Bloke logiko (ikasmateriala)

Haur hezkuntzan, bloke logikoak kolore, eite, tamaina eta lodiera ezberdinetako 48 piezako tresna didaktikoa da, logika eta matematikaren irakaskuntzan maiz erabiltzen dena. William Hullek (1884-1952) asmatu zituen baina Zoltan Dienes izan zen bere erabilera zabaldu zuena, batez ere Kanada eta Australiako eskoletan. Piezak haurrek manipulatzen errazak dira, eta egur edo plastikozkoak izan daitezke.

48 bloke logikoak, marra lodiaz inguraturik pieza lodiak izanik.

Koloreari buruz gorria, urdina eta horia bereizten dira; eiteari buruz, hirukia, laukia, borobila eta laukizuzena; tamainaz handia zein txikiak izan daitezke eta lodieraz lodiak zein meheak. Horrela, guztira 3×4×2×2=48 pieza ezberdin sortzen dira, denak gutxienez ezaugarri bati buruz ezberdinak.

Erabilgarritasuna aldatu

Bloke logikoekin ariketak egin ondoren, helburuak hauek bilatzen dira:

  • Bloke bakoitza izendatzea eta ezagutzea
  • Aldagaiak eta balioak ezagutzea
  • Sailkapenak egitea irizpide bat jarraituz (adibidez: itxura edo tamaina), ondoren irizpide bat baino gehiago kontutan hartzeko.
  • Blokeak alderatu desberdintasunak eta antzekotasunak ezarriz
  • Seriazioak egitea arau desberdinak jarraituz
  • Egokitasun erlazioak ezarri
  • Ezezkoa erabilita elementuak zehaztu

Jarduerak aldatu

  • Haur bakoitzari bloke bat emango eta haren ezaugarriak deskribatu beharko ditu lau aldagaiak erabiliz (kolorea, itxura, tamaina eta zabalera). Blokea deskribatzen duen haurra okertzen baldin bada beste haur batek zuzenduko du eta ez irakasleak.
  • Irizpide bati jarraituz, adibidez koloreak erabiliz, multzoak osatu behar dituzte haurrek. Irakasleak multzoak osatu eta ikasleari ze irizpide jarraitu duen ere galdetu dezake. Ikaslearen maila ikusita, irizpide konplexuagoak ezar daitezke.
  • Bloke bat kendu eta ikasleari galdetzen zaio zein den falta den blokea.
  • Eraikuntzak, paperaren gainean blokeen siluetak egin, bideak eta antzeko jolas askeak ere egin daitezke.
  • Piezak irizpide bat jarraituz kokatzen dira, serie bat osatuz. Ondoren ikasleak esan behar du zein izan den erabili den irizpidea eta baieztatu zein den hurrengo seriea. Pixkanaka-pixkanaka irizpideak gehitzen joango dira. Ariketa paperean egin daiteke, horrela izango litzateke:
    • Serie irekia: Kokatu behar den fitxak posibilitate asko ditu
    • Serie itxia: Kokatu behar den fitxak posibilitate bakarra du.

Kanpo estekak aldatu