Elkar izenordain elkarkaria da euskaraz, erreziprokoa, eta elkarrekikotasuna adierazten du, hau da: A-k B-ren egintza jasaten du, eta B-k A-rena[1]. Hala nola: Ak eta Bk elkar maite dute, edo A-k eta B-k elkarri musu eman diote.

Psike eta Kupido elkarri begira; elkar musukatzeko gertu. Antonio Canovaren eskultura, 1793.

Erabilera

aldatu

Elkar-ek hartzen dituen kasu markak beti mugagabean doaz, eta bizidunen markekin (* markadunak, okerrak dira adibide hauetan):

  • elkarri / *elkarrari / *elkarrei lagundu diogu
  • elkarrengandik / *elkarretatik bereizi ditugu
NOR elkar
NORK (ezinezkoa)
NORI elkarri
NOREN elkarren
NOREKIN elkarrekin
NORENTZAT elkarrentzat
NORTAZ elkarrez
NORENGAN elkarrengan
NORENGANDIK elkarrengandik
NORENGANA elkarrengana
NORENGANANTZ elkarrenganantz
NORENGANAINO elkarrenganaino
NORENGATIK elkarrengatik

Elkar ezin da ageri ergatiboarekin, ez dago Nork kasurik, goiko taulak erakusten duen bezala: *Elkarrek ezinezko forma da. Nor kasu absolutuaren marka daramanean, berriz, beti objketua da elkar, sekula ez sujetua. Adibidez, “elkar jango dugu” esan genezake, betiere zentzu metaforikoan, hau da, “nik zu jango zaitut, eta zuk ni”, baina elkar objektu zuzenaren lekuan dago, ikusten denez.

Elkar izenordainak ez du berezko erreferentziarik. Erreferentzia-testuingurutik jaso behar du. Aurrekari batek ematen dio erreferentzia. Horregatik, anaforikoa dela esaten da: a) Horiek elkar maite dute. b) Neska-mutilak elkarri begira gelditu ziren. Bi adibide horietan, ELKAR izenordainak aurrekaria du: horiek, kasu batean, eta neska-mutilak, bestean. Elkarkariak batak bestea, batak besteari, bata bestearekin eta abar esan nahi du. Erreferente plurala eskatzen du, hortaz. Horregatik, aurrekariak beti plurala izan behar du, edo, berdin balio duena, izen-sintagma juntatua. Aurrekari plural horrekin lotuta, jokatutako aditzaren forman pertsona beti plurala izango da.

Erabilera okerra

aldatu

Elkar izenordaina bada eta izen sintagmak osatzen baditu, izen sintagmak perpaus barnean betetzen duen funtzioaren arabera hartzen duen deklinabide atzizkia hartu beharko du. Horregatik, Guk gurasoekin afalduko dugu esaten dugun bezala, Guk elkarrekin afalduko dugu esan beharko dugu. Hala ere, topatzen dira halako moldeak, euskal gramatikalariek okertzat ematen dituztenak:

  • *Guk elkar bazkalduko dugu
  • *Elkarrik bazkalduko dugu
  • *elkar bizi gara

Guztiarekin, errore hau ez da batere berria eta 18. mendetik dokumentatu dira horrelako adibideak[1]:

  • Argatik Jainkoak, itsasirik zeudela biak alkar, bata besteagandik bereiztu zuen. (Euskal testuak, Manuel Larramendi)
  • bostekoa alkar emanda (Iltzalleak, Martin Ugalde)
  • Alkar konponduko bagiña… (Joanak joan, Yon Etxaide)

Aldaerak

aldatu

Elkar finkatu da euskara batuan, baina tokian tokiko euskalkiak dokumentatu ahal izan diren tokietan beste forma batzuk ere erabili izan dira. Bizkaieraz, gipuzkeraz, erronkarieraz eta zubereraz alkar erabili izan da (zubereraz, alkhar). Elkar Nafarroa Garaian erabili izan da nagusiki. Lapurdi eta Nafarroa Beherean elgar erabiltzen da egun, baina lapurtera klasikoz elkhar erabiltzen zuten autore nabarmenek[2].

Etimologia

aldatu

George Uhlenbeck euskalariak hark-har forman ikusi zuen elkar terminoaren jatorria, alegia, har erakusle primitiboa, ergatiboz eta absolutiboz[1].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c «Elkar [Sareko Euskal Gramatika»] www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-06).
  2. «Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-06).

Kanpo estekak

aldatu