Sulpizia (satiragilea)

Sulpizia Antzinako Erromako bi emakume olerkariren izena izan zen, bata elegiagilea eta bestea, hau, satiragilea.

Sulpizia (satiragilea)
Bizitza
JaiotzaI. mendea
HeriotzaI. mendea ( urte)
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta poeta

Biografia aldatu

Sulpizia Domizianoren agintearen zehar bizi izan zen (I.mendearen amaieran). Erroman bizi izan zen, eta K.o. 95 eta 98 urte bitartean hil zen[1]. Martzialek, bere hamargarren liburuko bi eprigramatan (X, 35; X,38)[2] Sulpizia izeneko emakume garaikidea laudatzen du, Kaleno izeneko gizon baten emazte eredugarria, eta maitasun garbiari buruzko poema erotikoen idazle. Kaleno Martzialen patronoa litzateke[3]. Martzialen X.38 epigramak iradokitzen duenez, Sulpizia eta Kaleno gutxienez 15 urtez egon ziren ezkonduta[4]; orduan, ezkontza erromatar zaharren arauen arabera, Sulpiziak gutxienez 30 urte izango zituen[5][4]. Poema, oro har, kontsolamendu-poema gisa irakurtzen da Sulpiziaren heriotzaren ondoren[6][7][3][8], baina Amy Richlin-ek argudiatzen du agian Sulpizia eta Kalenori buruz idatzi zela, dibortziatu ondoren[4], eta Edward Courtneyk urtebetetzea ospatzen ari dela iradokitzen du[9]. Sulpiziaren heriotzaren kontsolamendu gisa idatzi bazen, K.o. 95 eta 98 artean hil zen ziur aski[3].

Idazlana aldatu

  • Erdi Aroko eskuizkribu batean Juvenalen satiren pasarte bati (VI, 537) egindako ohar batean Sulpiziaren bi bertso-lerro gorde dira trimetro ianbikoetan. Oharren eskuizkribua galdu egin zen, baina Giorgio Vallak 1486ko Juvenalen edizioan aipatu zituen[7]. Vallak aipatzen duen testua "Sulpizio"-ri egozten zaio, eta XVI. mendeko Pierre Piyou adituak Sulpiziaren zati gisa identifikatu zuen lehen aldiz, Kalenoren aipamenean oinarrituta[3]. Vallak transmititutako testua hondatua dago, eta esanahia eztabaidatzen jarraitzen dute, nahiz eta lerroak etorri, itxuraz, Martzialek aipatutako Kalenori buruzko poema erotiko batetik[3].
si me cadurci restitutis fasciis

nudam Caleno concubantem proferat

"lastairako zintak konponduta

ohean biluzik agertuko banintzaion Kalenori" [10].

  • Eta, ondoren, Sulpiziaren kexa (Sulpiciae Conquestiono) izenekoa dator, 70 hexametrotako poema satirikoa, bi liburukitan argitaratua XV. mendearen amaieran. Sulpizia atsekabetuta dago Erroma jasaten ari den dedadentzia-egoerarekin, batez ere Domizianoren tiraniak eraginda; filosofoak, besteak beste Kaleno, kanporatu izanaz kexatzen da[11]. Poema V. mendearen hasierako antologia batean gorde zen[12]. Antzinatik bizirik iraun duen eskuizkribu bakarra, Epigrammata Bobiensia, Italiako iparraldeko Bobbioko Abadian gordeta zagoena, gaur egun galduta dago; poemaren testu modernoa bosgarren mendearenamaierako eskuizkribu batetik egindako transkripzio baten lau kopietatik dator[12]. Poema, Sulpiciae Conquestiono (Sulpiziaren kexa) izenaz ezaguna, 1498an inprimatu zen lehen aldiz, eta XIX. mendearen bigarren erdira arte ez zen zalantzan jarri haren egilea[13]. 1868an, J.C.G. Boot-ek argudiatu zuen poema XV. mendeko konposizio bat zela; 1873an, Emil Baehrensek iradoki zuen antzinate berantiarreko lan bat zela[13]. Aztertzaile modernoek, eskuarki, uste dute lana ez zuela Sulpiziak egin, eta K.o. IV. edo V. mendean osatu zutela[14]. Kexak Martzialek transmititutakoari eransten dion informazio bakarra hiru metroren aipamena da, Sulpiziak idatzi zituenak[3]: hendekasilaboak, trimetro ianbikoak eta kolianboak[8]. Ez dago argi zergatik imitatu zuen poemak Sulpizia, bera bakarrik baitago lotuta maitasunaren poesiarekin, Kexarena satira politikoa izanda[3]. Euskarara ekarria dago Sulpiziaren satira izenarekin[15].

Irautea aldatu

Martzialek Sulpiziaren poesia Saforenarekin konparatzen du[16]. Bere poesiak ezaguna eta kontuan hartua izaten jarraitzen duela dirudi, Platon, Zizeron, Martzial eta Juvenalekin batera aipatzen baitute Ausoniok (IV. mendea) eta Sidonio Apollinarisek (V. mendea) zerrenda banatan[4]. Fulgentzio mitografoak (V. mendearen amaiera - VI. mendearen hasiera) ere aipatzen du, baina ez dago argi bere lana irakurri zuen edo Ausonioren bidez bakarrik ezagutzen zuen[7]. Sulpiziaren poesia aski ezaguna zen Juvenali buruzko iruzkin batean oharra egiteko. Garai hartan, Sulpizia ezagunagoa zen bere poesiaren izaera sexualagatik. Dena, bere poesiaren bi lerro izan ezik, galdu egin direnez, ezinezkoa da haren idazketa gaur egun epaitzea.

Erreferentziak aldatu

  1. López Las Heras, Maite (2022): Poetandreak literatura greko-latindarrean, Balea Zuria, Donostia, 167 or.
  2. Martzial. «Epigramak X» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  3. a b c d e f g (Ingelesez) Hemelrijk, Emily Ann. (2004). Matrona Docta: Educated Women in the Roman Élite from Cornelia to Julia Domna. Psychology Press, 328 or. ISBN 978-0-415-34127-1. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  4. a b c d Richlin, Amy. (1992). «Sulpicia the Satirist» The Classical World 86 (2): 125–140.  doi:10.2307/4351257. ISSN 0009-8418. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  5. Martizalen epigramen X. liburua K.o. 95. urtean argitaratu zen eta K.o. 98. urtean berrikusi eta berrargitaratu zen; beraz, Sulpizia K.o. 68. urtean jaioko zen.
  6. Hallett, Judith P.. (1992). «Martial's Sulpicia and Propertius' Cynthia» The Classical World 86 (2): 99–123.  doi:10.2307/4351256. ISSN 0009-8418. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  7. a b c Parker, Holt. (1992). «Other Remarks on the Other Sulpicia» The Classical World 86 (2): 89–95.  doi:10.2307/4351255. ISSN 0009-8418. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  8. a b (Ingelesez) Citroni, Mario. (2015-12-22). «Sulpicia (2), Latin poet» Oxford Research Encyclopedia of Classics  doi:10.1093/acrefore/9780199381135.001.0001/acrefore-9780199381135-e-6127. ISBN 978-0-19-938113-5. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  9. (Ingelesez) Courtney, Edward. (2003). The Fragmentary Latin Poets. Oxford University Press ISBN 978-0-19-926579-4. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  10. San Juan Manso, Enara (2022): "Erromatar emakume idazleak: jakingarriak eta lekukotasunak", Uztaro 123, 158 or.
  11. Aurora López (1004), No solo hilaron lana. Escritoras romanas en prosa y verso, Zaragoza, Libros Pórtico, 98-110 or.
  12. a b «Index to Sulpiciae Conquestion, edited by J. L. P. Butrica» www.curculio.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  13. a b Butrica, J. L.. (2006). «The Fabella of Sulpicia ("Epigrammata Bobiensia" 37)» Phoenix 60 (1/2): 70–121. ISSN 0031-8299. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  14. Merriam, Carol U.. (1991). «The Other Sulpicia» The Classical World 84 (4): 303–305.  doi:10.2307/4350812. ISSN 0009-8418. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  15. San Juan Manso, Enara (2022): "Erromatar emakume idazleak: jakingarriak eta lekukotasunak", Uztaro 123, 158-159 or.
  16. López Las Heras, Maite (2022): Poetandreak literatura greko-latindarrean, Balea Zuria, Donostia, 168 or.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu