://www.kontsumobide.euskadi.eus/y10-kbinfo07/eu/contenidos/informacion/kb_arbitraje_consumo/eu_legis/adjuntos/real_decreto_231_2008_eu.pdf
  13. 863/2009 Errege Dekretua, maiatzaren 14koa.

Kanpo estekak aldatu