Elkarcredit nazioarteko lankidetzan, garapenerako mikrokredituetan eta gizarte erakaldaketarako hezkuntzan jarduten duen irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Bere jardueraren bitartez gizarte ekonomia, ekonomia solidarioa eta ekonomia feminista sustatzen ditu eta baita hezkuntza finantzario kritikoa ere, izan ere, Finantzaz Haratago sarearen koordinatzailea da (Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sarea).

Nazioarteko lankidetza aldatu

Elkartearen oinarrietako bat bertako zein nazioarteko aliantza eta sareetan parte hartzea da, herrien eta pertsonen arteko elkartasuna eta lankidetza sustatzen dituzten proiektuak babesteko helburuarekin. Elkarcrediten nazioarteko lankidetza elikadura burujabetzaren ardatzean oinarritzen da. Borroka honetan agroekologia eta feminismo baserritar herrikoiarekin erlazionatutako proiektuetan parte hartzen dute, besteak beste Vía Campesinako erakundeekin lan eginez.

Proiektu ezberdin hauek finantzatzeko funtsak, funts propioak, bazkideen ekarpenak edota garapenerako eta sentsibilizaziorako lankidetza-proiektuetarako diru-laguntzen deialdietatik lortutako funtsak dira.

Garapenerako mikrokredituak aldatu

Finantza etikoei lotuta, mailegu arduratsu eta solidarioen inguruko balioak sustatzen dituzte hegoaldeko herrialdeetan bertako mikrofinantza erakundeekin lan eginez eta EAEn hezkuntzaren bitartez.

Putxitoak Elkarcrediten lankidetza ibilbidearen hasiera izan ziren, 2004ko urrian. “Puchito” hitza Erdialdeko Amerikako nekazarientzat zerbait txikia baino baliotsua dela esateko erabiltzen da. Putxito izeneko mikrokreditu hauek komunitateko egonkortasuna eta tokiko ekoizpen eta merkaturatzean jauzi kualitatiboak emateko tresna gisa erabiltzen dira, ez dira pobrezia desagerrarazteko alternatiba gisa ulertzen, prozesu eraldatzaileak babesteko tresna bezala baizik. Honela, Hegoaldeko komunitateen antolaketa- eta ekoizpen-gaitasunak indartu egiten dira.

Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza aldatu

Hezkuntzara bideratutako lana elikadura burujabetzaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren ardatzetan garatzen da, bereziki finantza etikoen inguruan.