Artikutzako edo Enubietako urtegia[1] urtegi bat izan zen, Artikutzan zegoena, Goizuetan. Nafarroan egon arren, Donostiako Udalaren jabetzakoa zen, eta hiria urez hornitzen zuen. 1947-1953 bitartean eraikia, Añarbekoak ordeztu zuen 1976tik aurrera. 2019an hustu zuten, eta 2021ean presa presa partzialki eraisteko prozesua abiatu zen.[2][3]

Artikutzako urtegia
Datu orokorrak
Garaiera348 m
Motaurtegi
Azalera21 ha
Bolumena1,6 hm³
Geografia
Map
Koordenatuak43°12′56″N 1°47′23″W / 43.21568°N 1.78983°W / 43.21568; -1.78983
Herrialdea Euskal Herria
Foru erkidego Nafarroa Garaia
UdalerriaGoizueta

Ezaugarriak

aldatu

Artikutzako urtegiak Enubietako errekako ura biltzen zuen. Erreka horrek 6 kilometro koadroko arroa dauka, oso eremu euritsuan: 2.500 mmko prezipitazioa urtean. 1947tik 1953ra eraikia, presak 42 metroko altuera zuen, eta urtegiaren gehienezko edukiera 1,6 hm3-koa zen.[4][5]

Historia

aldatu

XIX. mendearen amaieran, Donostia urez hornitzeko, zenbait hargune eraiki ziren hirigunetik kanpo; haietako bat Ugaldeko presan, Añarbeko errekan errekan. 1902an, baina, Añarbeko errekaren kutsadura zela-eta, tifus-izurritea gertatu zen hiriburuan. Hori horrela, ur garbien bila, harguneak Ugaldeko presatik Artikutzako iturburuetaraino lekualdatu zituzten.[5]

Handik urte batzuetara, 1919an, kalitatezko uraren horniketa bermatzeko, Artikutzako harana erosi zuen Donostiako Udalak. Harrezkero, ganadua handik kanpo eduki zen, hango biztanle gehienak udal-langile gisa kontratatu ziren eta haranerako sarbidea mugatu zuten. Politika kontserbazionista horren ondorioz, Artikutza haritzez, pagoz eta haltzadiz ia erabat estalirik dago gaur egun, eta balio ekologiko handiko leku bihurtu da.[5]

Uraren kalitate ona bermatuta bazegoen ere, ez zegoen erreken emaria erregulatzeko modurik, eta, agorraldi luzeko garaietan, Donostiak hornidura-arazoak izaten zituen. Haiek konpontzeko, 1947an Enubietako urtegia diseinatu zuten: 40,4 metroko garaierako presa, 2,7 hm3 biltegiratzeko ahalmena izango zuena.[5]

Hala ere, presa eraikitzen hasi eta berehala, ohartu ziren ezker-magalean urtegiaren egonkortasuna kolokan jartzen zuten marmol karstifikatuak zeudela. Arazoa konpontzeko hainbat saiakera egin zituzten arren, ez zuten arrakastarik izan, eta, beraz, hormaren ezker-muturra amaitu gabe geratu zen. Erabaki horrek eragin zitzakeen arriskuak ekiditeko, presaren zati bat eraitsi zuten, eta gainezkabidearen garaiera 5 metro jaitsi. Ondorioz, urtegiaren gehienezko edukiera 1,6 hm3-ra mugatu zen.[5]

Segurtasun-arazoez gain, Enubietako urtegiak kalitate-arazoak ere izan zituen. Izan ere, udan, eguzkiak urtegiaren azala berotzean, termoklina sortzen da beheko ur hotzaren eta gainazaleko ur beroaren artean. Horrek bi ur-masa horiek nahastea galarazten du, eta hondoan oxigeno-eskasia gerta daiteke. Hori gertatzean, arroketan eta sedimentuetan dagoen manganesoa, burdina eta sulfatoa erreduzitu eta disolbatu egiten dira, eta urak ustel-kiratsa, kolore uherra eta zapore txarra hartzen ditu.[5]

Artikutzaren kasuan, efektu hori nabarmena zen Enubietako urtegiaren azpian, kolore beltza hauteman baitzen manganeso prezipitatuen ondorioz, eta ohikoa zen uda-amaieran sufre-usaina atzematea ere. Metalen kontzentrazio altuak kaltegarriak dira giza osasunarentzat eta biodibertsitatearentzat, eta Donostiako uretan maiz erregistratzen ziren legez kanpoko balioak, urtegia hain txikia izanik hondoko ura ere erabili behar izaten baitzuten.[5]

Hori guztia zela eta, erreka berean baina kilometro batzuk beherago, Añarbeko urtegia eraiki zuten 1976an, Enubietakoa baino askoz handiagoa (43,8 hm3). Hura martxan jarri zenetik, Enubietako urtegiak garrantzia galdu zuen, eta mantentze-lanak murriztu egin ziren pixkanaka, ia guztiz desagertu arte. 2016an, presa kentzeko erabakia hartu zuen Donostiako Udalak, erabiliko ez zen urtegi bat mantentzea, alferrikakoa ez ezik, garestia ere zela iritzita.[5] 2019an hustu zuten, eta 2021ean presa presa partzialki eraisteko prozesua abiatu zen.[3]

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Enubieta. euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-11).
  2. Txoperena Iribarren, Maddi Ane. Urtegi bat baso bilakatzea. Berria, 2020ko abuztuak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-11).
  3. a b Txoperena Iribarren, Maddi Ane. Artikutzako presa partzialki eraisteko prozesua abiatu du udalak. Hirutxuloko Hitza, 2021eko apirilak 21, CC BY-SA 4.0, irutxulo.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-11).
  4. Desembalse. ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-11).
  5. a b c d e f g h Atristain Vega, Miren. Enobieta erreka leheneratzeko bidea irekiz. Elhuyar, 2021eko abenduak 1, CC BY-SA 3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-11).

Kanpo estekak

aldatu