Alaníseko tren istripua (1937)

Espainiako Gerra Zibilean gertatutako istripua

Alaníseko trenbide-istripua 1937ko azaroaren 19an Alanís herriko tren geltokian gertatu zen trenbide istripua izan zen.[1] Mérida-Rosales burdinbidean gertatu zen. Geltokiaren barruan bi trenek eta tren-makina batek talka egin zuten. Ez dakigu zehazki zenbat pertsona hil ziren istripuan; 72 zifra eman ohi da. Hildako gehienak Euskal Herritik eramandako preso politikoak ziren, 57 preso errepublikarrak Sevillan esklabo lanak egitera bidalitakoak. Argitzeke dago istripuaren zergatia, eta ustez herriko hilerrian lurperatutako gorpuzkinak ere ez dira topatu nahiz eta Aranzadik hilerria ikertu egin.[2][3]

Alaníseko tren istripua
Motatren talka
Data1937ko azaroaren 19a
KokalekuAlanísko geltokia
HerrialdeaEspainia
Pertsona hilak72

Frankismoak eskulan esklabua erabili zuen azpiegitura publikoetan, etsaia umiliatzeaz gain irabazi ekonomikoak lortzeko eta besteren artean, trenbide eta errepideak egin zituzten, baita Euskal Herrian ere. Milaka izan ziren lan horietara behartutako presoak.[4]

Istripua

aldatu

Espainiako gerra zibilaren erdian frankistek okupatutako eremuan gertatu zen, eta, ondorioz, ez da istripuaren xehetasun askorik ezagutzen. Txostenaren arabera, ezbeharra azaroaren 19ko 22:57an gertatu zen, 5759 trena, Meridarako noranzkoan zihoana, geltokiko bazterbidean geldituta zegoenean. Burdinbide nagusia 1129 zenbakidun tren-makinak betetzen zuen. Ordu horretan, 5760 trena abiadura handian agertu zen geltokiaren sarreran, Merida aldetik. Honek, itxita zegoen alde horretako sarrera-seinalea gainditu, bazterbidea hartu eta 5759 trenarekin talka egin zuen; hala ere, istripuan bizirik atera zen testigu baten adierazpenen arabera, 5760 trenak ez zuen 5759 trenarekin talka egin, 1129 tren-makinarekin baizik. Informazioan alde ilun ugari daude.[5]

Istripuaren kausak

aldatu

5760 trena Guadalcanal eta Alanis geltokien arteko arrapala jaistean handia hartu zuelako gertatu zen istripua. Dirudienez, Guadalcanaleko geltokian, Merida aldetik Alanisetik gertu, trenak arazorik gabe egin zuen bertan programatuta zuen geldialdia. Trenak zeukan balazta-sistemari buruz, soilik dakigu eskuzko bost balazta zeramatzala. Merkantzia-bagoietan gerra-materiala garraiatzen bazen ere, trenaren atoian eramandako materialaren guztizko pisua ez zen oso handia. Trenak abiadura handia hartu zuen Guadalcanal eta Alanis arteko bidean: istripuaren txostenaren arabera, hogeita hamalau minutu zituen horretarako eta hamalau besterik ez zituen erabili. Aipatutako bi puntu horien arteko trenaren batez besteko abiadura, orduko hogeita hiru kilometro ingurukoa izan behar zuena, berrogeita hamazazpikoa izan zen.

Istripua gertatu zen aldeko epaitegi zibilak esku hartu zuen ezbeharrean, baina, azkenean, inhibitu egin zen, jurisdikzio militarrak hala eskatuta, eta jurisdikzio militarra arduratu zen, azkenik, kausa epaitzeaz. Armadak 1943an itxi zuen txostena. Ezbeharra sabotaje batek eragin zezakeela adierazi da, baina ez dago horren froga erabakigarririk.[6]

Biktimak

aldatu

Ez dakigu zehazki zenbat pertsona hil ziren istripuan. Txostenaren arabera, hirurogeita hamabi inguru dira, nahiz eta bertan onartzen den kopuru hori ez dela segurua; hildako gehienak trenean eramaten zituzten euskal jatorriko hirurogeita hamabost preso errepublikarren artean gertatu ziren. Preso-talde horretako hildakoen kopurua berrogeita hamazazpikoa izan bide zen, eta guztiak hobi arruntetan lurperatu zituzten, Alanisko hilerrian; treneko zerbitzuko langileen artean beste lau hil ziren; jakina da, gainera, konboiko bidaiari batzuk hil zirela, bai eta presoak zeramatzan bagoiko eskoltako bizpahiru kide ere. Zaurituen kopuruari dagokionez, istripuaren txostenak 169 pertsona aipatzen ditu guztira, eta Sevillako ospitaleetara eraman zituzten.[7]

Dokumentala

aldatu

El largo viaje (Bidaia luzea) 2009an Sabin Egilior zinemagileak gertakizun hauek argitzeko dokumentala da. Filmaren harira senideek omenaldia egin zieten tren hartan hildakoei. Filma Zinebin aurkeztu zen, Bilbon.[8] Ekoizlea Basque Films izan zen.Gidoia ere Egiliorena berarena zen.[9]

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu