Destilazio

Destilategi» orritik birbideratua)

Destilazioa disoluzio bateko substantzia desberdinak banatzeko erabiltzen den teknika da, substantzia hauen irakite-puntu desberdinetan oinarritzen dena. Irakite-puntua substantzia bakoitzaren propietate intentsiboa da, hau da, ez dago ez masa ezta bolumenaren menpe ere. Destilazioa banaketa fisikoa da eta ez erreakzio kimikoa.

Laborategian egindako destilazioa

Likidoak purifikatzeko metodo garrantzitsuena eta erabiliena da destilazioa. Gainera, likido bat eta hegazkorrak ez diren purutasunak bereizteko aukeratzen den metodoa ere bada.

Destilazioa prozesu industrial ugaritan erabiltzen den teknika da, ezagunenen artean daude alkoholdun edarien eta petrolioaren destilazioa.

Destilazio arrunta aldatu

Destilazio arrunta disoluzioan dauden eta irakite-puntu oso desberdina duten bi likido edo likido bat eta bertan disolbatuta dagoen solido bat bereizteko erabiltzen da (ezpurutasunak kasu). Disoluzioa berotzean, irakite puntu txikiena duen osagaia, lurrundu egiten da, gas hori hoztaile batetik igarotzean kondentsatu egiten da ontzi berri batean bilduz, hasierako nahastetik banatuta.

Horretarako, disoluzioa berotu egiten da. Destilazioa aurrera joaten den neurrian, lurrinaren zati bat matrazearen hormetan kondentsatu egingo da eta beste zati bat albo irteeratik hoztailea dagoen lekura joango da. Hoztailearen kanpoaldetik ur hotza behetik gorantz mugitzen da. Lurrina bertara sartzean kondentsatu egiten da, kondentsatutako likidoa okertutako luzagarri baten bitartez beste ontzira bideratuz. Irakite-puntu altueneko likidoa edo konposatu solido ez-hegazkorra destilazio-matrazean geratuz.

Termometroaren bulboa alboko irteeraren parean geratu behar da, lurrin-korronteaz erabat inguraturik. Destilazioa poliki egiten da, termometroaren bulboan beti likido kondentsatuaren tanta bat izateko moduan. Horrela bulboan likidoa eta bere lurrinaren arteko oreka mantentzen da eta termometroan irakurtzen den tenperatura, destilazio-tenperatura izango da. Irakitea beti berdina izateko, plater porodunaren zatiak jartzen dira hasierako disoluzioan, poro hauek burbuilak sortzeko nukleoak baitira.

 
Destilazio arruntaren eskema.

Destilazio arruntaren eskemaren azalpena:

  • 1: Berogailua
  • 2: Destilatu nahi den disoluzioa duen matrazea
  • 3: Destilazio burua
  • 4: Termometroa
  • 5: Hoztailea
  • 6: Uraren sarrera
  • 7: Uraren irteera
  • 8: Destilatutako likidoa jasotzen duen ontzia
  • 9: Hutsa egiteko Iturria (ez da beharrezkoa destilazio arruntean)
  • 10: Luzagarria

Destilazio zatikatua aldatu

 
Destilazio zatikatuaren eskema.

Zatikako destilazioa aldiz, irakite-puntu antzekoak dituzten likidoak bereizteko erabiltzen da. Hau aurrekoaren antzekoa da funtsean, baina zatikatzeko zutabe batekin.

Zutabe hau destilatu nahi den nahastea duen matrazearen ahoan jartzen da eta berari hoztailea elkartzen zaio. Bere bitartez destilazio arrunten hainbat segida elkarren jarraian egiten dira pauso bakar batean. Zutabearen barruan beirazko hainbat plater daude, lurrundutako likidoak plater hauekin talka egiten du, kondentsatu eta berriro behera eroriz. Honela, bi likidoetan hegazkorrenak, hots, irakite-puntu baxuena duenak, zutabean gora egingo du bestearengandik bananduz.

Behin likidoa hoztailera iritsi eta gero prozesua aurrekoaren berdina da. Bertan berriro kondentsatu eta bukaerako ontzian biltzen da.


Kanpo estekak aldatu