Gaitzen teoria mikrobiarra
Gaitzen teoria mikrobiarra XIX. mendean agertu zen teoria da, mikroorganismoak gaixotasun askoren eragileak direla proposatzen duena. Louis Pasteur frantziarra eta Robert Koch alemaniarra izan ziren teoria honen sustatzaile nagusiak [1]. Teoria honek medikuntzaren oinarri batzuk errotik aldatu eta gaixotasun infekziosoen tratamenduan mugarri garrantzitsu bat jarri zuen.
Gaixotasunak sortzen dituzten mikrobioei patogeno deritze. Eta mikrobio horiek sortzen dituzten gaixotasunak gaixotasun infekzioso deritzonak dira. Gaitz horien eragile nagusiak birusak, bakterioak, onddoak, prioiak eta protozooak ohi dira.
Historia
aldatuGaixotasun infekziosoen jatorria ezezaguna izan zen mende luzeetan. Iraganean izurrite latzak sortu arren (gogoratu, esate baterako, izurri beltzak Erdi Aroan milioika pertsona hil zituela Europan) garai hartako medikuek ez zekiten zein zen gaitz horien iturburua [2]. Zientzia baino gehiago, superstizioa gailendu zen mende luzeetan gaitz horien zergatia azaltzeko orduan: eflubio ikusezinak, zeruko zigorrak, humoreen desorekak...jotzen ziren gaitzaren eragiletzat.
Historian zehar hainbat medikuk gaitz infekziosoen kutsapenean oinarrituta gaitz horien eragileak agente biologikoak zirela proposatu zuten (Ibn-al-Jatib, Girolamo Fracastoro, Agostino Bassi…) [3], baina ezin izan zuten beren teoria frogatu metodo esperimentalaren bidez.
Teoria miasmatikoak zutik iraun zuen luzaroan gaixotasun infekziosoak azaltzeko. Teoria honen arabera, gaitz horien jatorria miasmak ziren, lur eta ur lohitsu eta zikinen jarioak, hain zuzen ere. Gaitzen kutsapena gaixoek jario horiek (airean zeudenak) harrapatzerakoan gertatuko litzateke [4].
Louis Pasteur handiak, mikrobiologiaren aitak, mikrobioen garrantzia agerian jarri zuen lehenengo zientzialaria izan zen. Haibat esperimentu zorrotzen bidez mikrobioek hartzidurak burutzen zituztela frogatu zuen, eta baita berezko sorkuntzaren teoria desegin ere (teoria horren arabera mikrobioak "berez" agertzen ziren substantzia organikoen deskonposaketatik; Pasteurrek, aitzitik, mikrobioak substantzia horien deskonposatzaileak zirela frogatu zuen). Geroago, gaitzen teoria mikrobiarraren oinarriak jarri zituen: hartzidurak eta materia organikoaren deskonposizioa eragiten zituzten agente biologiko txiki horiek (mikrobioak) gaixotasun infekziosoen atzean ere egon zitezkeen. Horretan oinarriturik, lehenengo txertoak asmatu zituen Pasteurrek.
Pasteurren lanak Robert Koch-ek garatu zituen. Mikrobiologo aleman honek gaitz infekziosoak mikrobioak sortzen zituztela ez ezik, mikrobio espezifikoek gaitz espezifikoak sortzen zituztela ere egiaztatu zuen [5]. Karbunko gaitza ikertuz, Kochek frogatu zuen gaitz horren eragilea bakterio bat zela, eta hori oinarritzat hartuta Koch-en postulatuak plazaratu zituen, gaur egun hein handi batean oraindik aintzakotzat hartzen direnak gaixotasun infekzioso bat mikrobio batek sortzen duela frogatu ahal izateko.
Erreferentziak
aldatu- ↑ La teoría microbiana de la enfermedad Medigeneral blogspot
- ↑ Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHU (2019), 95-96 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2
- ↑ Moledo, Leonardo; Magnani, Esteban (2009) « Pasteur y la teoría de la infección microbiana». Diez teorías que conmovieron al mundo: de Copérnico al big bang. Argentina: Capital Intelectual. ISBN 9789876141673
- ↑ La teoría microbiana de la enfermedad eltamiz.com
- ↑ Ingraham, J., Ingraham, C.. Introducción a la Microbiología Ed. Reverté (1998), Vol. 1, 12-13 orr. ISBN: 84-291-1870-5