Dolarizazioa, herrialde batek ofizialki edo estraofizialki Ameriketako Estatu Batuetako dibisa, hau da, estatubatuar dolarra, indarrean dagoen dibisatzat hartzearen prozesua da. Moneta atzerritar estatubatuarrak, herrialdeko moneta ordezkatzen du funtzio guztietan (balio erreserba, kontu unitate, ordaintzeko medio…)

Dolar bateko billetea

Zergatik herrialde batzuek dolarizazioaren prozesua garatzen duten aldatu

Herrialde bat dolarizazio prozesua garatzeko derrigortasunean egotea, edo gauzatzeko desio izatea, hainbat arrazoirengatik gerta daiteke:

  1. Herrialde batek independentziaz erabakitzea neurri hau martxan jartzea. Hau askotan herrialde txikiek egiten dute, bertako moneta bat jaulkitzeko gaitasunik ez dutenean, edo euren politika monetarioak ezartzerik nahi ez dutenean adibidez.
  2. Krisi bati aurre egiteko helburuz hartzea. Krisi egoera larrian dauden herrialde batzuk non beren moneta oso debalua dagoen eta dolarizazioaren aldeko apustua egiten duten, hau izango litzateke Ekuadorren kasua adibidez.

Herrialde baten dolarizazioa ezartzeko beste arrazoietako bat, bertako monetaren debaluazioa da. Zimbabweren kasua izan daiteke hau, zeinak Zinbabwear dolarra erabiltzeari utzi zion, hiper-debaluatua egotearren. Venezuelaren kasua ere antzekoa izango litzateke, non bertan de facto dolarizazioa aplikatzen den, nahiz eta ofizialki ez aplikatu. Hau bolibarraren mega debaluazioaren ondorioa dela esan daiteke.

Dolariazioa ez da fenomeno berri bat. XX.mendearen amaieran eta XXI.mendearen hasieran, hainbat faktorek bultzatu zuten dolarizazioa:

  • Globalizazioa
  • Muga-zergen murrizketak
  • Kapitalen zirkulazio librea
  • Nazioarteko merkataritzaren bolumena handitzea

Eztabaida dago akademikoki ere, globalizazioak ekonomia txikiei beren politika ekonomikoak gauzatzeko gaitasuna kendu ote dien.

Ezintasunaren triangeluak, ondorengo hiru helburuak bateraezinak direla iradokitzen du:

  1. Kanbio-tasa finkoa
  2. Kapitalen mugimendu askea (Kapital kontrolen falta)
  3. Moneta politika autonomoa

Abantailak eta desabantailak aldatu

Dolarra tokiko erabilerarako txanpon gisa hartzeak moneta handi bat erabiltzearen abantaila guztiak ditu, baina, bestalde, baditu zenbait desabantaila nabarmen. Desabantaila nagusia,  herrialdeak ez duela moneta-politika kontrolatzen, eta, beraz, moneta-izaerako erabaki guztiak herrialde jaulkitzailearen menpe gelditzen dira, kasu honetan, Ameriketako Erreserba Federalaren eskutan, monetaren kontrolean subiranotasuna galduz, eta merkatuek eta kanpoko herrialde batek erabakitzen dutenaren menpe jarriz.

Dolarizatutako ekonomiak dituzten herrialdeak aldatu

Ekuador aldatu

Ekuadorrek 1999an hartu zuen ofizialki dolarra legezko moneta gisa, 1990eko hamarkadaren amaieran herrialdeak krisi ekonomiko eta inflazionario handia jasan ondoren. 1998 eta 1999 urteen artean, sucrearen debaluazioak, Ekuador ia porrot egindako estatu izatera bultzatu zuen.

1970eko hamarkadatik aurrerako inflazio-hazkundea diktadura militarraren ondoren eta Guillermo Rodriguez Lara presidente militarrak eta ondorengo gobernuek eginiko ekonomiaren kudeaketa txarraren ondoren, Ekuadorrek 1999 urtean %60,7ko inflazioa jasan zuen, Ekuadorko Banku Zentralaren aldetik paper moneta inprimatzeagatik, aurrezkiak likidotuz eta finantza-merkatua hautsiz.

Ekuadorrek, hainbat erreforma ekonomiko egiteari ekin zion 1994an. Agintari ekonomikoek pentsatu zuten, legez interes-tasa murriztea kredituak merkatzeko helburuarekin, erabakirik egokiena izan litzatekeela inbertsioak sustatzeko eta herrialdeko ekonomia hobetzeko. Gainera, Banku Zentralak kanbio-bandaren sistema onartu zuen, sucreak dolarrarekiko zuen kotizazioa arautzeko, hala ere, 1997rako, dolarraren kotizazioak gora egin zuen sucrearekin konparatzen badugu.

