Ireki menu nagusia

Zuzenbidean, auziak konpontzeko modu bat da arbitrajea, ohiko jurisdikziora jo gabe burutzen dena eta alderdien borondatean oinarritzen dena.

Auziaren alderdiek, adostasunez, hirugarren inpartzial bat izendatzean datza, arbitro izenekoa, edo arbitraje epaimahai bat arbitro bat baino gehiago izendatuz gero. Arbitro hori izango da auziari irtenbide bat emango diona. Hala ere, arbitroak muga batzuk izango ditu bere funtzioa egikaritzeko orduan, alderdiek laudo arbitralean adostutakoaren arabera jardun beharko baitu. Laudo horren bidez, zein legetan oinarritu beharko den ezar daiteke, edo, adibidez, ekitate printzipioa erabiliaz auzia adierazi beharko duela.

Arbitrajea legearen arabera burutzen denean ohiko jurisdikzioa ordezkatuko du. Hala ere, beharrezkoa izango da epailearengana jotzea haren beharra dagoenean hartutako erabakia betearazteko (akzio exekutiboa), edo, erabakia ez bada legearen arabera hartu edo alderdietako batek haren kontra egiten badu.

Arbitrajearen aukerak hainbat abantaila dauzka, hala nola: arintasuna, malgutasuna eta alderdien borondatea.

EzaugarriakAldatu

  • Arbitrajea adostasunezkoa izan behar da. Arbitraje prozesu bat posible izango da, alderdi guztiek horrela egitea erabaki baldin badute. Kontratu batean jatorria duten etorkizuneko gatazketan, alderdiek klausula arbitral bat gehitu ahalko dute. Hala ere, jada existitzen den gatazka bat arbitrajearen bidez ebatz daiteke, beti ere, alderdiek borondatez horrela adosten baldin badute.
  • Bitarterkaritzarekin alderatuz, alderdi batek aldebakarrekotasunez ezingo dio uko egin prozesu arbitral bati.
  • Alderdiek arbitroa edo arbitroak aukeratu beharko dituzte. Alderdiei ere egokituko zaie arbitro bakar bat aukeratzea. Hiru arbitroz osaturiko eskola arbitral baten alde erabakitzen baldin badute, alderdi bakoitzak arbitro bat aukeratu beharko du eta haiek aukeratuko dute falta den hirugarren arbitroa. Aipaturiko azken arbitro hori izango da arbitroen arteko lehendakaria.
  • Arbitroak neutrala izan behar du.
  • Arbitrajea isilpeko prozesu bat da.
  • Epaimahai arbitral baten erabakia behin betikoa eta erraz exekutatzekoa izango da.
  • Alderdiek konpromisoa hartzen dute laudoa betetzeko inolako berandutzarik gabe.


Arbitraje motakAldatu

Zuzenbide publikoko eta Zuzenbide pribatuko arbitrajeaAldatu

Publikoen artean administrazio eta lan arbitrajeak daude; eta, pribatuei dagokienez, Arbitraje Legean aurreikusten direnak izango dira.

Barnekoa eta nazioartekoaAldatu

 
Londresko Nazioarteko Arbitraje Epaitegia

Banaketa honetan bi teoria aztertu beharko dira: dualismoa eta monismoa. Teoria dualisten arabera, nazioarteko arbitrajea eta barne arbitrajea modu ezberdinean arautu behar dira. Bestalde, monismoaren arabera, modu berean arautu beharko dira biak. Arbitraje Legeak monismoaren korrontea jarraitzen du, oso gutxi baitira egoerak non nazioarteko arbitrajeak trataera ezberdin bat behar duen.[1]

Legeak berak (3. artikuluan) arbitrajearen nazioarteko izaera erakusten du hurrengo egoeretatik baten bat suertatzen baldin bada:

Arbitraje hitzarmena egiteko orduan, alderdiek euren ohiko egoitza herrialde ezberdinetan izatea.

Arbitrajea obligazioak bete behar diren lekuan adieraziko da, hots, alderdien artean gatazka sortu den lekuan. Hala ere, leku hori zehaztu ezin bada, alderdiekin harreman estuena duen herrialdean adieraziko da, adibidez: alderdien azken ohiko egoitza komuna, demandatzailearena.

Gatazkatsua den harreman juridikoak nazioarteko merkaritzako interesetan eragina izatea.

Zuzenbidezkoa eta ekitateaAldatu

Sailkapen honek arbitroek gatazka bat ebatzi behar duten moduari egiten dio erreferentzia: zuzenbidearen edo ekitatearen arabera ebatzi behar da, hots, arbitroaren jakintzaren eta ulermenaren arabera.

Legearen 34. artikuluko lehenengo atalak xedatu egiten du alderdiek euren arbitraje hitzarmenean jaso beharko dutela zein den aukeratuko duten bitartekaritza mota, eta ez baldin badute modalitate zehatz bat argi eta garbi aukeratu, ondorioztatuko da arbitroek zuzenbidearen arabera ebatziko dutela.[2]

Beraz, ekitatearen arabera ebatziko diren kasuak mugatu egingo dira alderdiek horrela ituntzen duten kasuetara, eta hori gerta daiteke ekitate literalaren arabera edo arbitroak ararteko adiskidetzaile gisa jarduten badu. Hala ere, aldeek adosten baldin badute erabakia ekitatearen arabera hartzea eta aldi berean aplikagarriak diren arau juridikoak aipatzen badira, epaileek alderdien erabakia errespetatu beharko dute, eta erabakia ekitatearen arabera hartu beharko dute.

Ad hoc bitartekaritza eta instituzionalaAldatu

Erakundezko bitartekaritzan alderdiek arbitrajearen administrazioa eta arbitroen hautaketa erakunde juridiko baten esku uzten da. Ad hoc bitartekaritzan, aldiz, aldeek aukeratuko dute arbitroa.

Arbitraje formala eta informalaAldatu

Formala legearen menpekoa dena izango da. Informala, aldiz, ez da legearen menpe egongo, eta, beraz, ez ditu arbitraje formalak sortzen dituen efektuak ekarriko; adibidez, ez du gauza epaituaren efekturik sortuko, ez du exekuzio indarrik izango, eta, beraz, alderdien esku geratuko da hirugarrenak erabakitakoa betetzea edo ez, baina legeak ez du zigorrik ezarriko erabakitakoa bete ezean.

Arbitraje orokorra eta sektorialaAldatu

Arbitraje orokorra Bitartekaritza Legearen menpe geratzen dena da; eta arbitraje sektoriala (berezia), berriz, sektoreko araudiei edo araudi bereziei lotuta geratuko da, Bitartekaritza Legearen aplikazio subsidiarioari kalterik sortu gabe.

Jatorri juridikoaAldatu

Arbitrajearen jaiotzean, garapenean eta amaieran izaera ezberdineko jarduerak gertatzen dira. Aniztasun horrek eztabaida doktrinal ugari eragin ditu, hiru teoriatan banatu daitezkeenak.[3]

  1. Lehenengoa, kontratuzko teoria da, arbitrajezko hitzarmenean oinarritzen dena. Hitzarmen horretan bitartekaritza sortzen da eta alderdiek auziaren garapena arbitrajearen menpe utziko dutela adierazten duen baimena jasoko da bertan, erabaki hori behin-behinekoa bada ere. Kontratuzko izaerak teoria hau gehien erabiltzen dena izatea eragiten du.
  2. Bigarren teoria, jurisdikzionalista da: indarra arbitrajean eta arbitrajeko laudoak sortzen dituen efektuetan jartzen du, Arbitrajearen 60/2003 Legeko 43 eta 45 artikuluetan oinarrituta.
  3. Azkenengo teoria, mistoa da: hasiera batean onartu egiten du bitartekaritza kontratuzkoa dela eta beraren garapena eta ebazpena jurisdikzionala dela.

PrintzipioakAldatu

Arbitrajea erregulatzen duten printzipioak honako hauek dira:

  • Borondatezkotasuna: alderdien borondatez hirugarren baten erabakiaren mende jartzen dira.
  • Berdintasuna: alderdiak modu berdinean izango beharko dira tratatuak, eskubide eta betebehar berdinekin.
  • Audientzia: alderdi bakoitzak dagozkion arrazoiak aldarrikatzeko eskubidea izango du, bai modu idatzian, bai era presentzialean.
  • Kontraesankotasuna: alderdiak, zehazki demandatuak, eskubidea izango du zergatik salatu duten jakiteko.
  • Prozesu arbitralaren askatasuna: alderdiek prozesua zehaztu dezakete, nahiz eta hau jada hasita egon, beti ere, adostasunean oinarrituta baldin badago.
  • Konfidentzialtasuna: alderdiek eta arbitroak ezingo dute publiko egin arbitrajean zehar jakiten duten informazioa, ezta azkenengo laudoa ere.[4]

Ordezko justizian arazo juridiko bat sortzen denean, eztabaidan dauden alderdiek, arazoa konpontzeko, hau erabaki dezakete: bitartekotza-kontratua egitea, Kode Zibileko 1.809. artikuluaren arabera beren artean konpontzeko; edo, auzi juridikoa ebazteko ardura hirugarren baten esku uztea. Azken bide hori, era berean, bi modutara burutu daiteke: aginte judizialaren bidez, babes judizialerako eskubidea baliaraziz (EKko 24. art.); edo, arbitroen bidez, borondate-autonomiaren printzipioa baliaraziz (KZko 1255. art.). Hain zuzen ere, arazo juridikoak konpontzeko nahitaez epaileengana joan beharra agintzen duen araurik ez dago. Horregatik, egun arbitrajeak duen garrantziaren oinarria botere judizialaren alternatiba gisa duen balioan dago, herritarrei bereziki ebazpen azkarra eta eraginkorra segurtatzen dielako. 60/2003 Legeak, abenduaren 23koak, arbitrajeari buruzkoak, hauxe xedatzen du 2. artikuluan: son susceptibles de arbitraje las controversias sobre materias de libre disposición conforme a Derecho. Azken batean, eztabaida juridikoa arbitrajearen bidez konpon daiteke izaeraz negozio juridikoa delako, alderdiek ezbaiaren objektua xedatzeko aukerarekin bat datorren heinean (kontratuei buruzko arau orokorretara meneratua, beraz).

Zertarako da arbitrajea?Aldatu

Arbitrajea, epaiketa baten antzeko prozedura bat da: demandatzailea, demandatua eta hirugarren  (arbitroa dena) baten parte-hartzea dago eta eztabaidagai zehatz bat. Horrekin batera, frogen fase edo atal bat dago, ebazpen batekin batera (arbitrajean ebazpen horri laudo deritzo).

Ondorioz, ikuspegi tekniko batetik ikusita, epaiketa batek duen prozeduraren antzekoa du. Hala ere, bi prozesu mota horiek bereizten dituzten ezberdintasunak daude eta nagusiki hauek dira:

  1. Arbitrajea prozedura mota sinpleagoa dela esan daiteke eta alderdien parte-hartzearen bidez zuzendua: arbitrajeak ez dira Prozedura Zibileko Legearen bidez arautzen, baizik eta, Arbitrajearen Legearen bidez. Azken honek, prozedura besterik ez du erregulatzen eta askatasuna uzten die alderdiei prozesu arbitralean egon daitezkeen askotariko alderdiak garatzeko.
  2. Arbitroa aukeratzean egon daitekeen parte-hartzea: oinarrizko printzipioa da, alderdiek elkarlanean arbitroa aukeratu ahal izatea (arbitro bat baino gehiago aukeratu dezakete).
  3. Bizkortasuna: alderdiek beste gauza bat adostu ezean, arbitrajean dagoen  auzia sei hilabetetan ebatzi beharko da (2 hilabeteko luzapenarekin) , salaketa jartzen den momentutik zenbatzen hasita . Honek prozesu azkarrago bat izatea ahalbidetzen du, beti ere, alderdiek prozesua laburragoa izan daitekeela adostu dezaketen arren.
  4. Ondorioak: epaiketazko ebazpen batekin alderatuz, laudo arbitrala ezingo da errekurritu. Ezberdintasun hau, oso esanguratsua da sententziekin alderatuta. Ez dago auziaren mamiaren inguruko berraztertzerik. Egintza hau aurrerapen handia da; izan ere, eztabaidagai guztia prozesu bakar batean oinarritzen da eta azkartasuna ematen du. Hala ere, eragozpen bat dauka arbitrajea den prozesu honek, hots, erabaki bakar batean jokatzen dela guztia. Laudo arbitrala ezeztatzeko akzio bat existitzen dela ere aipatu beharra dago, nahiz eta oso egoera mugatuetan erabil daitekeen.
  5. Exekutagarria da: laudoa ematen den momentutik indar exekutiboa izango du.
  6. Kostuak: nahiz eta arbitrajea epaiketa bat baino garestiagoa den, kasu bakoitzean aztertu beharko da zein etekin ekonomiko dituen.

Arbitrajean azter daitezkeen kasuakAldatu

Erlazio juridikoaren parte diren alderdiek aurretiaz horrela hitzartu dutenean erabili ahalko da arbitrajea. Izan ere, alderdiek itun bat egiten baldin badute euren arteko gatazka bat sortzen denean hura konpontzeko arbitrajea erabiliko dela zehazten duena, legezkoa izango da ezohiko konponbide hau (ekidin egiten da ohiko jurisdikzioa). Zentzu horretan, ezinbestekoa da kontuan hartzea hitzarmen edo itun arbitralak. Bertan adosten da mendekotasun arbitralera joko dutela alderdien arteko gatazkak konpontzeko. Itun horietan, zehaztu egiten da zein motatako arbitrajea baliatuko duten eta nola egongo den erregulatua. Alderdien arteko adostasun hori, klausula batekin edo batzuekin lagunduta joan daiteke, nahiz eta hitzarmen erabat independentea ere aurreikusten den. Garrantzitsuena da, alderdiek arbitrajean borondate osoz parte hartzea eta askatasunez.

Nork ebazten ditu gatazkak arbitrajean?Aldatu

Arbitroak izango dira modu inpartzial eta independentean jardungo duten hirugarren pertsonak. Alderdiek hautatuko dituzte arbitroak eta beren artean adostu beharko dute arbitro kopurua. Azpimarratu beharra dago, arbitroak pertsona fisikoak izan behar direla eta arbitrajea den prozesua hasi aurretik inpartzialtasunezko akordio bat sinatu behar dutela.[5] Horren bidez hau ziurtatu nahi da: arbitroen eta alderdien artean inolako harremanik ez egotea. Horrela ez den kasuetan, ematen den laudoaren deuseztapena eskatu ahalko da.

Prozedura arbitrala aurrera eramango den tramitazioa egin eta gero, arbitroek hartuko dute prozesu hori bukatzeko ardura eta hori laudo arbitralaren bidez burutu beharko dute. Lehen azaldu bezala, laudoak ezingo dira errekurritu eta laudo baten ezeztapena eskatzeko Arbitrajearen Legeko 41. artikuluan aurreikusten diren baldintzak bete beharko dira. Bertan, hainbat arrazoi agertzen dira eta bakarrik horiek gertatzen direnean izango dira laudoak ezeztagarriak. Arrazoi horietatik at, ezingo da inola ere laudo bat ezeztatu.

Arbitrajea eta bitartekaritza: ezberdintasunakAldatu

Bitartekaritza, gatazkak konpontzeko metodo bat da, inolako zerikusirik ez duena arbitrajearekin.[6] Bitartekaritzaren kasuan, gatazka bat dago bi alderdi edo gehiagoren artean eta hirugarren batek alderdien arteko komunikazioa errazten du. Hirugarren horren zeregina, ez da konponbide bat ematea sortutako gatazka horri, baizik eta negoziazioan komunikazioa erraztea eta alderdiak akordio batera heltzea. Ondorioz, alderdien arteko negoziazioa ahalbidetzen eta errazten duen metodo gisa definitu daiteke eta ez auzi bidezko prozesu gisa. Hauek dira bitarterkaritzaren ezaugarri nagusiak:

  1. Alderdien kontrola: bitartekaritzan prozedura kontrolatzen dutenak alderdiak dira. Hala ere, alderdietako bat ez baldin badago eroso aurrera eramaten ari den bitartekaritzarekin, edozein momentutan bertan behera utz dezake prozedura hau inolako ondoriorik gabe.
  2. Izendapena: bitartekaria izendatzen dutenak, alderdiak izango dira.
  3. Azkartasuna: bitartekaritza diseinatua dago gatazkak oso modu azkarrean konpontzeko. Horretarako oso bilkura gutxi erabiltzen dira.
  4. Exekutagarritasuna: bitartekaritzaren bidez lortu diren akordioak exekutagarriak izango dira eskritura publikoan jasotzen baldin badira. Praktikan, borondatez lortu diren akordioak direnez, haiek betearazteko borondatea askoz handiagoa izango da.
  5. Kostuak: prozedura hain azkarra denez, arbitrajearekin alderatuz, askoz ere merkeagoa da.
  6. Bitartekaritzak ez du inolako eragozpenik jartzen arbitrajea edo auzi batera joateko: bitartekaritza bat hasteak ez du oztopatzen arbitrajera edo auzi batera joatea. Akordiorik ez baldin bada lortzen bitartekaritza amaituko da eta alderdiek askatasun osoa izango dute nahi dituzten akzio guztiak egikaritzeko.
  7. Sekretu profesionala: bitartekariaren paperean berebiziko garrantzia duen irizpide bat da sekretu profesionala. Bitartekariak, bitartekaritza osoan agertu den informazio guztia babesteko betebeharra du.

KontsumobideAldatu

Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumo alorreko Arbitraje eskumenak Kontsumobide erakundearen esku daude. EAEn, bi arbitro batzorde daude kontsumo arloan, bata autonomikoa eta bestea udalerrikoa. Nafarroan ere honen parekoa den sistema bat dago baino ez dago erakunde autonomo bat horren ardura duena.

Kontsumoko arbitrajea kontsumitzaile eta erabiltzaileen eta enpresa, merkatari edo zerbitzu-emaileen artean sor daitezkeen gatazkak konpontzeko biderik errazena da.

Kontsumo arloko arbitrajeko subjektuak, beraz, kontsumitzaile bat eta enpresari bat izango dira eta bertako objektua libreki xeda daitekeen gai bat izango dela. Arbitraje hau administratiboa da, Herri Administrazioaren pean kokatzen baitira Kontsumo Arbitraje Batzordeak eta lau organok osatzen dute: Kontsumo Arbitraje Batzordeak, Kontsumoko Arbitraje Batzordeen Komisioa, Kontsumorako Arbitraje Sistemaren Kontseilu Orokorra eta arbitraje organoak<ref (Gaztelaniaz)  r01epd0122e4edf39923e0db0b11fff216b637726, r01epd013165a58e4e18eca258c6663af6dcb1a98 (2017-09-15) «Arbitraje de consumo: la vía más fácil para resolver conflictos» www.kontsumobide.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2018-12-10 .</ref>.

EzaugarriakAldatu

  • Epaiz kanpokoa. Gatazkak konpontzeko beste bide bat da. Arbitraje-erabaki baten bidez ebazten da -laudoa-, eta ez dago epai-bidera jo beharrik.
  • Erraza. Ez da izapide konplexurik egin behar.
  • Azkarra. Arbitraje-hitzarmena egindakoan, laudoa gehienez ere 90 eguneko epean eman behar da.
  • Borondatezkoa. Aldeek (kontsumitzailea eta enpresa) arbitraje-sistemara jo edo ez erabaki dezakete. Arbitrajea bi aldeek hori nahi dutela adierazten dutenean izango da, eta horretarako arbitraje-hitzarmena egin behar dute.
  • Doakoa. Ez kontsumitzaileak ez enpresak, arbitraje-zerbitzuaren truke, ez dute ezer ordaindu behar. Enpresek Kontsumoko Arbitraje Sistemaren kide izateagatik ere ez dute kuotarik ordaindu beharrik. Kontsumitzaileak edo enpresak adituen txosten bat eskatzen duenean soilik ordaindu beharko du eskatutakoak txostenaren kostua, hala egin behar duela iruditzen bazaio arbitraje-elkargoari.
  • Bete beharrekoa eta betearazlea. Arbitraje-hitzarmena egiten bada, aldeek bete egin behar dute laudoa. Arbitraje-erabakiak epai judizial bateko 'gauza epaituak' dituen ondorio berberak ditu.

MotakAldatu

  • Ekitate-arbitrajea: Kontsumoko arbitraje gehienak ekitatezkoak izan ohi dira. Erabakiak gertaerak aztertu eta arbitraje-organoaren jakinduria eta ulermen leialaren arabera arrazoizkoena den konponbidea emanez hartzen dira ekitate-arbitrajean. Lehendakariak Zuzenbidean lizentziaduna izan behar du.
  • Zuzenbidearen araberako arbitrajea: Bi aldeek eskatu behar dute. Arrazoibide juridiko baten arabera hartu behar ditu erabakiak arbitraje-organoak, hau da, indarrean dauden lege-xedapenak kontuan hartuz, bakarrik. Lehendakariak nahiz beste bi arbitroek Zuzenbidean lizentziadunak izan behar dute.

ErreferentziakAldatu

  1.   www.ivap.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2018-12-10 .
  2.   www.ivap.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2018-12-10 .
  3.   www.gdca.com.mx . Noiz kontsultatua: 2018-12-10 .
  4.   «Ventajas» www.tab.es . Noiz kontsultatua: 2018-12-10 .
  5.   «¿Quiénes son?» www.tab.es . Noiz kontsultatua: 2018-12-10 .
  6. (Gaztelaniaz)  «Arbitraje y mediación. Por qué y para qué - El Derecho» El Derecho . Noiz kontsultatua: 2018-12-10 .

Kanpo loturakAldatu