Cherry-picking

Cherry-picking (euskaraz: «Gerezi-bilketa») edo Frogak hautatzea, frogak ezabatzea edo proba osatugabeen falazia, posizio berezi bat baieztatzen dutela diruditen kasu edo datu indibidualak adieraztea da, posizio horri aurka egin diezaioketen kasu edo datu erlazionatu eta antzekoen zati esanguratsu bat aurkezten ez den bitartean. Kasuen hautaketa nahita egin daiteke edo ez. Falazia hori arazo garrantzitsua da eztabaida publikoan.[1]

“Cherry-picking” hitza fruta biltzeko prozesuaren pertzepzioan oinarritzen da. Biltzaileak fruitu heldu eta osasuntsuenak bakarrik aukeratzea espero da. Beraz, hautaturiko fruta bakarrik ikusten duen behatzaile batek ondorio oker bat atera dezake, hots, arbolako fruitu gehienak, edo baita guztiak ere, era berean egoera onean daudela. Horrek ere fruten kalitatearen itxura faltsua eman dezake (lagin bat besterik ez delako eta ez delako lagin adierazgarria). Batzuetan “Cherry-picking”-ekin nahasten den kontzeptu bat, biltzeko erraza den fruta bakarrik biltzearen ideia da, zuhaitzean gorago dagoen eta, beraz, lortzen zailagoa den beste fruta bat alde batera utziz.

Proben aukeraketak konotazio negatiboa du. Cherry-picking-a falazia logiko askotan aurki daiteke: "Ebidentzia anekdotikoaren falaziak" datu kopuru handiak alde batera uzteko joera du, pertsonalki ezagutzen direnen alde. "Ebidentziaren erabilera selektiboak" argudio baten aurkako materiala baztertzen du, eta “dikotomia faltsu” batek, berriz, bi aukera baino ez ditu aukeratzen eskuragarri gehiago dauden arren. Aditu batzuek Cherry-pickinga arreta selektiboko falazia gisa sailkatzen dute, eta horren adibiderik ohikoena berreste alderako isuria da. [2]

Cherry-picking,  datuak edo datu-multzoak aukeratzeari buruzkoa izan daiteke, azterlan edo inkesta batek emaitza desiratuak eta aurreikusteko modukoak eman ditzan, engainagarriak edo errealitatearen guztiz kontrakoak izan daitezkeen arren [3].

ZientzianAldatu

 
"Cherry-picking" maiz erabiltzen da zientzia ukatzean, hala nola, klima-aldaketa ukatzean. Adibidez, "Cherry-picking berariaz eginez eta denbora-epe egokiak hautatuz, hemen, 1998-2012 aldian, "Geldialdi artifizial" bat sortu daiteke, nahiz eta berotze tendentzia bat egon. [1]

Cherry picking-a negazionismoaren ezaugarri epistemologikoetako bat da eta zientziaren hainbat ukatzailek erabiltzen dute, itxuraz, aurkikuntza zientifikoen aurka egiteko. Adibidez, klima-aldaketa ukatzeko, kreazionistek eboluzioa ukatzeko, tabako-produktuen kontsumoak osasunean dituen ondorio negatiboak ukatzeko eta tabakismo pasiboa ukatzeko erabili da. [4]

“Cherry-picking” horrela definitu zuen  Richard Somervillek 2011n AEBetako Ordezkarien Ganberako Energia eta Merkataritza Batzordean egindako testigantza batean:

"Elkarren artean lehiatzen diren proben artean selektiboki aukeratzea, posizio jakin bat babesten duten emaitzak nabarmendu eta jarrera hori babesten ez duten aurkikuntzak alde batera uztea, (...) zientzia txarraren edo sasizientziaren zigilu bereizgarria da." [5]

Steven Novella mediku neurologo kliniko estatubatuarra eta mugimendu eszeptikoan parte hartzaileak hurrengoa adierazi zuen "A Skeptic In Oz" 2011ko lanean:

"Zientzia zorrotzak froga guztiak aztertzen ditu (“cherry-picking” bidez aukeratu beharrean), aldagaiak kontrolatzen ditu benetan funtzionatzen duena identifikatzeko, behaketa itsuak erabiltzen ditu alborapenaren ondorioak minimizatzeko eta barneko logika koherentea erabiltzen du."[6]

Aldaketa klimatikoaAldatu

Giza jarduerek Lurreko kliman eragin nabarmena dutela ondorioztatu duten frogetan oinarritzen da klima-aldaketari buruzko adostasuna. Ondorioz, aldaketa klimatikoa ukatzeko ohiko teknika bat “Cherry-picking”-a edo datu jakin batzuetan zentratzea da. Askotan testuingurutik kanpo dauden datuak erabiliz, eta ondorioarekin gatazkan dagoen edozein datu baztertuz.

G. Thomas Farmer eta John Cook autoreek “Understanding Climate Change Denial“ liburuan adierazten dute Cherry-picking-a gertatzen dela datu-aukeraketa txiki batetik eratorritako ondorioa eta proben multzotik eratorritako ondorioa desberdinak direnean. Teknika honen adibide arruntak honako hauek izanik:

  • Denbora-tarte laburren hautaketa: Denbora-serie bateko aldi laburretan zentratzea, epe luzerako joera argudiatzeko. Hori erraz lor daiteke oso datu aldakorrekin, hala nola gainazaleko tenperaturaren erregistroarekin, mutur batean hasi eta beste muturrean amaitzen den denbora-tarte labur bat hautatuz, epe luzerako joera baten erdian.
  • Adibide isolatuak: Adibide isolatuak hautatzea, kontrako emaitzara daramaten beste batzuk alde batera uzten diren bitartean. Adibidez, glaziarrak orokorrean erritmo bizkorrean atzera egiten ari diren arren, hazten ari diren glaziar isolatu gutxi batzuk ere badaude. Hazten ari diren glaziar gutxi batzuk beroketa globalaren aurkako argudio gisa erabiltzea proba guztiak kontuan ez hartuz.
  • Leku espezifikoa: Toki edo eskualde espezifiko batean zentratzea, eskualdeko datu zabalagoak alde batera utzita. Adibide arrunt bat, toki bakar bateko tenperaturaren berreraikuntza bat aukeratzea da, “Erdi Aro Bero” garaia gaur egun baino beroagoa izan zela argudiatzeko adibidez. Hala ere,   tenperatura globala berreraikitzeko mundu osoko datuak kontuan hartzen  direnean, tenperatura hotzagoak aurkitzen dira beste leku batzuetako tenperatura beroenak orekatuz. Hori kontuan hartuta, azken hamarkadetako batez besteko tenperatura globala azken 1.000 urteetako edozein garaitakoa baino beroagoa da.
  • Dokumentu isolatuak: "Ukazio" ikuspuntua ematen duten ikerketa-artikulu isolatuak hautatzea, kontrako ondorioa duten edo ukazio-artikulua ezeztatzen duten klimari buruzko artikuluak alde batera uzten diren bitartean. Adibidez, askotan aipatu izan den Richard Lindzenen artikulu batek sateliteko datuak erabiliz sentsibilitate klimatiko baxua aurkitu nahi du. Hala ere, oso gutxitan aipatzen ditu sentsibilitate klimatiko handia aurkitzen duten lan ugariak, edo Lindzenen metodologian akatsak daudela adierazten duten lanak.
  • Aipuak aukeratzea: Aipuak ikerketa edo testuingurutik kanpo hartzea, testuinguru osoak ematen duenarekin kontrastean irudi engainagarri bat aurkezteko. Climategateko mezu elektronikoetatik, zientzialariek portaera negargarria zutela adierazteko aipuak atera zituzten, testuinguru osoak (eta eztabaidatzen zen zientziaren ulermenak), zientzialariek, euren lanbidea termino teknikoetan soilik eztabaidatzen zutela adierazten zuten arren. [7]

ArgudiatzeanAldatu

Argudiatzean, "Aipuak hautatzea" "Cherry-picking" modu bat da [5], non eztabaidatzaileak gaika aukeratzen dituen posizio bat babesten duten aipuak (edo kontrako jarrera puzten dutenak), jatorrizko aipua moderatzen dutenak edo beste testuinguru batean kokatzen dutenak alde batera uzten dituen bitartean. "Cherry picking" eztabaidetan arazo handia da, gertaerak berez egiazkoak direlako, hala ere, testuinguru egokian jarri behar dira. Ikerketa ezin denez zuzenean egin eta askotan desegokia denez, aukeratutako gertaerak edo aipuak iritzi publikoan geratzen dira eta, zuzentzen direnean ere, zuzentzen diren taldeen desitxuratze orokorra eragiten dute.

Aldebakarreko argudioaAldatu

Aldebakarreko argudioa ("Card stacking edo kartak pilatzea, karta-sorta pilatzea, kontraebidentzia alde batera uztea, alboratzea eta frogak ezabatzea ere esaten zaiona) falazia informal bat da [8], proposamen bat babesten duten arrazoiak bakarrik ematen direnean gertatzen dena, horren aurkako arrazoi guztiak alde batera uzten diren bitartean.

Peter Suber filosofia irakasleak honakoa idatzi du:

Aldebakarreko falaziak ez du argudio bat baliogabetzen. Baliteke argudioaren sendotasunean ere ez eragitea. Falazia, irakurleak eta agian geure burua ere , frogen alde balantza makurtzeko adina, eta, beraz, judizio bat justifikatzeko adina esan dugula konbentzitzean datza. Hala ere, aldebakarrekoak izan bagara, orduan ez dugu nahikoa esan epaiketa bat justifikatzeko. Beste aldeko argudioak gureak baino indartsuagoak izan daitezke. Aztertu arte ez dugu jakingo. Beraz, aldebakartasunaren falaziak ez du esan nahi zure premisak faltsuak edo garrantzirik gabekoak direnik, osatugabeak direla baizik. " [9]

"Mezu arrazionalekin, aldebakarreko argudioa edo aldebikoa erabili nahi duzun erabaki behar duzu. Aldebakarreko argudio batek argudioaren aldeko zatia baino ez du aurkezten, eta aldebiko argudio batek, berriz, bi alderdiak. Bata edo bestea erabiltzea zure beharretara eta audientzia-motara egokitzen denaren araberakoa izango da. Oro har, aldebakarreko argudioak hobeak dira entzuleak jadanik mezuaren aldekoak badira. Bi aldeko argudioak ordea, hobeak dira zure argudioaren aurka dauden audientziekin, hobeto hezita edo dagoeneko kontrako argudioen eraginpean jarri direnentzako ". [9]

"Card stacking" propaganda teknika bat da, eta entzuleek gai bati buruz duten pertzepzioa manipulatzea du helburu, alde bat nabarmendu eta beste bat zapalduz egiten da [10]. Enfasi hori lortzeko, komunikabideen partzialtasuna edo aldebakarreko lekukotasunak erabil daitezke, edo kritikarien ahotsak gaitzestea besterik gabe. Teknika hori hautagai politikoen konbentzitzeko diskurtsoetan erabili ohi da, aurkariak gutxiesteko eta duinagoak direla sentiarazteko. [11]

Hitzak, bere jatorria, "Karta-sorta pilatzeko" aztiaren trikimailuan du eta honek karta-sorta bat aurkeztean datza, dirudienez, ausaz aztertua izan dena, baina, benetan, ordena zehatz batean "pilatua" dagoena. Aztiak ordena ezagutzen du, trikimailuaren emaitza kontrolatuz. [12]

Fenomenoa edozein gairi aplika dakioke eta aplikazio zabalak ditu. Informazio espektro zabala dagoenean, gertakari batzuk nabarmenduz eta beste batzuk baztertuz. "Card Stacking" defentsa-taldeen edo agenda espezifikoak dituzten taldeen pertsuazio tresna bezala erabili daiteke.[13] Adibidez, armadan izena emateko kartel bat irudi txundigarri batean zentratu daiteke, "Bidaia" eta "abentura" hitzekin, behealdean "bi eta lau urte bitartean egon" hitzak puntu txikiago eta ez hain hautemangarri batean jartzen diren bitartean.[14]

ErreferentziakAldatu

  1. a b Klass, Gary. "Just Plain Data Analysis: Common Statistical Fallacies in Analyses of Social Indicator Data. Department of Politics and Government, Illinois State University" (PDF). statlit.org. ~2008. Archived from the original (PDF) on March 25, 2014. Retrieved March 25, 2014.
  2. Kooy, Brian K.. (2009-05). «The Internet Encyclopedia of Philosophy2009155General Editors James Fieser and Bradley Dowden. The Internet Encyclopedia of Philosophy. 1995‐. Last visited December 2008 URL: www.iep.utm.edu/ Gratis» Reference Reviews 23 (4): 12–12. doi:10.1108/09504120910958313. ISSN 0950-4125. (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  3. Goldacre, Ben (2008). Bad Science. HarperCollins Publishers. pp. 97–99. ISBN 978-0-00-728319-4.
  4. Sven Ove Hansson: Science denial as a form of pseudoscience. Studies in History and Philosophy of Science. 63, 2017, pp 39–47, doi:10.1016/j.shpsa.2017.05.002.
  5. a b "Devious deception in displaying data: Cherry picking", Science or Not, April 3, 2012, retrieved 16 February 2015
  6. Novella, Steven (26 April 2011). "A Skeptic In Oz". Science-Based Medicine. Retrieved 16 February 2015.
  7. (Ingelesez) Farmer, G. Thomas; Cook, John. (2013). Farmer, G. Thomas ed. «Understanding Climate Change Denial» Climate Change Science: A Modern Synthesis: Volume 1 - The Physical Climate (Springer Netherlands): 445–466. doi:10.1007/978-94-007-5757-8_23. ISBN 978-94-007-5757-8. (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  8. "One-Sidedness - The Fallacy Files". Retrieved 14 October 2014.
  9. a b Peter Suber. "The One-Sidedness Fallacy". Retrieved 25 September 2012.
  10. The fine art of propaganda: a study of Father Coughlin's s=Institute for Propaganda Analysis. Harcourt Brace and Company. 1939. pp. 95–101. Retrieved November 24,2010.
  11. C. S. Kim, John (1993). The art of creative critical thinking. University Press of America. pp. 317–318. ISBN 9780819188472. Retrieved November 24, 2010.
  12. Ruchlis, Hyman; Sandra Oddo (1990). Clear thinking: a practical introduction. Prometheus Books. pp. 195–196. ISBN 9780879755942. Retrieved November 24, 2010.
  13. James, Walene (1995). Immunization: the reality behind the myth, Volume 3. Greenwood Publishing Group. pp. 193–194. ISBN 9780897893596. Retrieved November 24, 2010.
  14. Shabo, Magedah (2008). Techniques of Propaganda and Persuasion. Prestwick House Inc. pp. 24–29. ISBN 9781580498746. Retrieved November 24, 2010.

Kanpo estekakAldatu