Bizitoki informal
Bizitoki informalak hirietako periferian izaten diren etxeak dira, material apalez eginak, legeztatu gabeak eta hiri-plangintzatik at, askotan bertan bizi behar denak berak eraikiak. Maiz auzoak osatuz biltzen dira, txabolismo izeneko egoera sorraraziz. Kalitate eskaseko eta kondizio txarretan dauden etxebizitzak izateaz gainera, bizitoki informaletan ez dira eskaintzen beste auzoetan herritarren esku jartzen diren oinarriko zerbitzuak, hala nola ura eta argindarra, eta osasun eta hezkuntza-zerbitzuetarako aukera eskasa izaten da. Auzo hauetan bizi den jendea txiroa da, etxebizitza duin baterako aukera izaten ez duena. Beste alde batetik, bizitoki informala hirira heldutako etorkinen askoren aukera bakarra izaten da, etxebizitzaren prezio altuagatik eta diru-sarrerak izaten ez dituztelako. Gainera, pertsona hauek bazterkeria pairatzen dute askotan; horrela, auzo horietatik ateratzeko aukera kendu eta auzo horietako egoera kroniko bilakatzen da.

Munduan
aldatuMundu mailan, txabola gunerik handiak topatu ditzakegu Ciudad Nezan (Mexiko), Karatxiko Orangi auzoan (Pakistan), Mumbaiko Dharavi auzoan (India). Turkian, "gecekondu" deitzen dira auzune hauek. 2004an kalkulatzen zen Istanbulgo populazio guztiaren erdia (sei milioi pertsona inguru) txaboletan bizi zirela.
Brasilgo hainbat hiritan dauden favelak ezagunak dira, São Paulo eta Rio de Janeiron nagusiki. Argentinan, "villa miseria" izena hartzen dute auzune pobre hauek, 2018an horrelako 4.228 zenbatu zituztelarik, 1.600 bat Buenos Aires inguruan.
Europako asentamendu ilegalik handiena da Cañada Realekoa (Madril). AEBetan, Skid Row (Los Angeles) auzoa ere ospetsua da. "Shanty towns" izena hartzen dute ingelesez.
Euskal Herrian
aldatuBilbon 1950eko hamarkadan populazio guztiko %10 inguru txaboletan bizi ziren, 26.000 hiritar gutxi gora-behera.[1] industrializazioaren ondorioz, batez ere Extremadura, Andaluzia, Gaztela eta Galiziatik etorritako jendea pilatzen zen hiriaren inguruko mendien magaletan, Arraitz eta Kobeta azpian, Mintegitxueta (Monte Caramelo), Iturrigorri (Peñascal), Betolatza eta Uretamendi auzoetan. Baita Ollarganen ere (Arrrigorriaga), Malmasin mendiaren iparraldean, edo Artxandako magaletan.[2]
José Luis Martín Vigil jesuitak garai hartako giroa jaso zuen "Una chabola en Bilbao" (Juventud, 1960) izenburuko eleberrian. Frankismoaren urteak ziren eta, irtenbide moduan, Otxarkoaga moduko auzoak sortu zituzten, edo aurreko paragrafoan aipatutakoak.
Zineman
aldatu"Slumdog Millionaire" (Danny Boyle, 2008) Indian kokatuta dago, lehen aipatutako Dharavi auzoan (Mumbai). 2009ko Oscarretan 7 sari eskuratu zituzten.
"Cidade de Deus" (Fernando Meirelles eta Kátia Lund, 2002) izen bereko auzoan dago kokaturik, Rio de Janeiron. 4 Oscar sarietarako izendatu zuten 2004ko edizioan.
"Elefante blanco" (Pablo Trapero, 2012) Buenos Airesen girotuta dago, besteak beste Ricardo Darínek protagonizatuta.
"District 9" (Neill Blomkamp, 2009) pelikulak Johannesburgen du kokapena.
"El 47" (Marcel Barrena, 2024) Bartzelonan kontatuta eta benetako gertaeretan oinarritutako drama zinematografikoa da.