Etorkizuneko aspektu-marka duen perpaus txertatua

Etorkizuneko aspektu-marka duten perpaus txertatuak aditz jokatu gabeko perpaus txertatu motetako bat dira (beste motak aditz-izenezko perpaus txertatuak, aditz-partizipiozko perpaus txertatuak eta aditzoinezko perpaus txertatuak dira). Etorkizuneko aspektu-marka -ko da (-go ere bai, aditza -n kontsonanteaz bukatzen denean; bestetik, ipar-ekialdeko euskalkietan, -en da, aditza kontsonantez bukatzen bada, baita -ren ere —bakan—, bokalez amaitzen denean: emanen du, jinen da, hilen da, ikusiren gaitu...). Horrenbestez, egingo, etorriko, ekarriko, hilko, emango, ekarriko, idatziko, idatziko, lagunduko, begiratuko… etab. etorkizuneko adizki jokatu gabeak dira.

Hala ere, era horretako adizkiak benetan jokatu gabeak diren ez dago oso argi. Gehiago dirudi laguntzailea galdu duten adizki jokatuak direla. Bestalde, nahiko erabilera mugatua dute, oso predikatu jakinekin erabiltzen baitira, beti ere galde-hitzen bat tartean dela. Zain egon, begira egon eta, agian, beste bakarren batekin ager daitezke:

  • a. Zain zegoen nork zer esango.
  • b. Begira gelditu zen harria putzura nork botako.

Halakoak aditz jokatuaren bidez oso ongi parafrasea daitezke:

  • a'. Zain zegoen nork zer esango ote zuen.
  • b'. Begira gelditu zen harria putzura nork botako zuen.

Horregatik, zalantzazkoa da adizki horiek benetan jokatu gabeak diren. Bestalde, gogoan izan perpaus horiek ez dutela inongo atzizkirik gehitzerik onartzen. Izan ere, zehar-galdera soilak dira, eta haien lekua aditzaren osagarriarena da. Eta zeren edo zeri galderei erantzuten badiete ere, ez dira formaz aldatzen.

Erreferentziak

aldatu