Gainera urte horietan, petrolio-upelen prezioak beherakada izan zuen. Kontutan hartzen badugu, Ekuadorren esportazio produktu nagusia zela, hau sekulako kolpea izan zen Ekuadorreko ekonomiarentzat, kanpo-finantziazioa lortzeko zailtasunak areagotzea eragin zuen. Zailtasun hauek, Ekuadorrek bizi zuen inestabilitate politiko eta ustelkeriarekin ere lotura zuzena zuela esan daiteke.

Finantza publikoak zenbaki gorrietan sartzen hasi ziren. 1997an defizit fiskala Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2koa izan zen, 1998an berriz, BPGren% 6koa izan zen, eta kontu korronteko saldoa, BPGrekin alderatuta, - %4koa izan zen 1997an. Hurrengo urterako, -%12an kokatu zen. Horrek, kontu nazionalen hondatze orokorra ez ezik, kanpo-zorraren betebeharrak konplitzeko ezintasuna ere gauzatu zuen, luzamendua, eta kanpo-finantzazioa eskuratzeko ezintasuna eraginez.

Ekuadorreko dolarizazio prozesua partzialki arrakastatsua izan zela esan daiteke. Bizi-maila asko garestitu zuen arren, egoera makroekonomikoa hobetzen, edo gutxienez egonkortzen eta herritarrek, euren herrialdean eta bere ekonomian zuten konfiantza maila hobetzen lagundu zuen. Dolarizazioak honako abantaila ekarri dio Ekuadorri: nazioarteko moneta bat izatearen ondorioz, inportazioetako ordainketak garesti ez ordaindu behar izatea lortu du, baina horrek ez du ekarri bizi-mailaren kostuaren hazkuntza etengabe handitzea, edo esperotakoak ziren inbertsioen etorrerak erraztea. Gainera, beste antzeko herrialde batzuekiko produktibitateak behera egin du. Kontrako aldetik, egonkortasun ekonomikoa indartu egin zen, batez ere, Espainia, Italia eta Estatu Batuetara joandako emigranteengatik, eta ondorengo urteetan petrolio-upelek prezio altuak izan zituztelako.

Dolarizazio prozesua aldatu

Dolarizazio hau Jamil Mahuad presidentearen gobernuak jarri zuen martxan 1999an. Eztabaida handiena ez zen Banku Zentralaren subiranotasunaren galera soilik izan, eztabaida handiena ezarri zen kanbio-tasa baxuarekin etorri zen, 25.000 sucre, dolarra. Honez gain, Ekuadorreko Banku Zentrala, prozesu hau ez gauzatzeko hainbat traba jartzen saiatu zen. Honek guztiak azaltzen du, garai haietan gertatutako migrazio ekuadortar masiboa eta bertako klase ertainaren desagertzea.

Ekuadorreko Banku Zentralaren funtzioak dolarizazioaren ondoren aldatu

Ekuadorren dolarizazioa ezarri aurretik, Ekuadorreko Banku Zentralak zituen funtzioetako bat, merkatuan dolarraren prezioa kontrolatzea zen, non horren bidez, dolarrak erosten edo saltzen zituen, sucrea garestitzeko edo merketzeko, herrialdearen beharren arabera. Horretarako Nazioarteko Moneta Erreserba erabiltzen zen.

Aldiz, dolarizazioaren ondoren, Nazioarteko Moneta Erreserbaren kontzeptua, Erabilgarritasun Askeko Nazioarteko Erreserbarengatik ordezkatua izan da. Erreserba berri horren saldoa, Ekuadorreko Banku Zentralak kutxan duen atzerriko diruak (dolarra), kanpoko finantza-erakundeetan dituen gordailu eta inbertsioak, Banku Zentralak herrialdetik kanpo dituen urre erreserbak, Ekuadorrek Nazioarteko Moneta Funtsean dituen gordailuek eta Integraziorako elkarte latinoamerikarrarekin dituen kreditu eta zorrek osatzen dute.

Gaur egun, Erabilgarritasun Askeko Nazioarteko Erreserba, Ekuadorreko ekonomiaren estabilitatearen eta dolarizazioaren neurgailu garrantzitsuena da, likidezia eta talka-egoerei aurre egiteko gaitasuna erakusten baitu (petrolioaren prezio baxuak, ekoizpen-azpiegituran kalteak, adibidez), eredu ekonomikoari eutsiz.

Kanpo estekak aldatu