Lekobide edo Lekabide edo Lekobidi (gaztelaniazko grafian Lecobide) euskal mito moderno bat da, Leloren kantu edo Kantabriarren kantu deitutakoaren pasarte baten interpretazio oker batetik sortutakoa XIX. mendean. Mito oker honen arabera, bizkaitarren eta, ondorio bidez, euskaldunen aurrendaria izan zen Lekobide izeneko buruzagi bat, ustez Octavio Augusto lehen erromatar enperadorearen aurkako borroka irabazi zuena.

Leloren kantua Ibarguen-Cachopin kronikan

Mitoaren sorrera aldatu

Leloren kantua Ibarguen-Cachopin kronikaren (1558-1610) 71. koadernoan bildutako kantu apokrifoa da: faltsifikazio bat da, Erromatarren garaiko kantabriar edo euskaldunen eta erromatarren arteko guduen berri ematen duen kantu epikoa, ustezko euskara arkaiko baten gordea. Zantzu guztien arabera, XVI. mendeko sorkuntza da[1].

Kantu horren pasarte batean hau irakurtzen da[2]:

«

Octabiano
Munduco jau na
lecobjdi
Vizcaycoa

»


XIX. mendeko hizkuntzalari batzuek —dirudienez, horietako batzuk euskaraz gutxi edo batere ez zekitenak—[3], uste izan zuten lecobjidi hitz ezezagun hori izen propio bat zela, hau da, «Oktabiano munduko jauna, eta Lekobidi Bizkaikoa».

Hedakuntza aldatu

 
Emiliano Arriagaren Lekobide lana, 1913koa.

Euskaraz gutxi edo batere ez zekiten glosagileen ustea sinetsita, Juan Antonio Mogelen eta, batez ere, Wilhem von Humboldten lanen eraginez hedatu zen Lekobideren mitoa, hau da, euskaldunen aurrendariaren mitoa[4].

Geroztik, euskal kulturaren iruditerian aski indarra izan du Lekobideren mitoak. Batez ere XIX. mendeko kutsu erromantiko berantiarreko literatura foruzalean. Besteak beste, Lekobide izeneko euskal buruzagia pertsonaia nagusia da Juan Benanzio Arakistainen Tradiciones Vasco-Cántabras (1866) liburuko "Los Cantabros" (kantabriarrak) kontakizunean eta Vicente Aranaren Los últimos íberos. Leyendas de Euskaria (1882) obraren "Lekobide" izenekoan. Jose Manuel Lujanbio "Txirrita" bertsolariaren «Orain bi milla urte» (  Orain bi milla urte) bertso sortan esaten da: «Lekobide ta Otsobal ziren / Kantabriyako buruak» zein   Gure fueroak bertsoan (1913):

«

 Lekobide zan euskalduntarra
 gerrero izugarriya,
 Erromari ta beste askori
 artu ziyoten neurriya,
 ta Otzobalek egiten ziyon
 aldamenetik guardiya;
 irugarrena Lartaun gaztia
 seme orde ekarriya;
 gaur Kantabriyan badago alako
 kuadrilla baten premiya.

»


Emiliano Arriagak ere opera libreto bati izen hori jarri zion 1913an.

Hitzaren azalpena aldatu

Koldo Mitxelenak eta beste zenbait hizkuntzalarik egindako lanetan aski frogatu eta dokumentatu da lecobjdi honen esangura ulertu behar dela lekatu aditzetik abiatuta, hori da, «kanpo utzi, salbuetsi». Bernat Etxeparek eta ekialdeko beste idazle askok lekot bedi edo lekat bedi forma darabilte, esandako «kanpo utzi, salbuetsi» zentzu horrekin.[5]

«

Hamar manamenduiak
Ador'ezak Jangoiko bat onets oroz gainetik;
haren izena ez jura kausa gabe banoki;
igandiak eta bestak sanktifika debotki;
aita eta ama ohora izak bizi, izan luzeki;
ehor ero ez dazala ezetare gaitzetsi;
nork beria baiezila emazterik ez hunki;
bertzerena ez dazala ebatsi ez eduki;
fama gaitzik ez temala lagunari falsuki;
bertzen emazte alabak ez desira gaixtoki
ez etare unasuna, lekot bedi justoki.
Manamenduiak hoiek dira, Jangoikoak emanik;
hok begira dizagula, salba giten hegatik.

»

  Linguae vasconum primitiae


Hapax? aldatu

Leloren kantu apokrifoan azaltzen den forma zehatz hori hapax bat zela uler zitekeen, 2020an aurkitutako Ene laztan gozo ederra... agertu zen arte. Izan ere, poema horren pasarte batean agertzen da forma bera[6]:

«

ezcutaria, usatu eztet
armaz guiza erayten
lecobidi guiçon gaztea
amore minez penaçen

»


Erreferentziak aldatu

  1. Julio Urkixok bere artikuluetan emandako datuen arabera guztiz frogatzen da kantu hori apokrifoa dela.
  2. Koldo Mitxelenak ematen duen transkripzioa.
  3. Koldo Mitxelenak dio, Leloren kantua-ren glosak idatzi zituztenei buruz: «La consecuencia más natural parece ser que el glosador o glosadores era gente cuyo desconocimiento del euskara podía alcanzar proporciones muy elevadas, en algunos casos totales» (299. or.).
  4. Koldo Mitxelenak harrituta esaten du, bere artikuluaren amaierako post scriptum oharrean, Humboldt izan zela Lekobideren mitoa sortu edo, gutxienez, argitara atera zuena (313.or.).
  5. «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).
  6. Ikus zehazki Ene laztan gozo ederra... artikuluaren 4. oharra.

Bibliografia aldatu

  • Julio de Urquijo (1922-1924) «La Crónica Ibargüen-Cachopin y el Canto de Lelo» in Revista Internacional de Estudios Vascos, (1922) 83-98, 232-247, 458-482; (1924) 163-182, 523-548 or.
  • Luis Michelena (1985) «Contra Lekobide» in Anuario del Seminario Julio de Urquijo, 20-1,1986, 291-313 or.

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu