Urkatua arkatza eta paperaz jokatzeko mahai-joko bat da. Jokatzeko, pertsona batek hitz bat (zenbaitetan, erranaldi bat) pentsatzen du, eta jokalariek hitza zein den asmatu beharko dute.

Jokoaren izena jokoan zehar marrazten den urkaturiko gizakiaren iruditik datorkio. Irudia bukatzeak jokalariek jokoa galdu dutela adierazten du.

Jokoaren mekanika aldatu

 
Martxan den joko baten adibidea (soluzioa Wikipedia da).

Bi pertsona edo gehiagok joka dezakete. Batek hitz edo erranaldi bat pentsatuko du, eta sekretupean atxikiko. Gainontzekoek hitz sekretua zein den asmatu beharko dute, letrak proposatuz.

Hasteko, hitza pentsatu duenak hitz horren hizkiak idazteko hutsuneak marraztuko ditu, jokalariei hitzak zenbat hizki dituen aditzera emanez. Ondoren, jokalariek letrak proposatuko dituzte, txandaka.

  • Proposaturiko letra soluzioaren zati bada, hitza pentsatu duenak dagokion hutsunean idatziko du (arau ohikoenen arabera, hizki hori behin baino gehiagotan agertzen bada guztiak idatzi behar ditu).
  • Proposaturiko hizkia ez bada soluzioan, hitza pentsatu duenak marra bat marraztuko du. Marra hori urkatuaren marrazkiaren parte da (letra ezegokiak zein diren oroitzea jokalarien esku gera daiteke, edo denen bistan idatzi).

Edozein jokalarik, bere txandan, hizkia erran beharrean hitza edo soluzioa erran dezake. Huts eginez gero, marrazkiari marra bat gehituko zaio.

Letrak proposatuz, hitza eta urkatuaren marrazkia gero eta osatuagoak egongo dira, bietako bat guztiz osatzen den arte. Azken kasu horretan, jokoa bukatzen da.

Jokoa irabazteko, jokalari batek soluzioa erran eta asmatu behar du, bere txandan. Hutsegiteen ondorioz marra guztiak marrazten badira (urkatuaren irudia burutuz), jokalariek partida galtzen dute, eta hitza pentsatu duenak, irabazi.

Marrazkia, normalki, urkamendian zintzilik den gizaki baten irudi sinplifikatua da. Marrazkiaren itxura zehatza eta marrazkia osatzeko behar diren marra kopurua, ordea, ez dira finkoak, eta tokia eta egoeraren arabera aldatzen dira.

Kanpo estekak aldatu