Bernart Etxepare

Nafarroako euskal idazlea eta apaiza

Bernart Etxepare[1] (Sarasketa, Nafarroa Beherea, 1480 inguru[2] – heriotza leku ezezaguna, 1560 inguru[2]) euskarazko lehen liburu inprimatuaren idazlea izan zen. Apaiza zenez, mosen trataera ematen zaio askotan.

Bernart Etxepare
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Bernart Etxepareren bizitza eta obra azaltzen dituen bideoa.
Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaDuzunaritze-Sarasketac. 1480
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
Heriotzac. 1545 (64/65 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
gaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea, apaiz katolikoa eta ministroa
Genero artistikoaolerkigintza
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

Literaturaren Zubitegia: 615 Musicbrainz: 30dd94c0-172c-4913-967b-7e8cc18eaf8a Edit the value on Wikidata

Bizitza aldatu

Gutxi dakigu Bernart Etxepareren bizitzaren inguruan. Nafarroa Behereko Garaziko eskualdekoa zen. Sarasketan jaio zela uste da, XV. mendearen azken aldean (1480 inguruan), Nafarroako erresuma oraindik independentea zenean, eta bizitza gehiena ere Garazi aldean eman zuen, Eiheralarreko erretore eta Donibane Garaziko bikario izan baitzen[3].

Nafarroako Erresuman 1512tik aurrera izan ziren gerrak eta istiluak gertutik bizitzea egokitu zitzaion. Agiriak badira frogatzen dutenak 1516an, Henrike II.a Nafarroakoak, Fernando II.a Aragoikoa erregearen aurka, Donibane setiatu zuenean Etxepare han zela. Poema batean azaltzen duenez, preso egon zen Biarnon Nafarroako erregearen aginduz, segur aski Gaztelako erregearen alde egin zuelako akusazio pean. Atxilotzearen arrazoiak ez daude oso garbi: batzuen iritziz, garai hartako gatazkan Gaztelako erregearen alde jokatu izana leporatuko zioten. Beste batzuek, ordea, arrazoi politikoak bainoago, moralak izango zirela uste dute[oh 1]. Egileak berak bere buruari hika eginez eskaintzen dion XIII. poeman, MOSEN BERNART ETXEPAREREN KANTUIA poeman, irakur daiteke kontuari buruz dagoen testu bakarra.

Hala ere, Etxeparek ozen aldarrikatu zuen bere errugabetasuna. Horren ondoren, poema liburua idatzi eta argitaratu egin zioten. Sasoi hartarako ez zen gutxi, euskarazko lehenbizikoa zela kontuan izanik. Bordelen plazaratu zen 1545ean liburua, Linguae vasconum primitiae izenburuarekin[5]. Izenburuan bertan, hitzaurrean eta amaierako poemetan agerian uzten du Etxeparek lehen euskal idazlea dela. Euskarari "kanpora, plazara dantzara" irteteko agintzen dio, eta euskaldunek ere bide berriak urra ditzaten nahi du, moldiztegiaren bitartez, euren burua erakutsiz.

Linguae vasconum primitiae aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Linguae vasconum primitiae»
 
Linguae vasconum primitiae liburuaren azala.

Hamabost poemaz osatutako bilduma bat da, 52 orrialde guztira, eskaintza moduko hitzaurre labur batekin.[6] Latinezko izenburu horrek «euskararen hastapenak» esan nahi du. Lehenengo poema luzean gai erlijiozkoa darabil, hurrengo hamaiketan amodiozkoa,[7] sarri gordintasun betean azaldua. Hamahirugarren poema autobiografikoa da (kartzelako egonaldia), eta azken bietan euskararen goraipamena egiten du, lehen aldiz inprimategira eramaten zelako bozkarioz betea. Euskara Garazikoa da ia oso-osorik, eta neurkerari dagokionez, gehienetan, 15 silabako bertso-lerro luzeak ontzen ditu bi ataletan banatuak. Bertso-moldea eta gaien erabilera herrikoia da erabat, eta antz handia du herri-lirikarekin.

Aurelia Arkotxak egindako analisi paratestual eta materialaren arabera, liburuaren estalia XVI. mendekoa zen, eta bi azaletan agertzen zen armarria Luis I.a Borboi-Condéko gerlari kalbinistarena zen, Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginaren koinatua zena.[8]

Zenbaitek Hitako artziprestearen eta Etxepareren arteko kidetasuna azpimarratu du. Hain zuzen ere, Eduardo Gil Beraren arabera, Yon Etxaide izan zen bi idazleak lotzen lehenbizikoa bere Amasei seme Euskalerri'ko liburuan (1955), ondoren Koldo Mitxelenak jarraitu ziolarik, azkenerako literatura historiografian ohiko iritzi bilakatu arte.[9] Villasanteren arabera, «Quien lee a Dechepare y conoce por otra parte a otra gran figura de la literatura castellana medieval, al famoso arcipreste de Hita y su Libro del Buen Amor, no se puede resistir a la idea del gran parecido o analogía que existe entre ambos. El arcipreste de Hita canta en su libro los dos amores, el amor bueno o de Dios, pero canta y describe también, y en forma bien libre por cierto, el amor malo o mundano. Lo mismo viene a hacer Dechepare».[10] Baina, eraginei dagokienez, ezin dira ahaztu beste zenbait poeta ere, François Villon, Clément Marot eta Proventzako trobadoreak, esaterako.

Etxepareren lana Patxi Altunak honela laburbildu zuen:

« Tradizio luze baten ondorengoa da, noski, gure poeta, ez bat-batean sortu eta erpina jo duen bertsogintza dotore eta bikainaren fruitua. Lehenagokorik ez dugu ezagutzen, baina izan zuen nahitaez. Horrelako poetarik eta batez ere horrelako bertsogintzarik ez da sortzen, ezin daiteke sor, goizetik gauera. Hori egia. Baina aldi berean Etxepareren ondorengoen artean gure poetak bezalako bertso eder, zailu eta apainik —formaz ari bainaiz—, 4/4//4/3 eskemari harenak bezain hertsiki loturik, aho hizkeraren hitz andanei hark adina begiramen izan dienik, hitz batez esateko, egunoroko euskarari hark bezain bortxa gutxi eragin dionik, nekez aurki daiteke; gauzak diren bezala esateko, nekez aurkitu bakarrik ez; ez da erabat, nik ez dut bederen ezagutzen, gerokoen artean puntu horretan haren kidekorik. Ziburuko Etxeberriri, bakarra aipatzeko, alde izugarria kentzen dio. Eta hau ere tradizio hari baten, luzeagoaren, seme zen, noski. Badu Etxeparek, beraz, lehendik hartuari bere aldetik erantsi dion balio, gaitasun eta dohain franko ere; badu, agian, berari bakarrari, bere etorriari, goi argi edo goi arnasari, dagokion alderdirik ere. Tradizioari asko zor dio haren bertsogintzak, baina hark euskal bertsogintzari ekarria ere ez da inola urri izan »

[11]


Heuscara ialgui adi campora aldatu

 
Bernart Etxepareren omenezko oroitarriaren inaugurazio ekitaldia, haren sorterriko udalerrian (2023ko iraila)
 
Bernart Etxepareren omenezko plaka, Eiheralarren (digitalki ukitua)

Linguae vasconun primitiae lanaren amaierako kontrapasaren hasierak honela dio:

Heuscara ialgui adi campora
Garacico herria
Benedica dadila
Heuscarari eman dio
Behar duyen thornuya.
Heuscara
Ialgui adi plaçara
Berce gendec vste çuten
Ecin scriba çayteyen
Oray dute phorogatu
Enganatu cirela.

Heuscara
Ialgui adi mundura

Xabier Letek 1960ko hamarkadan musikan ezarri zion, nahiz eta disko eran geroago ikusi zuen argia (Xabier Lete diskoan, Elkar, 1974). Harrezkero, Kontrapas euskal literaturaran eta kantuan klasiko handi bilakatu da[12].

Hizkera eta euskara aldatu

Etxepareren hizkerak hizkuntzalari eta aditu askoren interesa piztu du. Etxeparek, Leizarragak ez bezala, ez zuen euskara batu batekiko kezkarik. Beraz, bere obra idazteko, zekien euskara bakarra aukeratu zuen: ekialdeko behe-nafarrera[13]. Etxeparek berezko ezaugarri batzuk zituen[14]:

  • Bokalarteko r eta h mutu egiten ditu batzuetan.
  • Hasierako h mutu egiten du batzuetan.
  • Ez du -a mugatzailea ipintzen.

Oro har, Etxepareren ortografia nahiko irregularra da, eta hori ahozko hizkuntzan oinarritu den seinale da; izan ere, haren liburua euskaraz argitaratutako lehena izan zenez, ez zuen euskara idatziaren eredurik.

Oharrak aldatu

  1. Jose Luis Orella Martínez historialariak LVP liburuko Patxi Altunak paratutako edizio kritikoan[4] aipatzen du Julien Vinsonek uste zuela arrazoi moralak zirela atxiloketaren kausa. Jose Luis de Orella, ordea, hipotesi politikoaren alde agertzen da LVPko edizio kritiko horren hitzaurrean.

Erreferentziak aldatu

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. a b «Etxepare, Bernat», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  3. «Euskal Idazleen Elkartea» www.idazleak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  4. Dechepare, Bernart. (1980). Linguae vasconum primitiae. (Edizio kritikoa / Patxi Altunak paratua. argitaraldia) Real Academia de la Lengua Vasca - Euskaltzaindia ISBN 84-271-1200-9. PMC 12161356. (Noiz kontsultatua: 2022-07-07).
  5. «Linguae Vasconum Primitiae - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  6. (Frantsesez) Dechepare, Bernard (1480?-15 ) Auteur du texte. (1545). Linguae Vasconum primitiae / per dominum Bernardum Dechepare, rectorem Sancti Michaelis veteris. (Noiz kontsultatua: 2019-09-30).
  7. Lafon, René. (1957). «Sur la versification de Dechepare» BRSVAP (13): 387-393..
  8. Arkotxa, Aurelia. (PDF) "Linguae Vasconum Primitiae”-ren peritestualitateaz etaeuskararen gramatizazioaren primiziaz.. (Noiz kontsultatua: 2011).
  9. Gil Bera, Eduardo. (1992). «Melior fortuna» Mazantini (2).
  10. Villasante, Luis. (1979). Historia de la Literatura Vasca. Arantzazu.
  11. Altuna, Patxi. Linguae Vasconum Primitiae de Bernard Etxepare. Edizio Kritikoa. Euskaltzaindia.
  12. «Kontrapas – Bernart Etxepare - 1545» www.bilketa.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  13. «Euskalkiak edo hizkelkiak hizkuntza baten aldaera edo barietateak dira - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  14. «Etxepare - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).

Bibliografia aldatu

  • Urkizu, Patri: Bernat Etxepare: albiste gehiago bere bizitzaz eta Linguae Vasconum Primitiae (154) liburuaren berrirakurketa. - Egan, 2015-3/4, 17-44

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu