Lemuria edo Lemuralia Antzinako Erromako erlijioan ospatzen zen jai bat zen. Egun horietan norberaren etxean zeudenn mamu eta izpiritu txarren aurkako exorzismoak egiten ziren. Bakerik ez zuten hildakoen espektroak lasaitzeko, lemures edo larvae izenekoak[1], babak eskaintzen zitzaizkien. Egun horietan Vestaren birjinek mola salsa sakratua egiten zuten, urteko lehen gariaren irinarekin egindako pastel gazi bat.

Ospakizuna aldatu

Juliar egutegian hiru egunez ospatzen zen, maiatzaren 9, 11 eta 13an. Ovidioren arabera antzinako festibal honen sorrera mitoa Romulok sortu zuen Remoren izpiritua lasaitzen saiatzeko eta Remuria izena eman zion[2]. Ovidiok dio ohitura zela egun horietan izpiritu txarrak kanporatzeko oinutsik ibiltzea baba beltzak sorbaldaren gainetik botatzen zirelarik gauez. Etxeko buruaren ardura zen gauerdian esnatzea eta etxearen inguruan oinutsik buelta ematea baba hauek botatzen zituen bitartean eta "hauek bidaltzen ditut; baba beltz hauek ni eta nireak berrerosten ditut" bederatzi aldiz esaten zuela (latinez: Haec ego mitto; his redimo meque meosque fabis). Etxeko jabeak, orduan, brontzezko potoak kolpatzen zituen eta "gurasoen eta arbasoen mamuak, joan zaitezte!" esaten zuen bederatzi aldiz.

Maiatza izpirituen kanporatzearekin lotzen zenez, zorte txarrekoa zen ezkontzak hilabete honetan egitea. Horregatik Antzinako Erromako esaera zaharrak zioen "neska gaiztoak maiatzean ezkontzen dira" (latinez: Mense Maio malae nubunt)

Ondarea aldatu

Historialari kultural batzuen arabera, jaialdi hau Bonifazio IV.ak kristautu zuen 609ean edo 610ean, Agriparen Panteoia Ama Birginari eta martiri guztiei kontsakratu zuenean. Erroman, egun horretatik aurrera, Santu Guztien Eguna ospatzen hasi zen maiatzaren 13an[3][4], gerora azaroaren 1era [urriaren 27an, garaiko egutegian] Gregorio III.ak mugitu zuen jaia[5].

Erreferentziak aldatu

  1. Thaniel, George. (1973). «Lemures and Larvae» The American Journal of Philology 94 (2): 182.  doi:10.2307/294451. ISSN 0002-9475. (Noiz kontsultatua: 2020-11-01).
  2. Ovidio, Fasti, V.421ff
  3. Taylor, Richard P.. Death and the afterlife : a cultural encyclopedia. ISBN 0-87436-939-8. PMC 44818580. (Noiz kontsultatua: 2020-11-01).
  4. Roy, Christian, 1963-. (2005). Traditional festivals : a multicultural encyclopedia. ABC-CLIO ISBN 1-85109-689-2. PMC 61363608. (Noiz kontsultatua: 2020-11-01).
  5. All Saints, Festival of. (Noiz kontsultatua: 2020-11-01).

Kanpo estekak aldatu