Alaba (Gotzon Garate)
Alaba Gotzon Garate idazle gipuzkoarrak idatzitako eleberri laburra da, 1984an argitaratua. Detektibe batek aberats baten alabaren desagerpena ikertzen du haren enkarguz; aurkitu eta gero, alabaren eta haren amorantearen hilketa gertatuko da, eta hiltzailea aurkitzea izango da bere eginkizun berria.
Haria
aldatuJon Garai diru eskasarekin dabilen detektibe bilbotarra da, Euskal Herrian ezaguna izan arren. Donostian bizi den Patrizio Eizagirrerengana joateko eskaera helarazten dio ezezagun batek. Patrizio Eizagirre gizon aberatsa da, negozio ilunetan eta droga trafikoan aritzeagatik kartzelan izandakoa. Eizagirreren Aieteko etxe ikusgarrian bisita egin, eta han emaztearen eta bi polizien aurrean, Irene alaba desagertua bilatzeko enkargua hartzen du, milioi bat pezetaren truke. Ikerketan Edurne lagunminarekin hitz egiten du lehenbizi, eta hark Irene neska guztiz zentzuduna dela kontatzen dio, ezezagun batekin alde egingo ez lukeena eta drogarik hartzen ez duena; harekin Lasarteko zalditokira joan zen aurreko egun batean eta urduri ikusi zuen ordea. Jon Lasarteko zalditokira joan eta neskaren argazkia erakusten ibiltzen da, azkenean, dirua emanda, bi agurek aitortzen dute Irene gizon batekin ikusi zutela azken igandean, Joxeba Goirienarekin. Goiriena New Yorketik etorritako mafioso euskaldun diruduna da, handik ihesi Euskal Herrira itzuli dena eta hemen ere negozio zikinetan ibiltzen dena. Patrizio Eizagirre kartzelan egon izanaren erruduna omen da, poliziari salatu baitzizkion Eizagirreren ibilerak. Goirienak luxuzko bizimodua darama Bilbon, bigarren aldiz ezkondua dago, eta alabaordea du, Jaione izenekoa. Oso ezaguna da Bilbon eta harreman estuak ditu hango handikiekin eta haiekin festak eta oturuntzak antolatzen ditu. Emakumezalea da, eta emaztea gaixo duenez, ez omen du oztoporik batarekin eta bestearekin ibiltzeko. Lau etxe ditu, tartean Bilbon eta Plentzian. Horren guztiaren berri Garaik lagun dituen polizia-inspektore bati, kazetari bati eta legeandre bati esker daki.
Ondoren, Goirienaren alaborde Jaione Elorriagari deitzen dio. 20 urte ditu eta Goirienaren Bilboko etxean bizi da. Neska ados dago berarekin buruz buru hitz egiteko. Irene bere aitaordearekin dagoela uste duela esaten dio. Neskak Plentziako etxean dagoela adierazten dio, berriz; ama kanpoan du. Elkarrekin tenisean jolastea adosten dute elkarrekin hitz egiteko. Jaionek susmoak egiaztatzeko Plentziako etxera joango dela eskaintzen dio Joni, arriskurik balego pistola non dagoen badakiela, baina honek ukatu egiten du proposamena, arriskutsuegia delakoan. Gauez, Jonek Goiriena eta bere zaintzailea ikusten ditu Plentziako etxetik ateratzen Mercedes batean. Etxeko harresitik salto egin, eta etxean Irene aurkitzen du. Aitaren partetik datorrela aitortu, eta Goiriena gizon maltzurra dela ohartarazi, bere erruz aita kartzelara bidali zutela. Neska pistolaz apuntatzen ari zaio: aitari laster dena azalduko diola esaten dio, eta berehala alde egiteko.
Bilboko etxera iristean bi gizon ditu zain eta metraileta baten mehatxupean auto batera sarrarazten dute. Eskuak lotzen dizkiote. Kolpeka hasten zaizkio, eta muturra bhar ez den lekuan ez sartzeko. Bere burua arrisku larrian ikusita, Jonek bolanteari kolpe handia eman, eta autoak norabidea galtzea lortzen ud, atea ireki eta salto egiten du, autoa eta bi gizonak ibaira erori aurretik. Autoestopa eginda, gidari batek Arrate neskalagunaren etxera darama. Honek arazoak dituenean bakarrik inguratzen dela aurpegiratzen du, baina hala ere etxean hartzen du. Biharamun goizean, Eizagirreri deitu eta alaba Plentzian dagoela adierazten dio, Goirienarekin, eta alabak berak kontatuko diola dena.
Goiz horretan bertan Irene aurkitzeagatik txekea kobratuta, Jaione Elorriagak ospitaletik deitzen dio, Plentziako etxean eskaileretan behera bota dutela esateko. Aurretik aitari eta Ireneri esan beharreko guztiak esan dizkio, jokaera horrekin bere ama iraintzeagatik. Irenek bota duela uste du. Sendagileei, ordea, erori egin dela esan die. Suminduta, Jonek Eizagirreri deitzen dio Plentziara, berarekin hitz egin nahi duela eta. Arratsalderako geratzen dira, baina siesta egin eta gero laguna duen polizia-inspektoreak deitzen dio, Plentziako etxera etortzeko. Han, Goirienaren eta Ireneren gorpuak ikusten ditu. Ireneren gorpuak Goirienaren pistola dauka eskuan. Gorpuei autopsia egin ondoren, Donostiara eramaten dute Irenerena, eta Jon senideen saminaren lekukoa da. Etxera ekartzeagatik milio bat pezetako txekea ematen dio Eizagirrek. Biharamunean, Jonek Bilboko ibaian barruan bi gizonen gorpuak zituen autoarena eta Plentziako hilketena irakurtzen ditu egunkarietan, Agidanez, Irenek hil zuen Goiriena eta gero bere buruaz beste egin, aitari egindakoa mendekatzeagatik.
Jaione Elorriagak deitzen dio Joni, Bilboko etxean elkarrekin hitz egiteko eta Jon ondoan eduki nahi duelako baita ere. Jaionek ontzat hartzen ditu hilketaren eta suizidioaren hipotesia, baina Jonek ez du argi ikusten neska gazte batek bere ohorea galtzea aita mendekatzeagatik. Horregatik eta beste arrazoi batzuengatik, Jaionek berak hil zituela uste du, amari egindako irainaren mendeku modura, eta azkenean susmo hori bota egiten dio Jaioneri, baina honek ezetz dio tinko, guztiz harriturik itxuraz. Jonek presioa egiten dio: hilketen aitoretza egiten ez badu, polizien aurrean salatuko du, bere susmo guztiak idatzirik dituela ohartaraztearekin batera, nahiz eta hori gezurra izan. Bere etxetik alde egiten du, Jaione harri eta zur utzita.
Etxean, Jonek polizia inspektorearen deia jasotzen du, Ireneren poltsan Goirienaren idatzizko aitortza aurkitu dutela, berak ez zuela Eizagirre salatu. Inspektorea guztiz nahastuta dago: zergatik hil zuen bada ustez Irenek Goiriena? Jonek ez dio Jaionetaz ezer aipatzen, eta emakumeak misteriotsuak direla esan bakarrik egiten dio. Ondoren, Arrateren etxera joan eta haren besoetara jausten da. Hurrengo ni urteetan, Jaionek festetara gonbidatu izan du Jon, baina honek ez du inoiz onartu.
Kanpo estekak
aldatu
Artikulu hau kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |