Alosko Usoa Debako emakume bat izan zen, Alos-Usoa, Usue eta Uxue izenekin ere ezaguna. Bere aita Beltranen heriotzan eresia bat kantatzeagatik ezagutzen dugu[1].

Historia edo alegia aldatu

Alosko Usoa historikoki nor zehazki ez badakigu ere, bere bertsoak belaunaldiz belaunaldi igaro dira ahozko euskal literaturan. Alostorrea edo Etxe eder leyo bage onetan deitzen den olerkiak bertso ia guztia jasotzen du, beste eduki batzuekin batera[2].

Beltran Perez Aloskoa Debako Alostorrea etxeko jauna zen. Lehen emazte batekin alaba izan zuen, Usoa hau. Alargundu ondoren, berriz ezkondu zen, eta beste bi haur izan zituen emazte berriarekin. Gero, mairuen kontrako gerrara joan zen, eta zazpi urte egin zituen kanpoan. Itzultzear zela, emaztearen gutuna jaso zuen, esaten ziona Usoak sasiko umea izan zuela tartean.

Atsekabetuta Debara itzuli zelarik, lehen gauan etxera ez sartzea erabaki zuen, minduta. Ostatu batean, ondoko mahaiko berriketa entzun zuen, nola Alosko jaunak sorpresa handia hartu behar zuen etxera itzulitakoan, bi ume beharrean, hiru topatuta. Hau esan zutenek ez zekiten, noski, alboko mahaian Beltran jauna zegoela entzuten, aurpegia erdi estalita baitzegoen. Ostatukoek gehiago ere esan zuten, hirugarren umea Usoarena zela esan arren, emaztearen antz gehiagokoa zela.

Alegia, gutunean emazteak kontatua amarrua zela bere infideltasuna ezkutatzeko. Orduan erabaki zuen Beltranek beste amarru bat, hil balitz bezala ezkutari batzuek eraman zezatela Alostorrera, eta hila balego bezala, jakingo zuen, etxekoen erreakzioetatik, zer gertatuko zen.

Eresia aldatu

Aitaren gorpu hilaren aurrean ohikoa zen bezala, hortxe izan zen Usoaren eresia, Alostorrearen kanta, aita ustez hilaren aurrean kantatua. Eresian nabarmentzen dira, besteak beste, azken hitz hauek:

«

Aita jauna neria
Gaztelan zanian
Ixil askorik jaio zan
Alostorrian semia

Eta ala ere ixilagorik
dago bakian
Azitzen Zarautz aldian
gure jatorriaren loitukerian.

Ai, au mindura beltza
ai, nere lotsa
Alabak negarra eta
aitak lur hotza!

»


Erreferentziak aldatu

  1. «Euskal emakume idazleen lekua literaturaren historian. Dorrearen arrakalak agerian uzten - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).
  2. «BERTSO / OLERKIen orrialdea» urkiza.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).

Kanpo estekak aldatu