Jentil

euskal mitologiako izakia

Jentilak euskal mitologiako izakiak dira, kristautasunaren aurreko euskal herritar paganoak sinbolizatzen dituena. Erraldoiak eta indartsuak dira, eta etsaiei harri handiak botatzeko ohitura dute. Haiek eraiki dituzte zutarriak (jentilarriak) eta harrespilak (jentil baratzeak). Zuberoan, jentila adierazteko, Maider izena erabili izan da (< Mari-eder).[1]

Jentil
Euskal Herriko mitologia
Ezaugarriak

Elezaharrak aldatu

Elezahar batek jentilen amaiera kontatzen du, zeruan argi arraro bat ikusi zutenean gertatu zena. Ez zekitenez zer izan zitekeen, jentil zaharrenarengana joan ziren. Agureak argi ikusi zuenean "Kixmi (Jesus) jaio da, euskal arrazaren amaiera da" esan zuen eta ondoren bere burua amildegitik behera bota zuen. Gainontzeko jentilak lur azpian gorde ziren, sarrera jentilarriak itxi zuelarik.

Beste kondaira baten arabera, jentiletako bat, Olentzero izenekoa, kristautasunera bihurtu zen. Harez geroztik, Kixmiren etorrera jakinarazten du neguko solstizioan.

Nor diren jentilak aldatu

Pertsonaia mitologiko hauek Euskal Herri osoan dira ezagun. Batez ere Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Araban eta Lapurdin agertzen zaizkigu pertsonaia hauei buruzko aipamenak. Jentil izena, latinezkogentilis, -e” hitzetik dator, pertsona ez kristauak izendatzeko erabiltzen omen zuten hitz hau. Horregatik, jentilak kristautasunaren aurretik lurralde horietan bizi ziren pertsonaia fedegabeak omen ziren. Kristautasunaren etorrerarekin batera, jentilen bizimodua zeharo aldatu omen zen eta mendira joan behar izan zuten bizitzera, bakardadean, borda urrunetan, kobazuloetara, harpeetara, beste herritar kristau guztiengandik aldenduta. Baina, nahiz eta aldenduta bizi, beheko herrietako kristauekin bakean bizi omen ziren.

Jentilen mitoen sorrera erromatar garaian kokatzen bada ere, zantzuak daude hauen sorrera lehenagokoa ere izan zitekeela pentsatzeko. Izan ere, elezaharrak dioenez, laino distiratsu moduan zetorren jainko zerutiarra iristean, jentil guztiak Jentilarri edo jentil baratze baten azpian lurperatu, ezkutatu, egin ziren; jentilen askazia horrela desagertu omen zen. Elezahar honek, erromatarrak etorri aurretik, euskal kulturak jasan zuen eragin garrantzitsu bat iradoki digu: Euskal Herrian antzinatik zegoen sinesmen lurtarraren aurrean, herri indoeuroparrak (zeltak-eta) jainko zerutiarrak ekarri zituzteneko hura, pertsonaia mitologiko lurtarragoak ordezkatuz.

Elezaharrak dioen bezala, jainko berria zerutik dator, laino edo tximista itxuran. Jentilak, jainko berrien erasoaren aurrean lur barnera doaz, Ama Lurraren babesera. Kondairetan gizaseme erraldoi, indartsu eta leku batzuetan, begibakar bezala deskribatu izan ohi dira. Harkaitz puska ikaragarriak botatzen omen zituzten urruti. Hori dela eta leku askotan harritzarrei jentilarri deritze. Euskal Herrian topa ditzakegun harrespil eta trikuharrien eraikuntza ere izaki mitologiko hauei egozten zaizkie, oro har, eta monumentu megalitikoen sortzaile bezala agertzen zaizkigu. Lehen meatzariak, lehen gari landatzaileak, lehen errementariak, lehen errotariak ere izan ahozko tradizioan dira, besteak beste. Lehenengo elizen eraikuntzan ere lagundu omen zuten haien indar itzelarekin. Hala izan omen zen, Ondarroan eta Markinan; Zumarraga eta Oñatin, Opakuan, Urdiainen...

Joxemiel Barandiaran eta kondairak aldatu

Jose Migel Barandiaran Ataunen jaio zen. Apaiz, idazle, antropologo... izan zen besteak beste. Jentilen etorreraren atalari dagokionez, bera izan da ipuin mitologiko asko batzeaz arduratu zen pertsona nagusia. Nahiz eta ikaragarrizko aurkikuntzak egin zituen euskal kulturari dagokionez, bere lana erabat eten zen Gerra Zibilaren ondorioz. Izan ere, Iparraldera erbesteratu behar izan zuen, Sara herrira hain zuzen. Hortik datorkio gaur egun bere etxea zenaren izena, herri arteko ñabardurak mantentzen dituelarik etxeak (pareta txuri eta leiho gorriak).

Barandiaran izan bazen ere Ataungo pertsonaia nagusiena kondairak sortzerako garaian, ezin uka dezakegu Jentilen Etorreran beste ataundar batzuen eragina ikaragarrizkoa izan dela. Horien artean aipa ditzakegu Joxe Lasa Apalategi, Joxe Arratibel eta Arin Dorronsoro. Azken honen ipuinean oinarritu da 2019 urteko emanaldia, non bi jentil triburen arteko lehia izan den ardatz nagusi. Alde batetik, Aralarren bizi zirenak, Ataungo jentil bezala ezagutzen direnak. Eta bestetik, Lizarraustikoak, non kondairak dioen moduan, liskar honen ondorioz Urbasa aldera mugitzera behartuta ikusi zuen bere burua.

Beste pertsonaia mitologikoekin lotura aldatu

Jentilek badute antzekotasunik galiziar eta asturiar mitologiako Mouro deituriko izakiarekin. Antzinako izaki hauek ere fedegabeak omen dira, oso indartsuak, eta antzinako harrizko eraikuntzen egile. Gainera, Asturiasko Mouroak, ezaguna ez den arrazoi bategatik lur azpian bizitzera derrigortuak izan zirela eta meatzari bihurtu zirela kontatzen du kondairak.

Ezaugarri honek, jentilen akaberan laino distiratsua zela medio gertatu zenekoa ekartzen digu gogora.

Aragoin ere badira Omes granizos deituriko elezaharretako izakiak[2] Hauek ere Jentilen ezaugarri antzeko batzuk dituztenak. Besteak beste, erraldoiak dira, bertako mendi eta haitzekin dute harremana. Pirinioetan antzina bizi izan ziren gizakiak omen ziren. Uste da, herrialde desberdin hauetako pertsonaiak, elkar lotura bat izan dezaketela eta kultura zeltaren arrasto bat izan daitekeela.

Ahozko tradizio batzuetan Olentzero izan zen azken jentila, eta jentil bat izan zen Martin Txikiren aurkaria. Tartalo begibakarra ere jentil leinukoa omen zen.

Jentilen akabera aldatu

 
Jentilen akabaera Kristoren bilakaeraren ondorioa izan zen

Noizbait kristautasuna Euskal Herrira ailegatu eta hedatzen hasi orduko aitzinako euskal erlijioa mitologia bihurtzen hasi zen. Honen lekuko dira sorginen eta jentilen akaberaren buruzko elezahar ezagunak. Kristau kutsu gehien aurkezten duena Barandiaranek gustura jaso zuen bere liburuetan:

« Aralarren dagoen Argaintxabaletako muinoan jentilek denbora-pasan zebiltzala ekialdetik argidun odei bat zetorrela ikusi zuten. Gertakari hura beldurtuta jakidun agure bateri deitu eta muino harta eraman zuten odei misteriotsu hura ikusi eta zer esanahi zeukan esan zezan. "Kixmi jaio da eta gure arrazaren bukaera iritsi da, bota nazazue alboko amildegitik behera" erantzun zien agureak. Kixmi, tximu esan nahi zuen beraien euskalkiaren arabera eta Jesukristoren izenordetzat erabiltzen zuten. Orduan jentilek hodeia beraien atzetik zihoala mendebalderuntz ihesi eta Arraztaraneko haranera heldu eta hango arri baten azpian lurperatu ziren, honegatikJentilarri deitzen dena,[3] »

Kondaira honek gehigarri bat du azken jentilaren agerraldiak baieztatzeko:

« ...bitartean beraietako batek korrika gertu zeuden herrietara hurbildu zen Aralarren gertatzen ari zena eta Jesukristoren jaiotzaz berri ematera. Pertsona hura izan zen kristautasunaren lehenengo Olentzeroa. [4] »

Herri jakintzak baselizen eraikuntza, burdinaren erabilpenaren zabalkuntza, elizen kanpai-dorreen hotsak,eta Eibarko eskopetek Euskal mitologiako izakiek desagerrarazi zituztela sinesten badu ere sinismen hauekiko benetako sarraskia XIX. mendetik aurrera gertatu zen. XIX. mendeko aurrerapen teknologiko eta sozialak dena aldatu zuten, Juan Aranzadik idatzia utzi zuen bezala:

« Caro Barojak dio baserritarren artean hedatutako idei bat dagoela, munduaren bukaera bidegurutze eta errepide kontaezinak eta etxe bakoitzean taberna bat dagoenean gertatuko dela, (XIX. mendeko) gutxituetako jauntxoentzat Euskadin gertatzen ziren aurrerakuntzak apokalipsiaren kutsua izan behar zuten'"[5] »

Ondorengo bi Mundu Gerrak eta tarteko Espainiako gerra zibila Euskaldunen gizarte eta bizimoduak eraldatu zituen Pirinioetako bi aldeetan, Europar gainontzeko herrialdeetan antzera. Barandiaranek, "Mitologia Vasca" liburuan 1959.ko abenduaren 12an idatzitako "Irakurlearentzat" izeneko atalean zati hau irakurri daiteke; Euskal Herriko gizartean gertatzen ari zenaren lekuko:[6]

«

...Eraldaketa, beraz, azkarra eta sakona da. Bizimodu berriak, idei berriak eta eredu berriak tradizioa ordezkatzen hari dira. Teknika eta makinismoaren nagusitasunean oinarritzen den zibilizazio bat, berezko ezaugarri, arazo eta konponbideekin, zabaltzen hari da hemen, munduko beste herri batzuetan bezala...

»

XXI. mendean Barandiaranek ohartarazten zigun zibilizazio horrek gure artean da eta dena aldatu du. Behinola mitologia hori sortu zuen gizartea jada desagertu da, beraz.

Ataun eta Jentilen etorrera aldatu

Ataunen euskal mitologiaren inguruan egiten den antzerkia da. Nagusiki Jose Migel Barandiaranek sortutako ipuinetan oinarritzen da, eta 1981. urteaz geroztik egiten da bi urtez behin. Gaur egun San Martingo festak baina aste bat lehenago egiten bada ere, hau da, azaro hasierako asteburuan, garai batean oso bestelako data batean kokatzen zen, hain zuzen ekainaren 15ean. Era honetan, Lazkao eta Ataun herriak bat izatetik bi herri independente izatera pasatu ziren eguna antzeztu nahi izaten zen.

Gaiak aldatu

Erlijio kristaua eta honen eragina aldatu

Joxemiel Barandiaranek sortutako ipuin asko kristautasunean dute oinarri. Izan ere, bokazioz apaiza zen, eta Ataungo herritarrak (kristauak) jentilen aurka izaten zituzten gudak plazaratu zituen. Aipatu azken hauek paganoak kontsideratzen zirela. Horren adibide da Sanmartintxiki garia lapurtu izana jentilei, herritar kristauei emateko asmoarekin.

Mitologia aldatu
 
Arrasateko Lamina

Alderdi honek garrantzi handia du; izan ere, euskal tradizioak, abestiak eta janzkerak oso ikusgarriak baitira. Era honetan etxeko txikienek fantasi euskalduna nolakoa den ikusteko aukera izaten dute (Torto, Azti, Basajaun...). Bestalde, presentzia femeninoak garrantzia izango du ikuskizunean, nagusiki lamien errepresentazioaren bidez.

Jentilen etorreraren helburua aldatu

Antzezlan honen bitartez helburu desberdin ugari betetzen dira, baina nagusiena hauxe da: ohiturak eta usadioak belaunaldiz belaunaldi pasatzea, etxeko txikienek honen berri izateko asmoarekin. Jentilen Etorreraren errealitatea zein den ikusita, hasieran ezarritako xedeak betetzen direla aipatu behar da. Izan ere, 2019ko emanaldian 1.400 ikusle egon baitziren bi antzezlanen artean.

Bestalde, ezin uka daiteke euskal gizartea langiletzat hartu izan ohi dela dela, eta ideia hau aintzat hartuta, 2005. urtean galtzear dauden lanbideak ikusteko aukera egon zen. Era honetan, eta esaterako txerri hiltzea, errementari lana eta ferratzea, odolki egitea, laian, artilea eta galtzerdiak nola egiten ziren garai batean erakusteko asmoa zen. Aitzitik, gaur egun egiten ez den antzezlan bat izaten da, izan ere, gaur egun Jentil Baratza elkarteak bi emanaldi gehiago prestatzen dituelako urtean. Alde batetik, Ibialdi Mitokologikoa. Eta bestetik, abenduaren 23an Lizaurrastiko parketxean txondorrarekin erlazionatutako antzerkiak (jentilak, Olentzerori ongietorria...)

Pertsonaiak[7] aldatu

Jentilak aldatu

Euskal mitologia eta euskal elezaharretako pertsonaiak. Kristautasunaren aurretik Euskal Herria deitzen dugun lurralde honetan bizi omen zirenak. Gehienetan, kontu zaharretan, izaki indartsu agertzen dira jentilak: erraldoiak eta altuera eta zabalera izugarrizko gizakiak.

Lan ikusgarriak burutu ohi zituzten nekerik gabe. Antzinako kristauek, “jentil” deitzen omen zieten pagano zirenei. Kristauak baino kristau hobeak zirela esan ohi da, hain baitziren lagun-berak eta errukiorrak.

Sorginak aldatu

Euskal Mitologian leku seinalatua dute sorginek. Gehienetan, eginkizun eta botere harrigarriak dituzten jeinuak dira, gehienetan emakumezkoak.

Batez ere gauetan egin ohi diren akelarre-bilkuretan hartzen dute parte, Etsaia Aker itxuran akelarrean gidari eta buru dutela.

Sorgin jeinua, sarritan, Mariren esanetara ari da. Katu, asto, putre edo bestelako piztia itxura hartzen dute sarritan, eta gorputzaren atal bat falta zaie behin baino gehiagotan (eskua, hanka edo burua). Infernuko indarren laguntzaz, naturaz gaindiko gauzak egin ditzakete. Badira gizonezko sorginak edo intxisuak ere. Akelarreetan gizonezko sorginek txistua eta danbolina jotzen dute emakumezko sorginek dantza egiten duten bitartean.

Laminak aldatu

Euskal mitologian oso pertsonaia ezagunak dira. Ez dira gaiztoak izaten baina kontuz ibili behar da besteekin. Beste izen batzuekin ere ezagutzen dira laminak: laminak, laminakuak, amilami(n)ak, elelami(n)ak… Erreka-zuloetan egoten diren emakume itxurazko izaki lirainak dira, gehienetan ile horiak eta harri handietan eseri ohi dira. Batzuetan ahate, ahuntz edota zerri hankak izaten dituztela diote kondairak eta ilea urrezko orraziz atontzen dute, gizonezkoak liluratuta utziz. Hala ere lamiez maitemintzen zena, ezinezko maitasun batean erortzen zen, haien izaera ez delako gizatiarra.

Tartalo aldatu

Begi bakarreko izaki gaiztoa da Torto edo Tartalo (askotan Ttarttalo ahoskatua). Haitzuloetan bizi da eta gazteak harrapatu eta jan egiten ditu. Basajaun eta Jentilekin batera, euskal mitologiaren basoko erraldoia da. Greziako mitologiako ziklopeetan izan dezake jatorria.

Esan bezala euskal mitologiako ziklopea dugu, izugarria, begi bakar bat du kopeta erdian, gizakiak jateko ohitura duena eta jokaera beldurgarria duena. Bere bizilekua mendietako haitzuloetan kokatzen da.

Bere tamaina handiagatik indar handia erakusten du eta bere denbora-pasa gustukoena menditik mendira harriak botatzea da. Honen ondorioz hainbat lekutan zenbait eraikuntza sortu dira.

Basajaun aldatu

Izenak berak erakusten digu nor den Basajaun: basoko jauna. Basoko leku ezkutuenean du bere bizilekua. Indartsua eta garaia da. Ilea berriz, belaunetaraino iristen zaio. Artaldea zaintzen du eta horrekin batera, oihu edo ziztu eginaz, adierazten dio artzainari ekaitza edo arriskuren bat hurbiltzen ari dela. Artzainak badaki bere artaldea Basajaunen begiradapean baldin badago, otsorik ez dela hurbilduko.

Batzuetan jeinu gaizto bezala ere agertu izan da, bizkorra eta izugarrizko indarra duena. Beste batzuetan berriz lehen errementari edo lehen errotari gisa. Gizakiei, beste sekretu gehiagoren artean, gariaren, artoaren, zerraren edota errotaren ardatzaren sekretuak erakutsi zizkiela diote elezaharrek.

Kontu zahar batzuetan Basajaunen ondoan ageri da Basandere. Gehienetan koba baten sarrera ageri da eta inoiz, bere ilea urrezko orraziz orrazten.

Sanmartxintxiki aldatu

Kondairek diotenez, jentilak ez ziren gizakien artean, gaziaren hazia lortu zuen lehenbiziko nekazaria izan zen eta berak jakin zuen noiz erein behar zen. Gauza bera egin zuen artoa eta arbia landatzeko ere. (San) Martin Txiki izan zen baita ere, Basajauni zerraren eta errotaren sekretuak lapurtu zizkiena.

Antolakuntza aldatu

Antzerkiko pertsonaiez gain, herri oso bat dago ekitaldiaren atzetik. 2019ko emanaldiarentzat, 150 pertsonak hartu zuten parte, bai antzerkian eta prestakuntzetan. Gainera, herriko beste kolektibo batzuk ere hartu zuten parte, hala nola, Ataungo Dantza taldeak (Otsoak taldea) eta Ataungo abesbatzak.

Gidoia aldatu

Gidoia Jon Aizpuruak egiten du. Urterik urte aldatuz joaten da baina denetan aipatzen dira Ataunen jasotako elezahar eta kondairak. Besteak beste, Sanmartintxikik garia lortu zueneko kondaira, Jentilena, Kixmirena...

Gidoiak, kondaira horietan oinarritzen den arren, moldaketak eta nahasketak egiten dituzte antzezlan bihurtzeko. Esate baterako, naiz eta San Martin Txiki eta Alkatea elezaharretan inoiz ez diren elkarrekin agertu, antzezlanean elkarrekin ageri dira. Beraz, esan daiteke, gidoiak, kondairen berrinterpretapena  egiten duela.

Eskaraz idatzia dago bere osotasunean. Antzezleak Ataungo euskalkia erabiltzen dute eta narratzaileak ordea euskara batuan egiten du.

Erabilitako euskara aldatu

Antzezlan honen beste ezaugarri nagusietako bat erabiltzen hizkuntza den hizkuntza da. Izan ere, Ataunen erabiltzen dena oso antzekoa izaten baita, ikusle askok berea izatea sentiarazteraino. Nahiz eta Ataungo euskara soilik pertsonaia nagusiek erabili, narratzaileek euskara batua erabiltzen dute, beren funtzioa istorioaren nondik norakoak kontatzean datza.

DVD eta liburua aldatu

Jon Aizpuruak idatzi du “Jentilen etorrera: herri baten arima” deituriko liburua. Bertan, Jentilen Etorreraren historia eta Ataungo ipuin eta kondaira mitologikoak biltzen dira. Gainera, jentilen jaitsieraren gidoietako batzuk ere sartu dira bertan bertan, pertsonaia mitologikoak,elkarrizketak eta pertsonaia nagusiei egindako argazkiak agertzen dira. Ataun Aztergai bekaren barruan argitaratu da liburua. DVDa oroigarri gisa kaleratu da, “Jentilen etorrera” izenburupean. Euskaraz aurki dezakegu soilik, gehigarri gisan material osagarriak eta argazkiak dauzka.

Irudi hautatuak bildu dira. 1982, 1984, 1986eta 1992tik aurrerakoak. “Urtez urte zein garapen izan duen ikusiko da. Jende asko ere azalduko da. DVD-a beranduagoa aterako da, aurtengo irudiak sartu nahi ditugulako”, diote.

Jentilen bizilekuak aldatu

Jentilen akaberaren lekukoak aldatu

Jentilak aldatu

Bibliografia aldatu

  • La primitiva religión de los vascos, José Dueso, Orain, 1996. ISBN 84-89077-56-8.
  • Jose Miguel Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea: Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilao 1976.
  • Jose Miguel Barandiaran, Dictionnaire Illustré de Mythologie Basque, traduit et annoté par Michel Duvert, Donostia, Argitaletxea: Elkar, 1994. ISBN 2-913156-36-3
  • Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco, Historia General de Euskal Herria. Argitaletxea, Auñamendi, Zarautz 1978.
  • Pequeño diccionario de mitologia vasca y pirenaica. Egilea Olivier de Marliave. Argitaletxea, Alejandria, Bartzelona 1995.
  • Euskal Pentsamendu Magikoa, II. Liburu II. Egilea Juan Garmendia Larrañaga. Argitaletxea Elkar, Donostia 1994
  • "Laminen eta jentilen azkena", in Mitoen bilakatzea. Egilea, Anuntxi Arana. Argitaletxea, Gatuzain, Baiona 2004.

Erreferentziak aldatu

  1. «EODA - Maider - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-05).
  2. Ataungo Jentilen Etorrera. Goierritarra, 9-10-11-12-13 or..
  3. (Gaztelaniaz) Barandiaran, José Migel de. (1985). Mitologia vasca. Txertoa, 141-142 or. ISBN 84-7148-085-3..
  4. (Gaztelaniaz) [|Sada, Javir María]. El tradicional Olentzero. .
  5. (Gaztelaniaz) Aranzadi, Juan. El mito de la edad de oro. https://gredos.usal.es/bitstream/handle/10366/25056/THV~N59~P4-21.pdf or..
  6. (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1985). Mitologia Vasca. Txertoa, 17-18 or. ISBN 84-7148-085-3..
  7. «Jentilen etorrerako pertsonaiak» (Webgunea) Jentilbaratza K.E. (Noiz kontsultatua: 2019-11-13).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu