El País Vasco Donostian 1923tik 1930era argitaratutako egunkaria izan zen.

El País Vasco, 1923tik 1930era Donostian argitaratu zen egunkaria.

Historia aldatu

El País Vasco Donostian argitaratu zen 1923ko apirilaren 8tik 1930eko maiatzaren 29ra arte. Primo de Riveraren diktadura hasi baino hilabete batzuk lehenago sortu zen egunkari honek ez omen zuen oso harrera ona izan Donostiako egunkarien aldetik.[1] Aurretik argitaratzen ziren La Constancia, El Pueblo Vasco eta La Voz de Gupúzcoari egunkari berri bat gehitzeak hirian lehia bizia sortu zuen. Egoera gatazkatsu honen adibide da El País Vascoko zuzendariak, Evaristo Bozas Urrutiak, auzitara eraman izana El Pueblo Vascoko zuzendaria.[2]

Egunkariaren lehenengo urteko aleak La Prensa egunkariaren tailerrean inprimatu ziren. Hurrengo urtean, 1924ean, Jose Mari Lizarragak, Evaristo Bozas Urrutiak eta Ramon Berraondok Gráfica Vasca sozietate anonimoa sortu zuten eta egunkariak sendotasun gehiago lortu zuen. Elkartearen egoitzan, Okendo kaleko 6an, kokatu zen egunkariaren inprenta.[3] Aldi berean egunkariari formatu handiago bat eman zitzaion eta kolaboratzaile taldean izen berriak azaldu ziren: Ponce de León, Gil Tillol, Blanca Acevedo, Ramon Gomez de la Serna, Enrique Gaziel, Emilio Miciana, Jose Castellón eta Antonio Golluri.[4] Erredaktore taldeko kideak berriz, Pedro Sarasketa, Ziriaco Irigoien, Aurelio Aparicio, Angel Gorrotxategi, Joaquin Alvero eta Enrique Martin izan ziren, eta talde burua Amadeo Anton.[5]

Edukiari dagokionez, lehentasunak politika eta kirola izan ziren. Hiriko eta Gipuzkoako informazioaren berriemailea Angel Gorrotxategi zen. Emakumeentzako orriaren arduraduna berriz, Margarita G. Bozas Urrutia. Egunkarian idazten zuten idazleen artean, besteak beste, Juan Zaragueta, Jose Maria Donosty, Luis Ureña, Praxedes Diego Altuna eta Manuel Munoa zeuden.

El País Vascok ez zuen bizitza erraza izan, kritika politikoa egiten ahalegindu zen baina Diktadura garaiko zentsura egunkariaren garapenerako oztopo bihurtu zen. Artikulu zentsuratuen espazioa zuriz agertu ohi zen edo beltzez marratua. El Pais Vascok orri solte batean Arzadun gobernadoreak Bozas Urrutiari jarri zizkion zortzi multa agertu ziren, guztira 3.100 pezetako diru kopurua.[6] Evaristo Bozas Urrutia, sortzaileetako bat, izan zen egunkariaren zuzendaria, egitasmo asko zituen baina diktadura garaiko egoerak ez zion lagundu eta Argentinara alde egitea erabaki zuen, Amadeo Anton, erredaktore buruak ordezkatu zuen.[7][8] Bozas Urrutiak alde egin eta bi urtera, 1930eko maiatzean, El País Vascok ateak ixtea erabaki zuen, eta egunkariaren egoitza eta inprenta El Díak erosiko zituen.

Egunkariaren bildumari dagokionez Donostiako Liburutegi Nagusian 1. zenbakitik, hau da, 1923ko apirilaren 8tik 2.138 zenbakira, 1930eko maiatzaren 29 bitartera argitaratu ziren zenbakiak daude. Ale guztiak digitalizatuak izan dira eta Donostiako Udal Liburutegien Sareko Liburutegi Digitalean daude eskuragarri.

Erreferentziak aldatu

  1. El País Vasco 165. zk. 1923.10.17 “Contra El País Vasco” 4. orld.
  2. El País Vasco 159. zk. 1923.10.10 “Ecos de una querella” 4. orld.
  3. El País Vasco 410. zk. 1924.07.29
  4. El País Vasco 425. zk. 1924.08.14 “Nuevos colaboradores” 6. orld.
  5. El País Vasco 425. zk. 1924.08.14 “Nuestra redacción ha sido reforzada” 6. orld.
  6. Zenbakirik gabeko orri soltea, 1925.09.21 “Multas
  7. El País Vasco 1484. zk. 1928.01.08 “De la intimidad de nuestra casa periodística. Don Evaristo Bozas Urrutia renuncia a la Dirección de El País Vasco” 3. orld.
  8. El País Vasco 1485. zk. 1928.01.10 “Homenaje del personal de El País Vasco a don Evaristo Bozas Urrutia” 4. orld.

Bibliografia aldatu

  • (Gaztelaniaz) Arantxa Arzamendi: «Catálogo de publicaciones periódicas donostiarras: 1800-1936». Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 38. urtea, XXV liburukia, 1. zenbakia, 1990eko urtarrila-ekaina.
  • (Gaztelaniaz) Biblioteca Municipal de Donostia-San Sebastián: catálogo de publicaciones periódicas; dirección Eulalia San Agustín; coordinación Arantxa Arzamendi ; realización Arantxa Arzamendi y Eki Servicios Bibliotecarios. - Donostia: Asociación de Bibliotecarios de Gipuzkoa, 1992.

Kanpo estekak aldatu