Energia-fluxua ekologian

Ekologian, energia-fluxu terminoak erreferentzia egiten dio elikatze-kate edo bazka-sare batean zehar pasatzen den energiaren fluxuari. Oro har kuantibatiboki neurtzen da Kcal/m² unitatetan. Ekosistemetako energia-fluxua aztergai nagusia da energetika ekologikoaren arloan. Energetika deritzo energiaren metaketa eta trukaketaren azterketa zientifikoari.

Eguzkitik datorkigun argi-energia da ekosistemak elikatzen dituen energia-iturri nagusia, alegia, ekosistemetako energia-fluxuaren abiapuntua.

Ekologian erabiltzen den energia-fluxua fluxu irekia da, ekosistemaz kanpotik hartu beharreko energiari dagokiona. Ekosistema batek funtzionatu ahal izateko, ekarpen energetikoa behar du, nagusiki biosferatik datorkiona argi-energia modura; izan ere, jatorriz, Eguzkitik iristen da energia Lurrera. Halere, itsas ekosistema berezi batzuek Lurraren barneko iturri hidrotermaletatik jasotzen dute behar duten ekarpen energetiko hori.

Energia-fluxuaren bidea aldatu

Ekosistemetara iristen den energiak bide luze eta korapilatsua osatzen du, bertan dauden organismoetara iristeko. Argi-energia mogura Eguzkitik datorkigun hori ezin aprobetxa daiteke zuzenean organismoek bizitzeko behar duten energia lortzeko. Erabilia izan aurretik, finkatu egin behar da nolabait. Bide horretan izaera desberdineko organismoek parte hartzen dute, mailaz mailako prozesu batean, eta mailatik mailarako pausoetan energiaren transformazioak eginez. Hain zuzen, energia-fluxuak energiaren bidea adierazten du batetik bestera pasatzean.

Esan bezala, energiaren fluxu horrek bide irekia osatzen du, eta bidean diharduten organismoak honelaxe sailkatzen dira euren izaera, jokamolde eta eginkizunen arabera:

Ekoizle primarioak aldatu

Ekosistemara iristen den energia aprobetxatzen duten lehenengo organismoak materia organikoaren ekoizle primarioak dira.

Ekoizle primarioak autotrofoak ere deitzen dira, organismo hauek materia inorganikotik sortzen baitute materia organikoa. Organismo autotrofoen artean daude landareak, algak eta bakterio batzuk. Horiek argi-energiaz baliatzen dira materia organikoa fabrikatzeko. Horretarako, fotosintesia deritzon prozesua erabiltzen dute, eta horrela finkatu egiten dute Eguzkitik datorren energia, ondoren ekosistemako energia-fluxua beste maila batera pasarazteko.

Ozeanoen barnealde sakonetan, bestelako ekoizle primario batzuek dortsal ozeanikoen inguruetan dauden iturri hidrotermalen energia erabiltzen dute, eta kimiosintesiaz baliatzen dira hango energia finkatzeko eta energia-fluxuan sartzeko.

Kontsumitzaileak aldatu

Ekoizle primarioek sorturiko materia organikoaz elikatzen diren organismoak heterotrofoak dira; alegia, beste izaki bizidun batzuk (ekoizle primarioak) janez hartzen baitute energia: kontsumitzaileak dira Horrela, ekoizle primarioek sorturiko energia kontsumitzen duten organismoek beste pauso bat ematen dute energia-fluxuan. Dena den, maila desberdinetako kontsumitzaileak daude:

  • Kontsumitzaile primarioak. Lehen mailan dauden kontsumitzaileek kontsumitzaile primarioak dira eta horien artean daude landareak eta algak jaten dituztenak (herbiboroak), eta baita horietatik elikatzen diren parasitoak ere.
  • Kontsumitzaile sekundarioak. Ondoren, fluxuarekin segituz, kontsumitzaile primarioak kontsumitzaile sekundarioen elikagai izango dira (karniboroak eta omniboroak), energia-fluxua bizidun batzuetatik besteetara bideratuz.
  • Kontsumitzaile tertziarioak. Elikatze-katean hirugarren mailako kontsumitzaileak ere badaude, kontsumitzaile tertziarioak. Hauei predatzaileak edo harrapariak ere esaten zaie, kontsumitzaile sekundarioak janez elikatzen direnak.

Deskonposatzaileak aldatu

Azkenean, maila desberdinetako ekoizle eta kontsumitzaileen hilotz edo hil-hondakinetatik elikatzen diren deskonposatzaileak daude, alegia, hildako landare edo animaliez elikatzen direnak, alegia, hildako materiatik ateratzen dutenak bizitzeko behar duten energia.

Era horretan, norabide bakarreko energia-fluxu sortzen, maila batetik bestea energia pasatuz, betiere tartean energia-galera egonik bero forman.

Energia-fluxua basoetan aldatu

Ekosistemetako energia-fluxua irudikatzeko, kontuan har daiteke basoetako sistema. Sistema horretan, aurretik aipatutako organismo guztiak daude bildurik: bertan hazten dira eguzki-energiaren finkatzaileak diren ekoizle primarioak, bertan bizi dira maila guztietako kontsumitzaileen, eta bertan daude energia-fluxuaren azken pausoan parte hartzen duten deskonposatzaileak ere. Baina ez hori bakarrik: basoek energia-biltegi modura ere jokatzen dute, eta beste zenbait onura ere badakarzkigute, hala nola fotosintesian parte hartzen duten ekoizle primarioek ekoizten duten oxigenoa.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu