Emakumeen eztabaida Europan Erdi Aroan eta Aro Moderno osoan zehar eman zen eztabaida filosofiko, politiko eta literario konplexu eta luzea izan zen; Frantziako iraultza arte luzatu zena, XVIII. mende amaierara arte alegia.

Christine de Pizan, Emakumeen eztabaidan parte hartu zuen lehen emakumea.

Mugimendu intelektual bat izan zen, zeinarekin emakumeak iraintzen dituzten testuak emakumeen ahalmenak goraipatzen dituzten beste batzuekin erlazionatzen diren. Izan ere, asko izan ziren emakumearen ustezko “gutxiagotasun naturala” eta gizonaren ustezko “nagusitasun naturala” defendatzen saiatu zirenak. (SEGURA, 2011: 19).

Eztabaida hau oso lotuta egon zen unibertsitateen munduarekin, eta hortaz baita mundu klerikalarekin, elizgizon eskolatuekin… Batez ere humanismo bezala ezagutzen dugun mugimendu kulturala baino lehen. (RIVERA, 1996: 27).

Oinarri teoriko garrantzitsu bat izan zen, emakumeen defentsan obrak egin zituena. Obra eta idatzi hauek aurrekari eta oinarri garrantzitsuak izan ziren XIX. mendetik aurrera emakumeek haien eskubideen defentsan egingo zituzten aldarrikapen feministetan. (SEGURA, 2011: 21).

Testuinguru historikoa eta aurrekariak aldatu

Sexu ezberdintasunaren instituzionalizazioa, emakume eta gizonen arteko botere harreman bat bezala ulertuta, eta diskurtso patriarkalaren onartzea, Erdi Aroko patriarkatua sostengatzen zuen oinarria zen.

Momentu historiko nahiko desegonkorra izaten ari zen: sistema feudalaren krisia, espiritualitate modu berrien ugaritzea… Eta emakumeen proiekzio sozialak, falozentrismoaren hejemonian oinarritutako sistema soziopolitikoa eta doktrina kristaua kolokan jartzen zituen. (SEGURA, 2011: 45).

Garai hartan, hierarkia soziala oso estratifikatua zegoen Europa feudaleko gizartean; noblezia eta kleroa posizio pribilegiatuetan zeudelarik, biztanleriaren gehiengoa nekazariak ziren bitartean. Europa feudala sistema patriarkal batean murgilduta zegoen era bat eta erantzule nagusietako bat eliza izan zen bere doktrinen bidez.

Elizak zeregin nagusia betetzen zuen arau sozialen eraketan eta genero-rolei buruzko pertzepzio orokorrean. Eliza Katolikoak Erdi Aroko gizartearen eguneroko bizitzan zuen eragina nonahikoa zen, bai alderdi espiritualetan, bai doktrina moralen formulazioan ere.

Eliza irakaskuntza teologiko eta filosofikoaren buru zen eta hauek beraien doktrina zabaltzeko tresna bezala erabiltzen zituzten irakaskuntza. Instituzio honen hitza ezin zen eztabaidatu jainkoarena baizen. Honen ondorioz, emakumea beheragoko izakitzat hartzen lagundu zuten, termino intelektual eta moraletan. Izan ere, doktrinaren zati handi bat Aristoteles eta Tomas Akinokoaren ideietan oinarrituta zegoen. Aristotelesek emakumeak biologikoki eta moralki gizonak baino gutxiago zirela zioen, eta Akinok ikuspegi hori bere teologian hartu zuen. Emakumeak, askotan, sedukzioarekin eta tentazioarekin lotzen ziren. Paradigma horrek eragina izan zuen feminitatea berezko arriskutsutzat hartzean eta gizartean gizonen nagusitasuna justifikatzean.

Elizak, moraltasunaren zaindari gisa, nozio horiek sustatzen zituen bere irakaspenetan, eta genero-rol zurrunak finkatzen laguntzen zuen. Gizonak jainkoaren antzekoak ziren, baina emakumeak ez. Lehenik gizona sortu zen jainkoaren antzera, eta gero emakumea, gizonaren gehigarri gisa. Pentsamendu honek gizonaren ustezko “nagusitasun naturala” sustatzen eta justifikatzen zuen. Ideia hauek Erdi Aroko gizarte feudalean errotu ziren eta pentsamendu hauek diktatzen zuten gizartearen hierarkia. Doktrinaren kontra joatea heresiatzat hartzen zen, ezin zen pentsamendu horrekiko kritikoa izan.

Eztabaida hauek eman ziren gizartea sistema patriarkal batean oinarrituta zegoen, non gizona emakumearen gainetik zegoen. “Sexu ezberdintasunaren instituzionalizazioa, emakume eta gizonen arteko botere harreman bat bezala ulertuta, eta diskurtso patriarkalaren onartzea, Erdi Aroko patriarkatua sostengatzen zuen oinarria zen". (SEGURA, 2011: 45)[1]. Gizonak erabateko kontrola zuen emakumearen gain.

Garai honetan, emakumeak gizonak baino gutxiagotzat jotzen ziren, adimen- eta moral-gaitasunari dagokionez. Juridikoki ezarria zegoen gizonak emakumeen jaun eta jabe zirela. Jaiotzean aitaren jabetza ziren, ezkontzea senarrarena eta hau hiltzen bazen, familiari bueltatzen zen jabetza.

Emakumeen artean ere klase desberdinak ziren, esan genezake, klase altuko emakumeak klase baxukoak baino “eskubide” gehiago zituztela. Adibidez, nobleek jabetzak heredatu zitzaketen, baina haien funtzio sozial nagusia, askotan, ezkontzarekin eta etxearen kudeaketarekin lotuta zegoen. Bestalde, emakume nekazariek zerikusi handiagoa zuten nekazaritzako eta etxeko lanetan. Emakumeak etxe lanetara kondenatuta zeuden eta horretarako ziren heziak.

Hezkuntza jasotzeko aukerak oso mugatuak ziren. Bestalde, gizonak aukera gehiago zuten, hobeto esanda, gizonak aukera zeuketan. Gainera, ondo ikusia zegoen gizon batek hezkuntza jasotzea, bestetik, emakume batek jasotzea ez hainbeste. Hala ere, nobleziako emakume batzuek hezkuntzarako sarbidea zuten, nahiz eta sarritan beren estatuserako egokitzat jotzen ziren trebetasunetan zentratzen zen, hala nola etxearen kudeaketan eta erlijio-hezkuntzan.

Eztabaida hau krisi sakon baten testuinguru batean eman zen. Krisi anizkoitz bat zen, krisi ekonomiko, sozial eta politiko batean murgilduta zegoen Europako gizarte feudala. “Momentu historiko nahiko desegonkorra izaten ari zen: sistema feudalaren krisia, espiritualitate modu berrien ugaritzea… Eta emakumeen proiekzio sozialak falozentrismoaren hejemonian oinarritutako sistema soziopolitikoa eta doktrina kristaua kolokan jartzen zuen".(SEGURA, 2011: 45).[1]

Krisi bat jasaten ari den gizarte batean bere hutsune guztiak agerian jartzen dira. Kaos guzti honetan klase berri baten agerpena ematen da, burgesia. Egitura ekonomiko eta sozial feudalak alde batera uzten hasi ziren hiri eta merkataritza loraldi baten aurrean. Hau, gizarte feudalaren krisian eragina izan zuen faktoreetako bat izan zen. Hiriguneak merkataritza-jarduerarako gune bihurtu ziren, eta merkatariak eta artisauak gremioetan eta korporazioetan biltzen ziren, haien interesak babesteko eta arautzeko. Ekonomia, lehen trukean oinarritua, moneta-sistema baterantz eboluzionatu zuen, eta merkataritza-bideen hedapenak trukea eta distantzia luzeko merkataritza bultzatu zituen. Aldaketa ekonomiko horrek eragin zuzena izan zuen gizarte-harremanetan. Burgesiak, merkataritzaren eta enpresa-jardueraren bidez aberastasuna eta estatusa metatzean, gizarte feudalaren estamentu-zurruntasunari aurre egin zion. Klase ertain independente bat sortu zen, noblezia ez bezala, egitura feudal tradizionalekin erabat lotuta ez zegoena.

Aldaketa sozial eta ekonomikoaren testuinguru horretan, emakumeen eztabaidak ñabardura berezi bat hartzen du. Emakumeen posizioari eta eskubideei buruzko eztabaidak eraldatzen ari zen gizarte baten ezaugarri ziren tentsio eta erronka zabalenekin lotu ziren. Erdi Aroko emakumeek gizarte-rolei eta hezkuntzari dagokienez muga esanguratsuak izaten jarraitzen bazuten ere, burgesiaren sorrerak dinamika berriak sortu zituen. Emakume burges batzuek, merkataritza- eta enpresa-jardueretan parte hartzean, ohiko arauei desafio egiten zien independentzia ekonomikoa sentitu ahal izan zuten.

Historia aldatu

Jatorria aldatu

Jatorriari dagokionez, bi mugimendu ezberdindu daitezke; bata izaera sozialagoa duena eta bestea akademikoagoa; bata emakumeek protagonizatutakoa eta beste gizonezkoek. Biak Erdi Aroaren erdiko mendeetan kokatu beharrekoak. (RIVERA, 1996: 27).

Lehenengo mugimendua, izaera soziala duena, Alemanieraz “Frauenfare” edo “emakumezkoen gauza” deitzen dena da. Kontuan hartzekoa da, hasiera batean behintzat, hau guztia ikusgarriagoa zela Europako erdialdean, gerora Alemania osatuko zuten lurraldeetan zehazki. Dirudienez, konexio handirik gabeko mugimendu bat izan zen. Emakumeek ezarritako arauetatik ihes egiteko eta espazio askeak zabaltzeko joera bat izan zen. Emakume  horiek araututako bizitza erlijiosora eta ezkontzera uko egin zuten eta emakumen talde informaletan bildu edo Europan agertu ziren elkarte heretikoetara batu ziren.

Bigarren mugimenduak, izaera akademikoa duena, ondorio handiak izan zituen baita gizarte eta literaturan. Mugimendu hau emakumeak eta gizonak zer diren bereizten zuen teoria baten harrakastari dagokio unibertsitateetan. Teoria hori Aristotelesen “sexuen arteko polaritatea”-rena da. Honen arabera, argia da emakumeak eta gizonak ez direla berdinak eta gizonezkoen nagusitasuna defendatzen du. Teoria hauek XII. mendean zabaltzen hasi ziren, Aristotelesen obrak derrigorrezko irakurgai bezala ezarri zenean Pariseko Unibertsitatean lehenengo (1255) eta gero beste zenbaitetan. XII. mendeko beste emakume idazle batzuek “sexuen arteko osagarritasunaren” teoria defendatu zuten; gizonak eta emakumeak ezberdinak direla, baina balioan berdinak defendatzen zuena.

Garapena aldatu

Eztabaida hauetan, XIII. mendetik gizonezkoak izan ziren nagusiki parte hartu zutenak. Baina, 1400. urtean hau aldatu zen, Chistine de Pizan eztabaidan sartu zenean; bera izan zen, dakigunez, eztabaida hauei lehen aldiz eduki feminista eman ziena. Eta ordutik beste hainbat aldarrikapen feminista gehitu zitzaizkion. (RIVERA, 1996: 28).

Pizan-en obra (“Andreen hiria”) izan zen emakumeen baliogabetzeari eman zitzaion erantzun sendoenetakoa; hala ere, berak ez du gizonezkoen argumentuen kontrra egiten. Bere obra modu positiboan idatzita dago, emakumeen ahalmenak goraipatzen. (SEGURA, 2001:19).

1405ean, Cristina de Pizanek "Andreen hiria" lanean idatzi zuen gizon jakintsuen idazkiak ezagutu ondoren: "... ondorioztatu nuen Jainkoak emakumea sortzean izaki zital bat sortu zuela... Izan ere, egile horiei sinesten badiegu, emakumea bizio eta gaitz guztien ostikoa duen ontzi bat izango litzateke. (FUENTE, 2009: 20)[2]. Hala ere, konbentzituta zegoen gizonak oker zeudela, eta galdera hau planteatzen zuen: "Agian ez dakizu gehien eztabaidatzen dena dela, hain zuzen ere, baliorik handiena duena?". (FUENTE, 2009:13).

Izaera femeninoari buruzko eztabaidak ere arreta berezia merezi du emakumeen eztabaidaren gaien artean. Izan ere, neurri handi batean, emakumeek beren funtzio partikularrekin jarraitu beharreko bidea marrazten lagundu zuen; hau da, "beren sexuari dagozkionak" edo, bestela esanda, beren izaerari dagozkionak, eta, azken batean, genero-rolen definizioari.

Emakumeen berdintasunaren eta duintasunaren inguruko eztabaida kultural hori Giovanni Boccaccioren "De claris ilustribus" (1361) lanean oinarrituta garatu zen, batzuetan ideia misoginoen aurkako borroka-tonu polemikoak hartuz, baina baita, hein handi batean, emakumeen eta, bereziki, figura zehatzen sexuaren azentu apologetikoak eta laudatorioak ere. Boccaccioren adibideari jarraiki, garai horretako errege edo nobleen familietako emakume asko, beren gaitasun politikoengatik eta mezenasgoagatik nabarmendu zirenak, emakume ospetsuen galeriako adibide gisa erakusten dira. (MORENO, 2022: 294).

Emakumeei buruz hitz egin zuten errabino eta idazle judu, europar eta hispanoek ekarpen handia egin zuten, eta haien artean bat etorri ziren, XV. mendean hasitako eztabaida ospetsuaren aurreko hebrear munduko emakumeen benetako eztabaidaz hitz egiteraino. (FUENTE, 2009: 20).

XI. mendearen amaieratik, egile juduen idatzizko testigantzek emakumeei buruzko eztabaida erakusten dute; zehazki, emakumeen izaerari, gaitasun intelektualari, hezkuntzari eta funtzioei dagokienez, adibidez, hispaniar zirkuluan, gerora eragin handia izan zuen Maimonidesen (1135-1204) iruzkinez gain, Bartzelonako Solomon ben Adret (1235-1310) errabinoa; emakumea adimen laburrekoa izatearen sinboloa zela zioena: "ezinezkoa da emakumeek, adingabeek eta intelektualki ahulak direnek beren arazoez arduratu behar izatea. (FUENTE, 2009: 22)[2]. Izaera horren ondorioz, emakumeak etxean hezi behar izaten zituzten, beren generoari zegozkion gauzetan, ideia horiek jarraitu ziren mendeetan zehar eta jakintsu batzuek emakumeen izaera lizunaren salaketari erantzun zioten, gizonak estaltzeko modu bat zelako ideiari eutsiz, haiek baitziren emakumeei erasotzen zietenak. (FUENTE, 2009: 22-23).

Emakumeei buruzko iruzkin izugarriekin, haien adimen-gaitasunaren gaitzespenarekin eta haien ohitura (genero-funtzioak) eraikitzeko premiaren baieztapenarekin batera, kontrako erantzunak ere izan ziren, emakumeen taldearen defentsan, beste idazle batzuen lanetan edo praktika judizialaren epaietan. (FUENTE, 2009: 23-24).

Emakumeen parte hartzea mugimendu sozialetan eta idazketan aldatu

Emakumeen eztabaidaren markoetan, mugimendu sozial femenino aipagarriena beginak eta beatena da. Beginak direlakoak bai hezkontza eta bai araututako bizitza erlijiosoa ukatzen zuten horiek ziren; hau da, bizitza monastikoa ukatzen zuten horiek. Europa osoan zehar egon ziren, baina batez ere erdialde eta iparraldeko Europan, Flandesen esaterako. “Beatak” Gaztelako erreinuan ematen zaien izena litzateke. Hauek, talde informal txikietan bizi ziren eta efermeritzara, merkataritzara, industriara etab. dedikatzen ziren; batzuk hirietan limosna eskatzea baino ez zitzaien geratzen. Haien jatorri soziala oso zabala izan daiteke; nobleak, nekazarieak edota hirietako biztanleak izan zitezkeen. (RIVERA, 1996: 28-29).

Erdi Aroa amaieran, Eliza katolikoak beguinak eta beatak direlako hauek jazarri zituen. Horietako batzuk ordena Jeronimoan sartu ziren eta beste batzuk modu askean jarraitu zuten haien beata bizitzekin, mugimendu ezberdinen protagonistak izanik. Mugimendu horietako batzuk oso jazarriak izango ziren XVI. mendean Gaztelako inkisizioagatik, luteranismoagatik akusatuta. (RIVERA, 1996: 28-29).

Iberiar Penintsulan aldatu

Idazmenaren munduan esku-hartzeari dagokionez, bi modu edo bide aipatu behar dira. Alde batetik humanistena, “pullae doctae” deitzen dena; eta bestea, esperientzia pertsonalak idatzietan islatu zituztenak.

Humanismoa indar handiz garatu zen Gaztelan XV. mendean. Emakume pribilegiatuentzat, humanismoak elitezko hezkuntzarako aukera suposatu zuen. Hezkuntza hori ez guztiz, baina gizonezkoek jasotzen zutenaren berdina zen ia ia. Ez zen berdina, emakumeek ezin zutelako erretorika ikasi. Isabel I Gaztelako erregina zenean eta XVI. mendearen lehen erdialdean, emakume humanista asko egon ziren.

Idazmenean eragiteko bigarren bideari dagokionez, Gaztelan aipatzekoak diren bi emakumeren memoria utzi dute: Leonor Lopez de Córdoba eta Teresa Cartagenakoa. Humanistak edo “pullae doctae” direlakoak ez bezala, autora hauek gazteleraz idatzi zuten, eta ez latinez.

“La querella de las mujeres” Espainian aldatu

Gaztelako Juan II.aren gortean, Alfonso Martinez de Toledoren Corbacho liburuaren argitalpenari erantzuteko sortu zen eztabaida. Iberiar Penintsulan, Emakumeen eztabaida Juan II.aren Gaztelako gortea eta Aragoiko Maria erregina ditu ardatz, erregearen lehen emaztea izan zena. Francesc Eiximenisen Lo Libre de les dones eta Bernat Metgeren Lo somni bezalako idazkiek agerian uzten dute hori.  1437. urtean, Alonso Fernández de Madrigalek "Las cinco paradojas figuradas" argitaratu zuen, eta urtebete geroago, Juan Rodríguez del Padrónek "El Triunfo de las donas" idatzi zuen, Emakumeen eztabaidaren gaztelaniazko testu-corpusean funtsezko lana.  Obra hau esplizituki adierazten den lehena da, eta emakumeen defentsa erabiltzen da argudio nagusitzat.  Horren atzetik datoz Mosén Diego de Valeraren Emakumeen defentsarako ituna eta Fray Martín de Cordobaren Emakume nobleen lorategia. (ARRIAGA & CERRATO, 2022: 129).

Hala ere, emakume asko ez ziren beren seme-alabak etxean zaintzera mugatu, baizik eta batzuk, gizarte-klase altuenetakoak, burgesia eta noblezia, eta monjak, irakurtzen ikasteaz arduratu ziren, eta horrek idazteko aukera eman zien. XIII. mendetik aurrera, emakume askok idatzi zuten, gehienak monjak edo nobleziako emakumeak. Emakumeek emakumeen ontasuna eta adimena islatzen zuten idazkietan, eta pentsamendu patriarkala ez bezalakoa islatzen zuten. Adibide paradigmatikoa, zalantzarik gabe, Christine de Pizan da. Familia idazle lanarekin mantendu zuen emakume bat izan zen, alargundu zenean eta amaren, seme-alaben eta ilobaren baten kargu geratu zenean. Bere lana, El libro de la ciudad de las Damas, garrantzi handiko testua da, Emakumeen Querella izan zen eztabaida intelektual, politiko eta sozialerako bidea ireki baitzuen, Erdi Arotik modernitaterako bidean luzatu zena. (SEGURA, 2016: 88).

Emakumeen eztabaida filosofiko literarioan parte hartu zuten emakume idazleek osagai bizigarri eta autobiografikoa zuten. Hau da, erresistentzia- eta autoafirmazio-esperientzia gisa eratzen da, emakumeak izateagatik baztertzen dituen kultura baten barruan, ez gaitasunik ezagatik. Baldintza kultural horien pean, Espainia, Italia eta Frantziaren arteko Querellan parte hartu zuten emakume humanistek, Christine de Pizán, Isotta Nogarola, Teresa de Cartagena, Cassandra Fedele, Laura Cereta eta Alessandra Scalak, une horretara arte gizonek bakarrik zuzentzen zituzten zirkulu kulturalen aurkakotasunari aurre egin behar izan zioten. Hala ere, emakumeek kulturako subjektu gisa duten papera aldarrikatu zuten, bereziki Laura Ceretak, 1488an Defensa de la instrucción liberal de las mujeres idatzi zuenak. Bera eta Cassandra Fedele izan ziren esparru pribatutik irten ziren lehenak, eta literatur bilera edo mezakuluetan aurkeztu ziren, baita unibertsitate-giroetan ere. Horrek ezagutzaren dimentsio publikoan sartzea dakar, eta bere jakinduria eta elokuentzia familiaren, hiriaren eta estatuaren esku jarri zituen. (ARRIAGA & CERRATO, 2022: 130).

Emakumeen eztabaidaren historiografia Espainian aldatu

M.a Ángeles Durán soziologoa izan zen Historian oro har eta Erdi Aroan bereziki Espainian emakumeen ikusgarritasuna bultzatzen lehena. Ikerlari honek "Liberacion y Utopía" izeneko liburua argitaratzea proposatu zuen, eta hainbat pertsonari, gizon zein emakumeri, lanean laguntzeko eskatu zien, emakumeek hainbat gizarte sortzeko, pentsamendu propioa sortzeko eta gizarte patriarkalaren aurka egiteko egindako ekarpena balioetsiz. (SEGURA, 2016: 79). Bartzelonan, beste talde bat sortu zen M.a Milagros Riverarekin eta Teresa M.a Vinyolesekin lankidetzan, sexu-desberdintasunaren feminismoaren printzipioak partekatzen zituena. Bi taldeek harreman ezin hobea zuten Erdi Aroko emakumeen gizarte-errealitatearen ikuspegi zabalagoa emateko. (SEGURA, 2016: 80).

Emakumeen eztabidari buruzko ikerketari dagokionez, hainbat unibertsitatetako historialariek hasi zuten. La Revista Arenalen ekarpenek Archerrek Iberiar Penintsulako misoginiari buruz dituen ideiak osatzen dituzte. Cristina Segura Graiñok feminismoaren eta Querellaren iturri historikoei buruzko hainbat liburu kolektibo koordinatu ditu, eta ekarpen horiek erabakigarriak dira. AEIHMren VI. Nazioarteko Mintegia feminitateen eta maskulinitateen azterketa historikora bideratu zen berriki, eta Querellaren gaiari ere heldu zion, Bolufer Peruga eta Monicarena bezalako ekarpenekin. (ARRIAGA & CERRATO, 2022: 136-137).

Erreferentziak aldatu

  1. a b Segura, Cristina, ed. (2011). La querella de las Mujeres antecedente de la polémica feminista. Al-Mudayna, 45 or. ISBN 978-84-87090-55-4. (Noiz kontsultatua: 2024-02-02).
  2. a b Echavarría, Elena Garcés. (2019). «La construcción simbólica y social de la sexualidad femenina: las bases teóricas del deseo, el discurso y el cuerpo.» Las mujeres colombianas. Su lucha por romper el silencio. Editorial Universidad del Rosario, 61-94 or. ISBN 978-958-784-240-1..

Bibliografia aldatu

  • Arriaga Flórez, M., & Cerrato, D. (2022). «Querella de las Mujeres en Italia y España. Una revisión bibliográfica.» Revista internacional de pensamiento político, 16, 125–148.
  • Fuente, María Jesus. «Querella o Querellas de las Mujeres: el discurso sobre la naturaleza femenina.» Cuadernos Koré 1, nº 1 (2009): 11-27.
  • Segura Graíño, C. (2016). La construcción de la historia de las mujeres en la Edad Media en los Reinos Hispanos. Índice Histórico Español, 77–93.
  • Moreno Lago, E. M. (2022). Laudomia Forteguerri y los autores de la Querella de las mujeres. Cartaphilus, (19).
  • Rivera Garretas, M. M. (1996). La querella de las mujeres: una interpretación desde la diferencia sexual. Política y cultura, 6, 43-61.
  • Segura Graíño, C. (2011). La querella de las mujeres. III, La querella de las mujeres antecedente de la polémica feminista. Almudayna.

Kanpo estekak aldatu