Katuzil taldeko mutilen haur-jolasa da. Juan Garmendia Larrañaga etnografoak Burgin, Nafarroa Beherean, jaso zuen jokoaren inguruko informazioa.[1]

Arauak aldatu

Jolas honetan mutilak bakarrik aritzen ziren eta katuzil izeneko hogei bat zentimetroko zurezko pieza punta bikoa erabiltzen zuten. Metro-erdi inguruko beste makila bat ere behar izaten zen.

Jokoari hasiera emateko lurrean marra egiten zen, makilaren luzera berekoa, hau da, metro-erdikoa. Mutil bat arrastoaren ondoan jartzen zen esku batean makila eta bestean “katuzil”a zuela, eta aurrenekoarekin txikia joz, ahalik eta urrunen bidali behar zuen. Ondoren makila marra gainean utzi, eta aurkakoak “katuzil”a jaso behar zuen lurretik eta makila jotzera bota behar zuen. Asmatuz gero, postuak trukatzen zituzten. Aurkakoak “katuzil”a lurrera erori baino lehen jasotzen bazuen, bi aukera izaten zituen makila jotzeko. “Katuzil”ak ez bazuen makila jotzen, aurreneko mutilak makila lurretik hartu eta hiru bider jotzen zuen muturrean ”katuzil” hori, urrunera bidaltzen ahaleginduz; baina ez zuen kolpe huts egin behar, bestela pieza ez urruneratzeaz gain, bestelako ordaindu beharren bat izaten baitzuen. Bigarren mutilak aukera izaten zuen “katuzil”a oin gainean jarri eta makila aldera botatzeko, aurrenekoak huts egin zuen adina aldiz. Hartara hurbildu egiten zuen eta errazago gertatzen zitzaion ondoren eskuaz botatakoan makila jotzea. Baina azkeneko jaurtiketa horiek egin aurretik makila eta hiru bider jotako “katuzil”aren arteko distantzia begiz kalkulatzen zuten. Makila astintzen zuenak esan egin behar izaten zuen distantzia horretan makila hori zenbat aldiz sartzen zen. Aurkakoak uste zuen egindako kalkulua okerra zela eta egiaztatzeko eskatzen zuen. Aurrez esandako zenbakia gehiegizkoa bazen, ordu arte makilaren erabiltzailea izana gertatzen zen galtzaile. Ontzat emandako makila-kopurua ehun tantotara zenbatzen zen eskuarki.[2]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu