Dekantazio onil

Inbutu-formako beirazko edukiontzia, oinean ixteko giltza duena likidoen hustuketa kontrolatu eta aireztatzeko. Bi likido nahastezin kontu eta zehaztasun handiz bereizteko erauzketa-prozesuetan erabiltzen da.

Dekantazio onila edo dekantazio inbutua, kono forma duen beirazko edukiontzi bat da. Behealdean, hustubide bat du. Honen jarioa balbula baten bidez erregulatu daiteke. Goikaldean, bertatik onilaren barnealdea betetzeko balio duen aho estalgarri bat du.

Dekantazio inbutuaren goiko aldean fase organikoa dago eta behekaldean ura.

Tresna hau, bereziki, nahasgarriak ez diren likidoak banantzeko erabiltzen da. Likido hauek dentsitate eta propietate molekular ezberdinak dituztelako banantzen dira onil honetan, fasearte baten bidez. Adibide bezala, ur eta olio emultsio baten kopuru txiki bat banandu nahi izanez gero, dekantazio onil batean sar daiteke. Bere horretan denbora nahikoa utzi ondoren, bi substantzien arteko banaketa argi bat agertuko da, eta, hori egin eta gero, bi zatitan bana daiteke. Horretarako, beheko balbulatxoa zabaldu eta dentsitate gehien duen likidoa isurtzen utzi behar da, kasu honetan, ura. Eta, bi likidoen faseartea balbulara iristen ari dela ikusten denean, jarioa mozten da. Honela, ura edukiontzi batean hartua egongo da, eta, olioa, dekantazio onilaren barnean.

Kimika organikoan, sarri erabiltzen da disolbagarri bat disolbatzaile batetatik ateratzeko. Horretarako, nahastezinak diren bi likido erabiltzen dira. Disolbagarria edo erauzi nahi den substantzia horietako batean egongo da disolbatuta. Gehituko den likidoa bestearekiko disolbaezina izango da, baina aldi berean erauzi nahi den substantziarekiko beste disolbatzaileak baino afinitate handiagoa izango du. Horregatik, bi likidoak onilean sartu eta nahastean, disolbagarria bigarren fase honetara igaroko da. Elkar ukitzen eta oreka kimikoan dauden nahasgarriak ez diren bi disolbatzailetan disolbaturiko disolbagarri baten kontzentrazioei, banaketa koefizientea esaten zaie.

Normalean, fase urtsua izaten da dentsitate gehien duena, eta, horregatik, onilaren behealdean dago. Fase organikoa, aldiz, dentsitate gutxiagokoa da, eta, honegatik, onilaren goikaldean egoten da. Hau ez da gertatzen kloratutako disolbatzaileak erabiliz gero (kloroformoa, metileno kloruroa, karbono tetrakloruroa...) hauek, dentsitate handiagokoa baitute eta, beraz, onilaren behealdean geratuko dira, ura goikaldean geratuko den bitartean.


Kanpo estekak aldatu