Dilema honetan sakontzeko, honako autore eta gaiak kontsultatu ditzakezu:
Gai filosofikoak:
- Epistemologia
- Zalantza Metodikoa
- Dataismoa
- Tabula Rasa - Egitura innatoa gatazka
- Errealismo inozoa
- Subjektu Transzendetala
- Arrazionalismoa - Enpirismoa gatazka
Wikipediako beste sarrera batzuk:
Zer da ezagutza?
aldatuDavid Humen epistemologian, datuak dira lehenengoa, fenomenoetatik jasotako informazioarekin ulertzen eta azaltzen baitugu mundua. Dirudienez, gaur egun, datuak eskura izatea eta ezagutza lortzea edo eraikitzea gauza bera dira. Mundu digitalean, datuek hartu dute ezagutzaren balioa eta kontzeptu biak parekatu egin dira, gauza bera direla ulertzeraino. Datuek helburu instrumental bati erantzuten diotenez, ez dira pilatzen mundua edo errealitatea ezagutzeko, ezta ezagutza ezagutze hutsagatik ere. Big Data-ren atzean dagoena zera da: datuen erabilera politikoa, ekonomikoa eta soziala. Beraz, datuen gaineko obsesioak ez du mundua ulertu eta azaldu nahi; ezer ulertu eta azaldu gabe, gizakia kontrolatzea du helburu. Filosofikoki ezagutzaz ari garenean, ordea, munduaren azalpen holistikoari buruz ari gara. Gai al dira datuak azalpen holistiko hori eraikitzeko? Esanguratsuak edo beharrezkoak al dira? Datuek munduaren, gizakiaren, bizitzaren… azalpenik ematen al dute? Edo datuak sortzen dira munduaren, gizakiaren, bizitzaren... ezagutza aldatzeko? Sarean, uzten dugun informazioak nolabaiteko egitura bat osatzen du (Big Data). Egitura hori algoritmo bidez antolatzen dela kontuan hartuta, termino filosofikoetara eramanda, algoritmoa egitura innatoa izango litzateke eta Big Data sentikortasunaren datuak. Zeinek agintzen du, ordea? Datuek edo algoritmoek? Arrazionalisten eta enpiristen arteko gatazkak bizirik jarraitzen du.
Kantek sentikortasunetik lortutako datuak antolatzeko subjektu transzendentala proposatu zuen. Big Dataren garaian, zer izan daiteke subjektu transzendental hori? Algoritmoa? Akaso, algoritmoek sortzen duten antolakuntza ikusezina da egitura transzendental hori. Algoritmoa eta Big Dataren arteko erlazioaren dilema arrazionalista eta enpiristen arteko gatazkaren bertsio moderno gisa mahai gaineratu daiteke. Ildo horretatik, Internet subjektu transzendental bat bezala ulertzerik al dago, orduan?