Aditz trinko

Aditz trinkoa (halaber, aditz sintetikoa) osagai bakarraz eratutako aditza da, eta indikatiboan, unean bertan gertatzen ari dena edo ari zena adierazten du. Adibidez: nator («une honetan etortzen ari naiz») edo nentorren («une hartan etortzen ari nintzen»). Aditz trinkoetan informazio osoa (esangura, pertsona[k], denbora...) hitz bakar batean adierazten da. Aditz perifrastikoa, ordea, bi elementuk osatzen dute: aditz nagusiak eta aditz laguntzaileak, alegia. Trinkoa aditz laguntzaile baten beharrik gabe jokatzen da. Maizenik orainaldian jokatzen badira ere, aginterazko forma batzuk daude halaber (hala nola, Zatoz!, Esaoizu!...), baita baldintzazkoak ere (banentor, letorkioke...).

Aditz trinkoen kopurua oso mugatua da, ia aditz guzti-guztiak perifrastiko gisa bakarrik jokatzen direlako. Forma trinkoa duen aditza, gainera, perifrastiko gisa ere joka daiteke, beste aditzen era berean. Nolanahi ere, indikatiboan aspektuaren inguruko ñabardurak bereizten dira:

  • Zigortuta gaude (zigorra une honetan betetzen ari gara, adibidez, edo laster bete beharko dugu) vs Zigortuta egoten gara (maiz).
  • Autobusa berandu dator (bidean atzerapenez dabil) vs Autobusa berandu etortzen da (atzerapenak ohikoak dira).
  • Erantzunak dakizkite (abantaila hori dute) vs Erantzunak jakiten dituzte (noizbait erantzutean huts egin izan dute).

Gainera, aditz trinko batzuk euskalki batzuetan ez dira hain arruntak: hiztun askok Zer esaten duk? galdetzea beste euskaldun batzuen Zer diok? galderaren parekoa da, hots, forma perifrastikoak ez du maiztasunezko konturik agertzen eta solaskidea une hartantxe esaten ari denaz galdetzeko zuzen-zuzena da. Era berean, euskaldun askok Hango etxola erraz ikusten dute perifrastikoa soilik erabiltzen dute, baina beste batzuek Hango etxola erraz dakusate bezalakoak hobesten dituzte.

Halaber, aginterazko baiezko esaldietan ere, forma perifrastikoek eta trinkoek balio bera dute:

  • Zatoz bihar bostetan! = Etor zaitez bihar bostetan!
  • Esaiozu egia! = Esan iezaiozu egia!
  • Jakizue ez dela bihar etorriko = Jakin ezazue ez dela bihar etorriko.
  • Hago isilik! = Egon hadi isiik!
  • Zoaz hortik, mesedez. = Joan zaitez hortik, mesedez.

Bestetik, debekuak ematean, aginterazko forma trinkoak ez daitezke ezezkoan eman, forma perifrastikoak soilik erabiltzen direlako:

  • Ez zaitez bihar bostetan etor! / *Ez zatoz bihar bostetan!
  • Ez iezaiozu horrelakorik esan! / *Ez esaiozu horrelakorik esan!
  • Ez hadi isilik egon! / *Ez hago isilik!

Hurrengo aditzen aldaera trinkoak ezagunak dira:

  • egon
  • etorri
  • ibili
  • joan
  • eduki
  • ekarri
  • erabili
  • eraman
  • eroan
  • *io (esan)
  • jakin
  • iritzi
  • irudi
  • erion
  • etzan
  • iraun
  • iharduki
  • jardun
  • entzun
  • ezagutu
  • ikusi
  • atxeki
  • erran
  • jarraiki

Idazle klasikoengan, aditz gehixeagok forma trinkoak ere agertzen dituzte: adibidez, Oihenarten derora, hau da, "erortzen da", Thu etxatua zeruan gora begithartera derora atsotitzean, idazle beraren dikuzke ("ikuz dezake"), Esku batak dikuzke bertzea, biek begitartea, edo digaran ("igarotzen den"), Digaran artean ez urtegati gasorik esan, Refranes y Sentenciasen.

Jaugin ("jin", "etorri") trinkoa da zubereraz eta ekialdeko behenafarreraz: Daugin astean, Haugi honat!

Bestetik, egunotan, zenbaitek *datsegit ("atsegin zait") bezalako tradiziorik gabeko formak asmatu dituzte, gizarte sare jakin batzuetan erabiltzeko edo.

TaulakAldatu

JokaeraAldatu










Beste batzukAldatu




Kanpo estekakAldatu