Garuntxoaren bestibulu

Garuntxoa nerbio-sistemaren parte den egitura handienetako bat da. Funtsezko zeregina du mugimenduak gauzatzeko eta koordinatzeko, eta, batez ere, tonu muskularra mantentzean oreka kontrolatu ahal izateko, sistema bestibularrarekin batera lan eginez. Garuntxoaren banaketa funtzionalari jarraituz 3 zatitan banatzen da: bestibulu garuntxoa, bizkarmuin garuntxoa eta zubi garuntxoa.

Kokapena: aldatu

Kokapenari dagokionez, garuntxoa entzefalo enborraren bizkarraldean aurkitzen da eta bien artean IV. bentrikulua geratzen da. Zehazki, garondo lobuluaren azpian kokatzen da, atzeko garezur hobian. Garondo lobuluaren eta garuntxoaren artean duramaterrezko xafla bat aurkituko dugu, garuntxoaren tektorioa edo garuntxoaren denda izango dena.

Garuntxo pedunkuluak: aldatu

Garuntxoa entzefalo enborrera lotzeko 3 garuntxo pedunkuluak egongo dira: goikoa, erdikoa eta behekoa (egitura jarraia eratzen dute). Garuntxora sartu eta garuntxotik ateratzen den informazio guztia garuntxo pedunkulu hauetatik pasako da, ez dago beste irtenbide edo sarrerarik.

Kanpoko egitura: aldatu

Garuntxoak 2 hemisferio (eskuin eta ezkerrekoa) eta kortexa ditu, baita bihurguneak ere. Bihurgune hauek orritxoak edo foliak deitzen dira. Garuntxoaren kanpoko eremuan, kortexean, gai grisa dago eta honen sakonean gai zuria. Gai zurian tartekatuta 4 nukleo sakon edo sakoneko nukleo egongo dira, gai grisa izango direnak.

Sakoneko nukleoak: aldatu

Banaketa anatomikoa: aldatu

Garuntxoa 3 atal nagusitan banatuko da:

  • Vermisa (zizarea): erdialdeko atala.
  • Garuntxo hemisferioak: alde bakoitzean bana.
  • Eremu paravermala (vermis ondokoa): vermisetik hurbil dagoen hemisferioko atala.

Garuntxoa bi lobulu handitan banatzen da, aurrekoa eta atzekoa, eta lobulu txikiago bat, Flokulu-Nodulu izenekoa; azken hori, berez, bi lobulu txikiren elkarketa da, eta buruaren eta gorputzaren arteko berariazko oreka-funtzio hutsak ditu inkontzienteki, sistema bestibularrarekin harreman estua mantenduz.

Barne-egitura: aldatu

Erdialdean Purkinje neuronen soma biribilak ikusten dira. Ezkerrerantz proiektatzen dira axoiak, geruza granularrera. Eskuinean, aldiz, geruza molekularra ikus daiteke.

Zerebeloa hiru geruzaz osatuta dago:

  1. Geruza molekularra: geruzarik kanpokoena da.
  2. Purkinje-ren zelula-geruza: zelula horiek dira garun-azalerako irteera-bide nagusia.
  3. Geruza granularra: geruza barnekoena da.

Banaketa filogenetikoa: aldatu

  • Arkigaruntxoa:  Mihia eta flokulu-nodulu eremuak edukiko ditu. Zaharrena izanda, funtzio primitiboenarekin erlazionatzen da, hau da, orekarekin.
  • Paleogaruntxoa: Barne hartuko ditu vermiseko elementu gehienak, deklibea, foliuma eta tuberra izan ezik. Hau izango da bizkarmuinarekin erlazionatzen den atala.
  • Neogaruntxoa: Berriena da, eta hemisferioetako atalak hartzeaz gain, deklibea, foliuma eta tuberra ere hartuko ditu. Kortexarekin egongo da erlazionatuta.

Aferentziak aldatu

Zerebeloarekiko aferentzia bestibular primarioak ipsilateralak dira eta zuntz goroldiotsuetan amaitzen dira noduluaren geruza granularrean, baita flokuluan ere, baina kopuru txikiagoan. Horrela, noduluan jatorri desberdinetako seinale sentsorialak elkartzen dira:

  • Lehen mailako informazio bestibularra
  • Bigarren mailako informazio bestibularra, bi aldeetako nukleoetan sortua
  • Hirugarren mailako informazio bestibularra, beheko olibatik datorrena eta makuletatik eta atzeko kanal erdizirkularretik mezuak batzen dituena.
  • Ikusmenaren informazioa

Seinale horiek guztiak batera prozesatzen dira, eta, horri esker, noduluak gorputz-mugimenduen hiru dimentsioko irudikapen bat egin dezake.

Nukleo zerebelosoek, horzdunak eta fastigiozkoak, lehen mailako seinale bestibular ipsilateralak jasotzen dituzte ere.

Izenak dioen bezala, bestibulu nukleoarekin egongo da erlazionatuta, beraz, informazio aferentea bestibulu kokleatako nerbiotik jasoko du, VIII. gara-nerbiotik. Nerbio honek, entzefalo enborrera sartzean bi bide jarraituko ditu.

  • Bestibulu-garuntxo traktu zuzena: Bestibulu gongoiletan sinaptatu ostean zuzenean garuntxora sartuko da beheko garuntxo pedunkuluen bitartez. Garuntxoan sartzerakoan, flokulu-nodulu eremuko garuntxo kortexerantz bideratuko da. Horrez gain, albo zuntzak (gutxiengo batzuk) emango ditu fastigio edo sabaiko nukleotara, zeinak sakoneko nukleoak diren.
  • Bestibulu-garuntxo traktu ez-zuzena: Bestibulu gongoiletik abiatuta, bestibulu nukleoetan egingo du sinpasia, eta zuntz postsinaptikoak beheko garuntxo pedunkuluaren bitartez flokulu-noduluetako kortexera eta fastigio nukleoetara joango dira. Traktu honek bestibulu-kokleetako informazioa daramanez, orekarekin informazioa ekarriko du.

Eferentziak aldatu

Konexio hauek nukleo bestibular guztiekin ematen dira, alboko nukleoarekin izan ezik. Flokulua goiko nukleoaren parte zentralaren eta erdialdeko nukleoaren alde rostralaren gainean proiektatzen da, hau da, erreflexu bestibulookularrarekin lotutako nukleoetan proiektatzen da.

Nodulua, berriz, goiko nukleoaren periferian eta nukleo medialaren eta nukleo dortsalaren edo behekoaren alde kaudalean proiektatzen da. Zati horiek fastigioaren aferentziak jasotzen dituzte eta erreflexu bestibulinespinaletan parte hartzen dute.

Orokorrean, eferentziak, vermis eta flokulu-nodulu eremuetatik fastigio nukleoetara bideratuko dira, eta hemen sinapsia egin ostean, bai ipsilateralki, bai kontralateralki bideratuko dira bestibulu nukleoetara. Ipsilateralki doan traktuak izen propiorik ez duen arren, kontralateralki doan traktuak untzinatu traktua izena du.

Hala ere, salbuespen bat egongo da, izan ere, vermis zein flokulu-noduluko eremuko zenbait Purkinje neuronek zuzenean aterako dituzte eferentziak garuntxotik, beheko pedunkulutik. Zuntz hauek bestibulu-nukleotara ipsilateralki aterako dira, fastigio nukleotan sinapsirik egin gabe. Hau izango da garuntxo kortexetik ateratzen den eferentzia bakarra, eta, esan bezala, beheko beheko garuntxo pendukulutik aterako dira bestibulu-nukleoetara.

Vermisaren estimulazioak inhibizioa eragiten du alboko nukleo osoan, eta fastigio nukleoaren estimulazioak eragin kitzikatzailea du alboko nukleoaren sabelaldean.

Funtzioak[1] aldatu

Bestibulu garuntxoak, orekan eta buru-begi koordinazioan edukiko du eragina.

  • Oreka: Alboko eta erdialdeko bestibulu-nukleoen bidez, hauek hedapen muskuluetan eragiten baitute (antigrabitatorioak, oreka mantentzeko).
  • Buru-begi mugimenduaren koordinazioa: Garrantzitsuena. Erdialdeko luzetarako faszikuluaren bitartez gertatuko da, zeinak bestibuluetako nukleoak eta begiak koordinatuko dituen bestibulu-begietako erreflexuari esker. Koordinazio hau oso garrantzitsua da ikusten duguna egonkor ikusi ahal izateko, hau da, burua eta begiaren mugimenduak doituta egoteko.

Erreflexuak entzefalo enborrean ematen diren erantzun automatikoak diren arren, garuntxoak hauen gaineko kontrola edukiko du, izan ere, garuntxoak ikasi egiten du, gure errealitatea aldatuz gero, erreflexu hori doitzen jakingo duelako.  

Disfuntzioak aldatu

 
Nistagmoa

Garuntxoa kaltetuz gero, ataxiak agertuko dira, koordinazio galerak. Kasu honetan, bestibulu garuntxoa kaltetzen denez, enbor eta buru ataxia edukiko du, oreka kaltetuta edukiko duelarik. Horretarako, pazienteek oinaldea eta eskuak zabaldu beharko dituzte oreka mantentzeko, eta burua eta enborra alde batera eta bestera mugituko dute kulunka mugimendu bat eginez.

Bestibulu-begietako erreflexua ere kaltetuko da, nahiz eta burua geldirik egon, begiek mugitzen jarraituko dute, ezin delako buruaren mugimendua begien mugimenduarekin koordinatu (nistagmoa). Horrez gain, pazienteek ezingo dute alboetara begiratu burua mugitu gabe. Arnold Chiari gaixotasunean, garuntxoa zulo nagusitik sartzen denez, garuntxoaren aurrealdeak presio handiak jasango ditu, flokulu-nodulua kaltetuz.

Arnold Chiari malformazioa[2]: aldatu

Garezurraren deformazioaren ondorioz edo garezurra normalean baino txikiagoa denean gertatzen da, garunaren gain presioa sortuz eta beherantz desplazatuz. Hiru mota daude, desplazatutako atalaren arabera eta sortutako arazoaren arabera.

Malformazio hau pairatzen duten paziente askok ez dituzte sintomarik edo ez dute tratamendurik behar. Hala ere, Arnold Chiari motaren eta larritasunaren arabera hainbat arazo sor ditzake: buruko mina, lepoko mina, oreka arazoak, arnasketa patroi aldaketak, ahultasuna besoetan, marranta, begiaren beheranzko mugimendu azkarrak, irensteko arazoak…

Garuntxoaren desplazamenduak likido zefalorrakideoaren zirkulazioan eragin dezake. Malformazioak eragin ditzaken konplikazio batzuk: hidrozefalia, spina bifida

Odoleztapena aldatu

 
 

Bestibulu garuntxoak flokulu eta nodulu eremuak hartzen dituenez, hau da, garuntxoaren aurre-behealdea gutxi gora behera, bere odoleztapena nagusiki oinalde arteriatik ateratako aurre-beheko garuntxo arteriak (AICA) hartzen du. Bestalde garuntxoaren goi atzealdea odoleztatzeko oinalde arteriatik ere jaiotzen den goiko garuntxo arteria (SCA) dago, eta orno arteriatik atze beheko garuntxo arteria (PICA) aterako da, behe eta atzeko eremuak odoleztatzeko.

Zain itzulia: aldatu

Garuntxoaren tektorioak burmuin osoaren odola jasoko du. Garuntxoak ere goitik eta azpitik paraleloki kokatutako hainbat zain izango ditu, eta hauek beraien odola tektorio horretan dauden zain sinu edo zabalguneetara drainatuko dute. Hemen daudela, lehenik eta behin zeharkako zabalgunetik pasatuko dira eta gero zabalgune zuzenetik eta amaitzeko jugularretik bihotzera joateko.

Erreferentziak aldatu

  1. Txantiloi:Gaztelera Gilibert, Noelia. (2016). Cerebelo: estructura, funciones y anatomía (con Imágenes). Lifeder.
  2. (Ingelesez) «Chiari malformation - Symptoms and causes» Mayo Clinic (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).