Eskola partikularrak edo klase partikularrak ikasleek euren eskola orduetatik kanpo jasotzen dituzten eskolak dira, banaka edo talde baten baitan, eurek ordainduta, eta eskola nagusiko ikasgaietan lagundu eta gehien bat etxeko lanak egiten laguntzeko eta batez ere azterketak prestatzen laguntzeko. Gehienetan ikasteko zailtasunak dituzten ikasleek hartzen dituzte eskola partikularrak, baina kasu batzuetan bere kabuz lortuko lituzketenak baino errendimendu hobeak izateagatik hartzen dituzte.

Eskola partikularrak eskaintzen dituen akademia bat Malaysian.

Eskola partikularrak irakaslearen edo ikaslearen etxebizitzan, irakasleak bere kabuz lan egiten duenean, edo ikastegi baten baitan (akademia izenekoak, sarri) eman daitezke.

Eskola partikularrak ikasgai edo irakasgai jakin batean edo batzuetan espezializa daitezke. Ikasleak sarrera probetan edo hautaketa zorrotza egiteko prestatzen diren azterketak prestatzen dituzten eskola partikular edo akademia bereziak ohikoak dira lehia sustatzen duten hezkuntza sistemetan. Horrelako akademia edo eskola partikularren helburua izaten da ikasleei ahalik eta informazio gehien ematea eta ikasleen memorian finkatzea informazio kopuru handia ahalik eta eperik laburrenean. Helburua da ikasleek lehia-azterketan eskatutako nota ahalik eta altuena lortzea, edo hautaketa egiten duen erakundean sartzeko beste eskakizun batzuk betetzea, hala nola hizkuntza-trebetasuna (adibidez: C1 maila).

Kritika aldatu

Batzuetan, horrelako eskolak edo akademiak kritikatzen dira, beren testuinguruko hezkuntza sistema osoarekin batera, buruz ikasteko azaleko teknikekin jokatzen dutelako eta ikaskuntzan zentratu beharrean eta pentsamendu eta analisi kritikoa sustatu beharrean azaleko trebezia batzuk, modu errepikakorrean, lantzen dituztelako, besterik gabe.